Adimen edo garapen urritasuna duten pertsonen eta beraien familien eskubideen alde lan egiten duten erakundeek osatutako federazioa gara

Home » Adimen edo garapen urritasuna

Adimen edo garapen urritasuna

FEVAS Plena inclusión Euskadik AAIDD-ren (American Association on Intellectual and Developmental Disabilities) adimen urritasunaren definizioa bere egin du:

“Adimen funtzionamenduan eta jokaera adaptatiboan muga esanguratsuak dituen urritasuna da, eta horiek trebezia adaptatibo kontzeptualetan, sozialetan eta praktikoetan adierazten dira”. Hau da, mugak ezartzen ditu pertsonak bere eguneroko bizitzan funtzionatzeko ikasten dituen eta zenbait egoeratan eta tokitan (testuingurutan) erantzuteko aukera ematen dioten trebezietan.

Adimen urritasuna, muga esanguratsuak dituen pertsona bat bere ingurunearekin elkarrekintzan aritzen denean adierazten da. Beraz, pertsona beraren eta inguruan dituen hesien edo oztopoen araberakoa da. Ingurunea bideratzaileagoa edo ez hain bideratzailea izatearen arabera, urritasuna modu batera edo bestera adieraziko da.

Adimen urritasuna duten pertsonei besteei baino gehiago kostatzen zaie ikastea, ulertzea eta komunikatzea.

Adimen urritasuna iraunkorra da gehienetan, hau da, bizitza osorako, eta eragin garrantzitsua du pertsonaren eta haren familiaren bizitzan.

Adimen urritasuna EZ DA buruko gaixotasuna.

Gaur egun, adimen urritasuna duen pertsona honela ikusten dugu:

  • Pertsona gisa, beste edozein herritar bezala.
  • Pertsona bakoitza bere ingurunean, bere gaitasunekin eta mugekin.
  • Aurrera egiteko aukerekin, beharrezkoak diren laguntzak ematen badizkiogu.

Adimen urritasun mota eta zergati asko daude. Batzuk haurra jaio aurretik sortzen dira, beste batzuk erditzean, eta beste batzuk haurtzaroan jasandako gaixotasun larriaren ondorioz. Baina beti 18 urte bete baino lehenago.

Urritasun larria eta anitza (oso muga garrantzitsuak eta urritasun bat baino gehiagoren presentzia) duten pertsonek une oro behar dute laguntza beraien bizitzako hainbat alderditan: jateko, edateko, garbitzeko, orrazteko, janzteko…

Adimen urritasuna duten pertsona askok, izaera mugatutzat edo ez une orotakotzat ulertzen diren laguntza beharrak dituzte.

Uste denez, adimen urritasunaren prebalentzia tasa 5,03koa da 1.000 biztanleko. Euskadin, adimen urritasuna duten 10.555 pertsona daude erregistratuta.

Zergatik esaten dugu garapen urritasuna?

Garapen urritasuna, adimen urritasuna, autismoaren eremuko arazoak, buru paralisia eta adimen urritasunarekin estu loturik dauden edo adimen urritasuna duten pertsonek behar duten antzeko laguntza eskatzen duten beste ezgaitasun baldintza batzuk barne hartzen dituen esamoldea da.

Garapen garaian sortzen diren urritasunetarako erabiltzen da; gure kulturan, garai hori pertsonaren bizitzako lehenengo 18 urteetara mugatu ohi da. Bizitzako alor garrantzitsuetan, hizkuntzan, mugikortasunean, ikasketan, auto-zainketan eta bizitza independentean, mugak daudela adierazten du.


FacebookTwitter

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies