Adimen edo garapen urritasuna duten pertsonen eta beraien familien eskubideen alde lan egiten duten erakundeek osatutako elkartea gara

Home » inicio » “Erabateko Kalitate sistema berriak akreditazio prozesua sinplifikatzen du”

“Erabateko Kalitate sistema berriak akreditazio prozesua sinplifikatzen du”

Irakurketa erraza

Mirko Gerolinek Plena inclusiónen kalitate sistema berriari buruz hitz egin du.

Kalitate sistemaren helburua erakundeei hobetzen laguntzea da.

 

Beharrezkoa zen sistema berria egitea,

aurrekoak 10 urte zeramatzalako funtzionatzen,

eta urte horietan gauzak aldatu egin direlako.

Adibidez, aldatu egin da adimen urritasuna

eta gure xedea ulertzeko dugun era.

 

Sistema berriak lehengo hiru ardatzekin jarraitzen du,

bizitza kalitatea, kudeaketa eta etika,

baina alderdi batzuk hobetu ditu.

Orain kalitate ziurtagiria lortzeko prozesua errazagoa da.

Sistema berriaren beste berrikuntza bat ebaluazio taldearen sorkuntza da.  

Elkarrizketa Mirko Gerolini, Gorabideko gerentziaren ondoko, FEVASeko kalitate arduradun eta Plena inclusióneko kalitate sareko kideari.

Plena Inclusióneko Jardunbide Miresgarrien 2. Topaketan Erabateko Kalitate Eredu berria aurkeztu zen, garai berrietara egokitzeko funtsari eusten dion aurrekoaren eguneratzea. Elkarrizketa honetan, Gerolinek, sistemaren berrikuspenean inplikatuta egon den kideetako batek, berrikuntza batzuk zehaztuko ditu, horien artean sistema berriaren arintasuna, eta baita ebaluazio taldearen sorkuntza ere.

Sistema berriak, aurrekoaren printzipioak ditu ala aldatu egin dira?

Alderdi batzuei ikuspegi berria eman diegu, Erabateko kalitate ereduaren funtsezko alderdiei eutsi dizkiegun arren, ereduaren hiru ardatzei, besteak beste: bizitza kalitatea, kudeaketa eta etika. Kontuan izan behar da 10 urte baino gehiago zituen aurreko sistemak, denborak igaro ahala, gero eta indar handiagoarekin pertsona erdigunean jartzeko bilakaera izan duen xedeari erantzuten ziola. Hortik, Elkarte Mugimenduak bere xedea berraztertu du, eta erakunde askok gurea egokitu dugu, bizitza kalitatea hobetzea izatetik pertsona bakoitzari bere bizitza proiektuan laguntzera igaroz. Birplanteamendu horrek inplikazio garrantzitsuak ditu Plena inclusiónen ereduan, eta berau berraztertzea eskatzen du, autodeterminazioa eta emaitza pertsonalak gehiago azpimarratzeko. Aurreko ereduan ere agertzen zen familiako bizitzaren kalitateari dagokionez, oraingoan familia sistemaren beharrak eta itxaropenak, jasotako laguntzei buruz duten pertzepzioa eta familietan zentratutako ikuspegian aurreikusten den bizitza kalitatea azpimarratzen dira.

Kudeaketa ardatzari dagokionez, ikuspegi berriak garrantzi berezia jartzen du aldaketarako elementu den berrikuntzan, eta emaitzetan oinarritutako ebaluazioan. Horrela, ereduak, “zertarako egiten dugu egiten duguna” gaiari buruz galdetzen digu, lortutako emaitzari buruz, beraz; eta baita erakundearen eraldaketarako palanka den berrikuntzari buruz ere.

Etikaren ardatza bi zutabetan oinarritzen da: etika arretan, bioetikaren printzipioekin sustraituta, eta, balioetan oinarritutako zuzendaritza eta gobernu on politika erreferentzia hartzen duen etika kudeaketan.

Zer hobetu du berrikuspen honek aurreko ereduarekin alderatuz?

Azken hamarkadan, elkarte mugimendu gisa dugun xedea berriro formulatu da, eta adimen eta garapen urritasuneko erreferentziazko esparru teorikoak berraztertu dira. Beste aurrerapen garrantzitsu bat Plena inclusiónen egungo Plan Estrategikoaren 5. Epemugarekin dago erlazionatuta. Bertan, Erabateko kalitatea, haren eraldaketa sistemikoa bilatzen duen antolakuntza aldaketari laguntzeko baliabide gisa egituratzen da. Horrek guztiak, Plena Inclusiónen kalitate eredua oinarritzen duten ebidentziak berriro aztertzera eta eguneratzera eraman gaitu.

Beste alde batetik, eta ikuspegi operatiboagotik, erakundeek autoebaluazio prozesua konplexua zela eta ebaluazioan zehar, behin eta berriro gauza bera adierazten zuten ebidentziak agertzen zirela helarazi ziguten. Horrek prozesua luzatzen zuen, prozesuari balioa gehitu barik. Orain sistematika arinagoa zehaztu da, ardatz bati baino gehiagori dagokion ebidentzia bat identifikatzen denean zeharkako ardatz gisa erregistratzen delako eta behin bakarrik galdetzen delako, gertatzen zen errepikapena saihestuz. Horrez gain, erakundeek administrazio arloko kudeaketa sinplifikatu beharra iradokitzen ziguten. Beraz, sistemaren berrikuspenak alderdi horiek ere barne hartu ditu. Horrek ez du esan nahi ereduaren exijentziak edo zorroztasuna murrizten denik, erabilera errazagoa egiten dela baizik. Horren emaitza da orain ez dagoela etapa horietara sartzeko irizpiderik, eta akreditazioa zehazten duena ebaluazioaren emaitza da, edo autoebaluazioarena, konpromisoaren etapan.

Ereduaren berrikuspen honetan, euren beharren arabera erakundeek ebaluazio osoak edo partzialak egin ditzaketela ere jasotzen da. Argi dago akreditazioa jasotzeko ebaluazio osoa behar dela, baina hobekuntza arlo bakar batean planteatzeko eta balorazio espezifikoa egiteko aukera ere ematen da. Hori oso erabilgarria eta arina izan daiteke erakundeentzat, horrez gain Plena Inclusióneko ebaluazio taldeari kontrastea eska diezaioketelako, horrela euren autoebaluazioa erakundetik kanpoko ikuspegiarekin osatuz. Dena den, hori osatzeko beharrezkoa izango dute gutxienez hiru dimentsioren eta ardatzetako baten autoebaluazio bat egitea.

Eredua definitu ondoren, zein erronka geratzen dira bete gabe?

Eredu honek, beste batzuek bezala, xedean zehar erakundeari bere hobekuntzak bideratzen lagundu nahi dio. Une honetan, kanpo kontrasteak eta ebaluazioak egiteko prest dagoen ebaluazio talde txikia daukagu. Hala ere, epe laburreko hedapenaren ikuspuntutik, erronka esanguratsuak ditugu aurrean. Erakunderen batean ereduaren pilotatzea egin nahi da, eta pertsonak prestatzen jarraitu, ebaluazio taldean sar daitezen. Aldi berean, eta epe ertaineko epemugarekin, gure erronka, sistemaren kudeaketa arinduko duen eta hala nahi duten erakundeen artean ezagutza eta adierazleak konpartitzeko aukera emango duen plataformaren garapenean lanean jarraitzea da.

Halaber, gure asmoa, eredua, erabili nahi dutenen esku era publikoan eta irekian erabilgarri egotea da, formatu digitalean.

Zein balio ematen du kalitate eredu honek beste batzuekin alderatuta?

Ez dut ezagutzen eredu eta arau bateraezinik, baina egia da kalitatearen arduradunak bere erakundean erabiltzen diren guztien ikuspegi sistemikoa izan behar duela, modu integratuan kudeatzeko. Horrela ez bada, inolako ekarpenik egiten ez duten laneko ildo sakabanatu asko sortuko dira, ez direlako sinergiak aprobetxatzen. Hori esan eta gero, adierazi behar da eredu hori EFQMren edo Euskaliten Kudeaketa Aurreratu ereduarekin bateragarria dela eta, gainera, plus bat gehitzen duela, esku-hartzeari eta etikari buruz berariaz egiten duelako berba. Hau da, bizitza kalitatearen ardatzean, gauzak modu jakin batean egin behar direla ari gara esaten, Plena inclusión elkarte mugimenduaren bizitza kalitatean eta xedean eta balioetan inspiratuta. Gauza bera gertatzen da etikari dagokionean. Berezitasun horrek oso balio handia gehitzen du, beste eredu batzuekin bateraezin bilakatu barik, alderantziz baizik.

Nola laguntzen dio eredu honek gure elkarte mugimendua murgilduta dagoen zerbitzuen eraldaketa prozesuari?

Erabateko Kalitate eta zerbitzuen eraldaketa ereduak sinergikoak dira. Biek hobekuntzara bultzatzen dute, baina horien jarduketa eremua antolakuntza sistemaren maila desberdinetan gauzatzen da.

Eredua Zaragozan aurkeztu zenuenean autoebaluazioa eta ebaluazioa nabarmendu zenituen, eta zehatzago esanez, ebaluazio taldea aipatu zenuen, eredu honetan pisu handia zuten elementu gisa. Horrela al da?

Bai, horrela da. Izan ere, aurkezpenean puntu horri “Ereduaren eta ezagutzaren kudeaketa sistema” izena eman genion, talde hori hedapenerako funtsezko ardatz gisa jartzen genuelako. Bertako kideek kudeaketari eta ereduari buruz doaz ikasten, eta erreferentzia aditu bilakatuko dira. Kalitatearen kultura eta ezagutzaren ekarpena talde horretatik erakundeetara zabalduko da azkenean. Une hauetan, taldean, kalitate sareko pertsonak eta aurreko ereduan ere ebaluatzaile zen senide bat daude. Asmoa talde hori zabaltzea da, kalitate sareko kide guztiak eta beste profesional batzuk trebatuz eta, jakina, beharrezkoa eta premiazkoa da adimen urritasuna duten pertsonak sartzea. Helburua, eredu horretan oinarrituta bere burua ebaluatu gura duen erakunde bakoitzak ebaluazio taldeko kide diren pertsonak behar izatea da.

Fernando Sierra Euskaliteko zuzendariak hitzaldi batekin hartu zuen parte Jardunbide Miresgarrien aurreko Topaketan. Zer dute komunean Euskalitek sustatzen duen Kudeaketa Aurreratuak eta Plena inclusiónen ereduak? Alderagarriak al dira?

Erabateko Kalitatean gure eta oso zabala den euren ezagutza bateratu ditugu. Berrikuspen honetan sartu ditugun elementu batzuk Euskaliten esperientzian inspiratuta daude, ebaluazio taldea, adibidez. Dimentsioei dagokienez ere Euskaliten eredua gure ikuspegira egokitu dugu eta, jakina, erabat bateragarriak dira. Kudeaketa Aurreratu ereduaz gain, erabateko kalitate ereduak kalitate osoaren printzipioetan, pertsonengan zentratutako ikuspegietan eta Plena inclusiónen proiektu etikoan oinarritzen jarraitzen du.

 

 

Share

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies

ACEPTAR
Aviso de cookies