Skip links

“Hablamos de maltrato” izeneko gure gida Emakumea eta Urritasuna gaiari buruzko Nazioarteko Kongresuan

Otsailaren 28an eta martxoaren 1ean “Cruzando Fronteras” izeneko Emakumea eta Urritasuna gaiari buruzko Kongresua egin zen Avilan. Kongresuak hogei hizlari inguru eta poster formatuko jardunbide onen erakusketa izan zituen. Poster horietako bat Hablamos de maltrato” gure gidari buruzkoa izan zen. FEVASek Irakurketa Errazean egin duen eta adimen edo garapen urritasuna duten pertsonei eta horien laguntzaileei zuzenduta dagoen argitalpenaren xedea gai horretan sakontzea da, arazoa identifikatzen eta prebenitzen laguntzeko.

Plena inclusión Castilla y Leónek, Gaztela-Leongo Juntak eta Erkidego horretako CERMIk antolatu duten nazioarteko ekitaldiak 550 pertsona elkartu zituen, urritasunaren errealitatea generoaren ikuspegitik lantzeko. Arlo horretako zenbait adituk, Ana Peláez CERMI Mujeres Fundazioko Presidenteorde betearazleak, Belén Gutiérrez “Discapacidad intelectual y violencia de género” ikastaroaren zuzendariak, edo Mónica Cortés ugalketa teknikan espezialista den kolonbiarrak, gai horri buruzko euren ikuspegia eman zuten. Horrez gain, urritasuna duten emakumeek beraien lekukotza zuzena eskaini zuten, urritasunak euren bizitzan ezartzen dituen oztopoei buruz. Horien artean azpimarragarria izan zen Senada Halilčević Inclusión Europako Presidenteordearen hitzaldia.

Amaiera ekitaldian, Juan Pérez Plena inclusión Castilla y Leóneko presidenteak, Letizia Erreginaren eta Dolors Montserrat Osasun, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasun ministroaren aurrean, “politikek, urritasuna duten emakumeak eta neskak barne  hartzeko aukera emango duen bide bikoitzeko ikuspegia har dezatela” eskatu zuen. Ana Peláezek, bere aldetik, munduko leku askotan oraindik ere emakumeen eta nesken eskubideak egunero zapaltzen direla azpimarratu zuen, are gehiago adimen urritasuna dutenenak, eta kongresua, “milurteko honetan urritasuna duten emakumeei buruzko gogoeta egiteko aukera dugun lehen aldia” dela esan zuen.

Artículos relacionados





    Ver Política de privacidad

    Skip to content