Adimen edo garapen urritasuna duten pertsonen eta beraien familien eskubideen alde lan egiten duten erakundeek osatutako elkartea gara

Home » Sin categoría » Elkarte mugimenduaren balioa inklusio sortzaile gisa

Elkarte mugimenduaren balioa inklusio sortzaile gisa

b
Irakurketa erraza

Abenduaren 3an FEVASek jardunaldi bat antolatu zuen

adimen urritasuna duten pertsonei eta elkarteei  omenaldia egiteko

Jardunaldi horretako mahai batean gerenteek

eta Gipuzkoako Aldundiko pertsona batek  parte hartu zuten,

inklusioa lortzeko bidean,

elkarteek duten garrantziari buruz hitz egiteko.

 

Mahai horretan elkarteak honetarako

oso garrantzitsuak izan direla esan zuten:

- Gizartea sentsibilizatzeko

- Politiketan eta legeetan eragiteko

- Kalitatea duten zerbitzuak eta programak eskaintzeko

-  Desgaitasunen bat duten pertsonen autonomia eta parte-hartzea handitzeko

 

Elkarteek desgaitasunen bat duten pertsonen eta haien familien

beharrak oso ondo ezagutzen dituztela esan zuten.

Horregatik, kalitatezko zerbitzuak eta programak sortu ahal izan dituzte.

 

Administrazioak emandako babesa oso garrantzitsua dela ere esan zuten,

Euskadin Administrazioak eta elkarteek elkarrekin lan egin dute beti.

Fevasek 2019ko abenduaren 3an Donostiako Kursaalean antolatutako “Inklusioa ereiten” jardunaldiaren esparruan, mahai-ingurua egin zen: “Elkarte mugimenduaren balioa inklusio sortzaile gisa”. Mahai hori Yolanda Fillat aholkulariak moderatu zuen, eta hauek hartu zuten parte:

  • Txaro Rodrigo, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendekotasunaren eta Urritasunaren Zainketako zuzendari nagusia
  • Amaia Lopetegui, Gautenako zuzendaria
  • José Ángel Mendiluce, Donostiako Goyeneche Fundazioko zuzendaria
  • Mitxel Lakunza, Atzegiko zuzendaria
  • Esther Larrañaga, Aspace Gipuzkoako zuzendaria.

Jarraian, landu ziren gaiak laburbiltzen dira.

Sarrera (Yolanda Fillat)

Eztabaida hau prestatzeko egin ditugun bileretan, guztiak Urritasunen bat duten Pertsonen Eskubideei buruzko Nazio Batuen Konbentzioaren (2006) lehentasunezko erreferentziara eraman gintuen, bagenekielako Konbentzio horretan gizarte-eredua eta urritasunen bat duten pertsonak eta haien familiak ulertzeko modu jakina islatzen direla, eta Plena Inclusióneko elkarte mugimenduak duela ia 60 urtetik horren alde egin du apustu.

NBEren Konbentzioak onartu egiten du elkarteek jadanik barneratuta zuten ikusmolde hori, urritasunen bat duten pertsonek eskubide osoko herritarrak izan behar dutela, alegia, eta eskubide gisa era formalean aitortzen ditu pertsona horien gizarteratzea eta parte hartzea. Beraz, hori betetzeak erakundeak, administrazioak eta ingurune guztia konprometitzen ditu.

Euskadin, Lurralde bakoitzean bere ñabardurekin, urritasunen bat duten pertsonei eta senideei laguntzeko eredu bat bultzatzen da, elkarte mugimenduaren eta Administrazioaren arteko lankidetzaren bidez eraikia. Eredu hori bat dator Konbentzioaren esparruarekin eta urritasunaren ikuspegi zientifikoekin, eta pertsona bakoitzarengan eta bere bizi-proiektuan zentratutako laguntza eta arreta ematen ditu. Gainera, berezia da, gizarte arloko erakundeek egiten duten laguntzazko lanari balioa ematen diolako. Elkarteek beti hartu diete aurrea pertsonen beharrei, eta erantzun berritzaileak eman dizkiete. Bestalde, eredu horrek berdintasunean, gardentasunean, aukeretan eta parte-hartzean oinarritutako kudeaketa-sistema hedatu du.

Sortu zenetik, urritasunaren elkarte egiturak zerbitzu eta laguntza sare garrantzitsua sortu du, aukera berriak sortu ditu eta itzulera sozial moduan duen eragina eztabaidaezina da.

 

Zer ekarpen egiten du elkarte mugimenduak urritasuna duten pertsonen inklusioan aurrera egiteko?

Amaia Lopetegui. Aurrerapenaz ari bagara, komeni da ikusezintasunetik eskubideetara zer bide egin dugun gogoraraztea. Ibilbide horretan, erakundeek, batez ere, zenbait pauso eman dituzte hiru arlotan lan eginez: inklusio premia hori nola gauzatzeko moduan laguntzen diguten gizarte-sentsibilizazioan, eragin politikoan eta esku hartzeko ereduan.

Beste plus bat bizi-ziklo osoan zehar pertsonekin duten lotura zuzena da. Inklusioa ez da behar puntuala, denboran errotzea eta zeharkako ikuspegia behar ditu, eta hori elkarte egiturak gehitzen duen zerbait da. Gainera, urritasunen bat duten 12.000 pertsona baino gehiagoren eta beste hainbeste familiaren izenean hitz egiteko zilegitasuna dugu. Radar gisa jarduten dute bazterketa-egoerak identifikatzeko, batzuetan txikiak eta beste batzuetan egiturazkoagoak. Masa sozial hori atzean edukitzeak abalatzen gaitu. Azkenik, erakundeek DNAn daramate sentsibilizazioa, kalean gaude gizartea eraldatzeko.

Inklusiorako eta eskubideetarako bide horretan ez gaude bakarrik, entzun gaituen, gure zilegitasuna ulertu duen eta gure proposamenak bere egin dituen administrazio bat izan dugu, nahiz eta erantzukizun hori berea dela eta egiteko gaitasuna duela egia den.

Txaro Rodrigo. Elkarlan horri esker, aurrera egin dugu bere zailtasunekin eta hobetzeko tartearekin Gipuzkoan funtzionatzen duen eta balioan jartzea merezi duen ereduan. Eredu horretan, elkarteek esperientzia eta ezagutza ematen dute, batez ere bi esparru nagusitan: lehenik eta behin, esparru etikoa, balioetan sentsibilizatzen duena; izan ere, beti egon zarete presente urritasuna ikusarazteko, aurpegia eta izena jartzea lortu duzue. Giza desberdintasuna hautemateko gai izan garen neurrian, banakako premiak aintzat hartzen dituen ikuspegi inklusibo hori txertatu ahal izan dugu. Bigarrenik, pertsonengandik eta haien familiengandik hurbilago zaudete, eta horrek gakoak ematen dizkizue zer behar den identifikatzeko eta bizi-kalitate hobea lortzeko non eragin behar dugun jakiteko. Elementu horiek guztiek zerbitzu-sare garrantzitsua sortzea ahalbidetu digute, eta hobeto haztea, eraginkorragoak izatea.

Era berean, zuen lan-metodologia azpimarratu nahi nuke, egitea eta egiteko modua garrantzitsuak direla ulertzen duelako: modu parte-hartzailean, pertsonekin, hurbilekoekin…

Zerk bereizten ditu elkarte mugimenduak eskaintzen duen laguntza-eredua eta beste eredu batzuk?

José Ángel Mendiluce. Izan ere, badira asistentzia eta zaintza eredu gehiago ere. Gurea inklusiorako laguntza da. Parte-hartzean eta Pertsonan Zentratutako Plangintzan oinarritzen da, eta pertsona bakoitzaren bizi-kalitatea du helburu. Premisa honetatik abiatzen gara: urritasunen bat duten pertsonak talde heterogeneoa dira, eta bakoitzak bere bizi-proiektua, interesak, lehentasunak eta nahiak ditu. Egia da gure ereduak ere baduela zaintza eta asistentzia osagai bat, baina bere helburu nagusia autonomia pertsonala sustatzea, pertsonei protagonismoa ematea eta haien parte-hartze soziala bultzatzea da. Beraien esku ikasketarako, hazkunde pertsonalerako, harremanetarako, adiskidetasunerako… aukerak jartzen saiatzen gara, merezi duen bizitza bizi eta goza dezaten. Hori da pertsona guztiok nahi duguna.

Esther Larrañaga. Urritasuna duten pertsonen parte-hartzeari dagokionez, horrek ere bilakaera izan duela esan behar da. Orain elkarteen erabaki organo jakin batzuetan daude, Zuzendaritza Batzordeetan, adibidez. Azken urteotan, elkarteek berriro pentsatu behar izan dugu zer zerbitzu eta laguntza behar dituzten pertsonek eta haien familiek, parte hartzerako eta inklusiorako eskubidea gauzatzeko. Alde horretatik, gure nortasunaren ezaugarrietako bat azpimarratuko nuke: familietatik sortutako mugimendua gara. Premia baten inguruan biltzen hasi ziren, beharrak aztertu eta horiei erantzuteko zerbitzuak eta programak antolatu zituztenean. Familiaren oinarri hori da gure funtsa. Familiaren oinarri hori da gure esentzia. Gizartea aldatu egiten da, beharrak ere eboluzionatuz doaz, baina jatorria familietan eta beharren azterketa horretan dago. Abiapuntu horretatik abiatuta, eta urritasuna duten pertsonen eta haien familien parte-hartzearekin, bakoitzaren bizi-proiektua egiten da.

Puntualizazio hori eginda, uste dut inklusioan aurrera egiteko bi ardatz landu behar direla etengabe: batetik, pertsonaren autonomia indartzea, baita une jakin batzuetan haren familiarena ere, eta, bestetik, laguntzak ematea. Bietan funtsezkoa da zeharkakotasuna. Zeharkakotasuna erakundeekiko, pertsona berak laguntza desberdinak jasotzen dituelako hainbat zerbitzutan eta baita gizartearekiko ere.

Puntu honetan komeni da noizbait “bigarren mailakotzat” jo diren bi zerbitzu aipatzea: Familiei zuzendutako Laguntza eta Aisialdia eta Denbora librea. Hala ere, ezinezkoa da inklusioa lortzea horiek indartu gabe. Badakigu familia lehentasunezko nukleoa dela pertsona guztien bizitzan, baina familiek laguntzak ere behar dituzte, orientazioa, programa espezifikoak, entzun diezaietela, beren eta beren seme-alaben proiektuetan parte hartzea.

Euren beharrak, eta baita euren seme-alabenak ere, aldatuz doaz, horregatik da hain garrantzitsua elkartearekin duten lotura. Horiei buruz dugun ezagutzak eta elkartean duten konfiantzak laguntza modu eraginkorragoan eskaintzea errazten du. Bi zerbitzu horiek zeharkakoak dira, eta nabarmen laguntzen dute pertsonen eta senideen bizi-kalitatea hobetzen. Gainera, NBEren Konbentzioak aisialdia oinarrizko eskubidetzat aitortzen du.

Mitxel Lakunza.  Familiek oso era positiboan baloratzen dituzte bi zerbitzuak, bai Familiari zuzendutako Laguntza Zerbitzua, bai Aisialdi eta Gizarte Partaidetzarako Zerbitzua. Hala egiaztatzen dugu egiten ditugun gogobetetze-inkestetan.

Elkarte mugimenduaren lehentasunezko beste helburu bat ingurunea eraldatzea izan da. Nola lagundu du horretan elkarteen sentsibilizazio-lanak?

Mitxel Lakunza. Gizartea sentsibilizatzeko Atzegiren kanpainetan ondo islatzen da aldaketa soziala. “Lagundu jarraitzen” izeneko 73koak hezkuntzarako eskubidea aldarrikatzen zuen. 74ko leloa “Culpable nadie y responsables todos (errudun inor ez eta baina guztiok erantzule)” zen, familiek erru sentimendu horretaz hitz egiten zuten. 80. urtekoa “Hemos roto la hucha (Itsulapikoa hautsi dugu)”, mugarri bat izan zen gure historian, ongintzatik eskubideetara igarotzea ekarri zuelako.  90eko hamarkadako kanpainetan inklusioaz hitz egiten hasi zen. 2000. urtean, “Aizu, Mikel naiz” lanarekin, indibidualtasuna aldarrikatzen hasi zen, ni Mikel naiz, pertsona ezberdina, gaitasun eta muga desberdinak dituena. Azken urteotan, zenbait eskubide zehatzetan jarri dugu arreta; adibidez, enpleguan ”Astelehenak atsegin ditut” edo “Gure txanda da”, urritasunen bat duten pertsonek egindako boluntariotza eta horiek gizarteari egiten dioten ekarpena azpimarratuz.

Kanpainek behar zehatzei erantzuten diete, eta une bakoitzean kezka sortzen zuten gaiak jorratzen dituzte. Inoiz ez dugu “Urrezko kaiola” moduko egitura zoragarririk eraiki nahi izan  urritasunen bat duten pertsonentzat, gero kalean onartuak ez baziren. Alde horretatik, gizartea sentsibilizatzea helburu izan behar du elkarte mugimenduaren barruan. Engranaje horretan boluntariotza ere aintzat hartu behar da, ezinbestekoa baita gure elkarteetan

Amaitzeko, gizarte bat zenbat aurreratu den neurtzeko moduari buruzko hausnarketa bat. Adituek hainbat parametro proposatzen dituzte, baina pertsona ahulenek beren eskubideak lortzeko bidea erraz edo zail duten kontuan hartu beharko litzakeela uste dut. Nire ustez, gizarte bat aurreratuagoa da hori errazago egiten badu.

Zer erronka ditugu aurretik inklusioari dagokionez?

Txaro Rodrigo.  Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren esparruan, bat urritasuna duten pertsonen beharrei erantzun egokia emateko beharrezkotzat jotzen ditugun baliabideak irekitzea da. 4 urtean behin Sailean Gizarte Zerbitzuen mapa bat egiten dugu sektoreko erakundeekin bilduta, eta horrek beharrak aztertzeko, eskura ditugun baliabideak ikusteko eta martxan jarri eta sustatu behar ditugunak aukeratzeko balio digu, arrakastatsuak izan direlako. Lurralde orekari eusten saiatzen gara beti, eta zerbitzua herritarrei ahalik eta gertuen emateko irizpideari jarraitzen diogu. Gainera, urtero biltzen gara, eta erakundeek helarazten dizkiguten beharren arabera urtero planifikatzeko aukera ematen digun “ibilbide-orria” egiten dugu.

Beraz, gure erronkak baliabideetan aurreratu jarraitzea, lankidetza publiko-pribatuaren eredua bultzatzea eta lankidetzako eta partaidetzako lan-metodologia horrekin aurrera egitea dira. Gainera, Gipuzkoan orain bizitza independenterako proiektuak lantzen ari gara Aspacerekin eta Atzegirekin eta helburua ildo horretan jarraitzea da.

Kalitatezko arreta eman behar dugu, pertsonak erdian jarriz, berrikuntzari begiratzeari utzi gabe, berrikuntza ere beste erronka bat baita. Gizartea eraldatu egiten da, eta harekin batera eraldatu behar dugu, arretan eraginkorragoak izateko. Alde horretatik, munduko beste leku batzuetan gauzatzen diren jardunbide onak ezagutu beharko ditugu, eta gure lurraldean hobetzeko erreplikagarriak diren ikusi. Uste dut bide onetik goazela, baina asko dugu egiteko.

Amaia Lopetegui. Ezin dugu ahaztu urritasunen bat duten pertsonek beraiek ingurune inklusiboan sortzen duten balioa. Adibidez, TEA duten haurrak testuinguru inklusiboetan hezi ahal izateak abantailak ditu beraientzat eta gizarte osoarentzat, begirada irekiagoa, gizatiarragoa eta solidarioagoa izaten irakasten baitu. Beraz, aldarrikapen bat hortik joango litzateke, gizarteak ere eskubidea du urritasunen bat duten pertsonekin bizitzeko.

Mitxel Lakunza. Zalantzarik gabe, etorkizunean ere, erein dugun inklusioaren landarea zaintzen jarraitu behar dugu, zaindu egin behar dugu, ez galtzeko eta ez zimeltzeko.

 

Share

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies

ACEPTAR
Aviso de cookies