Sareen Sarea Euskadiko erakunde asko biltzen dituen erakundea da.
Desgaitasuna duten pertsonen, etorkinen, adinekoen, bazterketa-arriskuan daudenen…
eskubideen alde lan egiten duten erakundeak dira
Sareen Sareak dokumentu bat egin du, Garapen Jasangarriko Helburuei eta
2030 Agendari buruz duen iritzia eta proposamenak azaltzeko.
17 oso Helburu garrantzitsuak dira,
adibidez, pobreziarekin amaitzea, hezkuntzarako eskubidea,
osasunerako eskubidea, berdintasuna,
eta ingurumenaren babesa.
Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialeko erakundeen sareak biltzen dituen Sareen Sareak (FEVAS sare horren parte da) dokumentu batean jaso du sektoreak 2030 Agendaren eta Garapen Jasangarriko Helburuen (GJH) aurrean duen jarrera. Horrela, planteamendu propio eta eraldatzailea ematen die Nazio Batuen Batzar Nagusiak planteatutako erronka global handiei.
Sare horrek, eragile desberdinen artean agendak adosteko aukera gisa onartzen ditu GJHak, egungo testuinguruan etorkizunari aurre egiteko beharrezkoak diren eraldaketa sozial, ekonomiko eta politikoak ahalbidetzeko eta gizarte eredu bidezkoagoa, solidarioagoa, kohesionatuagoa eta parte-hartzaileagoa eraikitzeko.
Dokumentuak Euskadiko Hirugarren Sektorearen ikuspegia ematen du, 2030 agenda eta GJHak Euskadin ezartzeari dagokionez, eta haien ekarpena eta eskaerak jasotzen ditu. Modu batean edo bestean finkatutako helburuak lortzea bultzatzen duten funtsezko 10 gako eta 400 ekintza baino gehiago identifikatzen ditu.