Skip links

Plena inclusión-en etorkizuna komunitatean eraikitzen da, pertsonak erdigunean jarrita

Horiek dira FEVAS partaide den Plena inclusión elkarte-mugimenduak Valentzian maiatzaren 26an eta 27an egin dituen Estatuko Kongresuaren ondorio nagusietako batzuk. 10 urtean behin egiten den hitzordu handi horretan etorkizuneko proposamen ugari eztabaidatu dira, ondoko esloganari lotuta: #GanamosEnComunidad.

300 pertsona inguru, tartean hamar bat lagunek osatutako euskal ordezkaritza, datozen urteetarako erronka estrategikoak jasotzen zituen txostenaren inguruan aritu dira lanean. Azken bi urteetan hainbat partaidetza-kanalen bidez iritsitako 11.000 ekarpenekin osatu den dokumentua da.

Gai ugari izan dira Estatuko Kongresuaren hausnarketa- eta eztabaida-saioetan: desinstituzionalizazioa, laguntzen pertsonalizazioa, desgaitasuna duten pertsonen lidergokidetza, laneko eta hezkuntzako inklusioa, etxebizitzaren eremuan eta adinekoen edo haurren arretan gizartea eraldatzeko beste kausa batzuekin lankidetzan aritzea. Hala ere, elkarte-mugimendua komunitateari zabaltzeko beharraren eta adimen- eta garapen-desgaitasuna duten pertsonek beren erakundeetan, baina baita gizarteari dagokionez ere, dagokien protagonismoa beren gain hartzeko beharraren ingurukoak izan dira adostasun handiena lortu dutenak.

Jardunaldi horietako puntu nabarmenetakoa adimen- eta garapen-desgaitasuna duten pertsonen parte-hartze handia izan da, eta horrek agerian utzi du ahalduntzearen bidean aurrera goazela, oraindik egiteko asko dagoen arren.

Kongresua amaitzeko, Carmen Laucirica Plena inclusión-eko presidente berriak hartu dio lekukoa 2014tik ardura hori izan duen Santiago Lopezi. “Komunitate inklusiboak eraikitzea eskatzen duen aldi bati ekingo diogu, ilusiotik abiatuta eta desgaitasuna duten pertsonen eskubideak erdian daudela sinetsita”, aldarrikatu du Lauciricak.

Informazio gehiago

Artículos relacionados





    Ver Política de privacidad

    Skip to content