Skip links

Aniztasuna eta gaurkotasuna Onda Vascan

Fundación Goyeneche de San Sebastián fundazioaren Easoko Garaguneko Josean Amigorena, Mari Carmen Montejo, Xabi Madariaga, Anabel Arribas, Iñaki Begiristain,Txanjel Arrieta eta Sara Gabarrón elkarrizketatu ditugu, gaur egun Itziar Alduntzin kazetariak gidatzen duen Onda Vascako “Gipuzkoako kale nagusia” goizeko saioan egiten duten kolaborazioaren xehetasunak ezagutzeko. Beren ahotsekin, aniztasuna eta gaurkotasuna daramate hedabideetara, eta honako hau erakutsi dute: borondatearekin, ilusioarekin eta babesarekin, inklusioa posible da.

 Zuen elkarteari buruzko sarrera txiki bat egin dezakezue?

Fundación Goyeneche fundazioa Gipuzkoan 15 garagune dituen sare batek osatzen du. Garaguneek adimen urritasuna duten 270 pertsonari laguntzen diete. Fundazioak 60 profesional ditu, 100 boluntario eta 40 praktiketan. Garagune honetan ezintasunen bat duten 21 pertsona eta 4 monitore gaude. Baliabide hau batez ere Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatzen du, eta garapen pertsonala du xede, laguntza-eredu batean oinarrituta, betiere onarpena, eskubideen esparrua eta pertsona ardatz duen plangintza abiapuntu hartuta. Filosofia horrekin hainbat jarduera antolatzen dira, besteak beste, Onda Vasca irratiko saioarena.

Nola hasi zen zuen esperientzia irratian?

2011n, Onda Vasca hasi aurretik, Intxaurrondoko Otxoki Irratiarekin kolaboratzen genuen. Pertsona batzuek, banakako laguntza-planetan, komunitatean egoteko, beren burua ezagutarazteko, kezkak adierazteko eta beren iritzia zabaltzeko nahia adierazten zuten, eta irratiak horretarako aukera ematen zuen. Gainera, komunikazioarekin lotutako zenbait gaitasun banaka eta taldean lantzeko aukera ematen zigun, hala nola hitz egiteko txanda errespetatzea edo entzutea. Auzo-irrati hori oso familiarra zen, eta gutaz, fundazioaz, garaguneez eta gure jarduerez hitz egiten genuen. Batzuetan, beste gai batzuk ere komentatzen genituen; adibidez, hiriko obra batzuk.

Nola hasi zineten Onda Vascan?

Denborarekin, eta Otxoki Irratian izandako zenbait aldaketarekin batera, jarduera hori berrantolatu behar izan genuen, gaiak agortzen ari zirelako eta ezin genuelako dinamika berarekin jarraitu. Egoera horri beste gertakari batzuk gehitu behar zaizkio; adibidez, garagunean eguneroko jarduera bat daukagula gaurkotasunari buruz hitz egiteko, pertsona batzuek informatuta egoteko nahia dutelako. Halaber, konbentzituta geunden zerbait berria ekar genezakeela, albisteen eta gizartearen arteko zubi-lana eginez.

Elementu horiekin, 2014an, Onda Vascari proposamen bat egitera animatu ginen, gure inguruko pertsona garrantzitsuei elkarrizketak egiteko, eta “Gipuzkoako Kale Nagusia” programan hasi ginen. Ordutik aurkezleak aldatu dira; Itziar Alduntzin kazetaria saioa gidatzen duen hirugarren pertsona da gu hasi ginenetik, eta guk ere altak eta bajak izan ditugu, baina espazioa antenan mantentzen da, hilabete bakoitzeko azken astearteetan. 12:15ak aldera sartzen gara zuzenean eta 15-20 minutu izaten ditugu elkarrizketa egiteko.

Nola prestatzen dituzue elkarrizketak?

Lehenik eta behin, egunkariak irakurtzen ditugu informazioa lortzeko. Horrela, interesgarriak izan daitezkeen gaiak aurkitu ahal ditugu. Batzuetan, kalean entzun dugun albiste bati heltzen diogu, edo efemerideren bati, adibidez, Minbiziaren edo Ingurumenaren Munduko Egunari. Behin gaia aukeratzen dugunean, pertsonari edo elkarteari deitzen diogu. Telefonoz jartzen gara harremanetan edo webgunearen bidez idazten diegu, ahal duten edo ez jakiteko. Jendeak ondo jasotzen du gure proposamena, eta atseginez hartzen gaituzte. Gonbidatua nor izango den baieztatu ondoren, dokumentatu egiten gara, bideoak ikusten ditugu, webguneak kontsultatzen ditugu eta informazio osagarria bilatzen dugu. Elkarrizketaren aurretik, pertsona batzuek garagunera bisita egiten digute, elkar ezagutzeko.

Ondoren, gidoi bat prestatzen dugu elkarrizketatuari egingo dizkiogun 6 edo 7 galderekin eta eman ditzakeen erantzunekin. Gidoi hori beti helarazten diogu gonbidatuari, eta erantzunak alda ditzakeela esaten diogu, ideiak besterik ez direla. Askatasuna dute aldaketak egiteko, eta egoki deritzotena iradoki diezagukete. Normalean, gure gidoia egokia iruditzen zaie. Azkenik, entseatu egiten dugu; garrantzitsua da intonazioa, etenaldiak eta abar zaintzea, inprobisaziorik onena prestatzen dena baita. Programak ere berrikusten ditugu, behin emandakoan, nola joan den baloratzeko.

Zer pertsona edo gai interesatzen zaizkizue?

Normalean, sozialak. Alabaina, beste gai batzuk ere lantzen ditugu. Caritaseko, Gipuzkoaren Etorkizunerako Ijito Elkarteko (AGIFUGI), Euskotrenbideak-eko, Elkarte Sahararreko, Alzheimerraren Elkarteko, Diabetesaren Elkarteko eta beste hainbat erakundetako kideak elkarrizketatu ditugu. Errugbi inklusiboaz hitz egin dugu, baita emakumeen kirolaz ere, Bera eskubaloi taldeko kapitainarekin. Eta Pantxineta pailazoa eta Begoña del Teso kazetaria ere elkarrizketatu ditugu. Azken horrek Diario Vascorako elkarrizketatu gintuen, eta guk bera gure programan. Oso elkarrizketa barregarria egin zigun irisgarritasun kognitiboari buruz.

Nola baloratzen duzue esperientzia hau?

Oso esperientzia ona da, horrela gizarteak ezagutzen gaituelako eta balio dugula onar dezakeelako. Aukera bat da gu ezagutzeko, baita beste elkarte batzuen lana ere; izan ere, elkarte asko daude. Oro har, elkarrizketa horretatik beste jarduera batzuk sortzen dira; adibidez, Caritasen eta Odol Emaileen Elkartearen zentroak bisitatu ditugu, eta Alzheimerraren Elkartearekin jardunaldi bat dugu egiteke, familiek gaixotasun horri buruzko informazio gehiago izan dezaten.

Zer da zailena eta zer gehien gustatzen zaizuena?

Kosta egiten zaigu ados jartzea, gai ezberdinak gustatzen zaizkigulako eta bat aukeratu behar dugulako. Gehien gustatzen zaiguna elkarrizketa egitea da, irratira joatea eta saioaren aurretik elkarrizketatuko dugun pertsonarekin kafea hartzea. Kafe horrek gu ikusteko, agurtzeko eta izotzaldia urtzeko balio du. Goyenechen ere kafe-tertuliak antolatzen ditugu, eta erlaxatzeko eta lasai hitz egiteko leku politak direla uste dugu.

Irratira joateko txandaka ibiltzen gara, estudioan ez garelako sartzen. Hiru lagun joaten gara hilabete batean eta beste hiru hurrengoan, beti profesional baten laguntzarekin.

Zer gai landu nahiko zenituzkete edo zein pertsona elkarrizketatuko zenukete?

Xabi Prieto elkarrizketatu nahi dugu, Realeko jokalaria. Futbola utzi zuenean elkarrizketatzen saiatu ginen, baina ezin izan zen. Eneko Goia alkatea edo Jose Ignacio Munilla gotzaina ere elkarrizketatu nahiko genituzke.

Amaitzeko, zer ekarpen egiten dizue esperientzia honek?

Ilusioa. Guretzat oso garrantzitsua da gure burua gizarteari ezagutaraztea, aitortuak izatea eta jendea sentsibilizatzea. Gainera, besteei entzutea gustatzen zaigu, eta kontatzen dituzten gauza interesgarriak jakitea. Informatuta egoteko eta gauza berriak ikasteko modu bat da. Saio honetan badugu hitz egiteko tarte bat, non gure erritmoa errespetatzen den.

Itziar Alduntzin, kazetaria eta Onda Vascako Gipuzkoako Kale Nagusia saioaren zuzendaria:

“Solasaldi hauei beldurrez ekin nien, ez nekielako nola gidatu saioaren erritmoari eutsiz, baina harritu egin ninduten. Galderak oso landuta ekartzen dituzte. Haien elkarrizketak ezberdinak dira, elkarrizketatua lasaiago eta adiago egoten delako, eta gehiago irekitzen delako. Ahaztezina iruditzen zait Begoña del Teso kazetariari egin zioten elkarrizketa, inork inoiz egin ez dizkion galderekin. Kolaborazio hau paregabea da. Lankideak dira, beste guztiak bezala. Inklusioari eta normalizaziori buruz naturaltasunez hitz egin behar da”.

Foto cedida por Fundación Goyeneche

Artículos relacionados





    Ver Política de privacidad

    Skip to content