Skip links

“Gure etxebizitzatan malguak izaten ikasi dugu”

Felix Arregi Gautenako etxebizitza zerbitzuko arduradunari (Gipuzkoako Autismo Elkartea) egindako elkarrizketa

Urriaren 4an eta 5ean, 14 Autonomia Erkidegotik etorritako 60 pertsona elkartu ziren Donostian, Plena inclusión buru den “Nire etxea” Proiektuko Bigarren Mintegian parte hartzeko. Mintegiaren helburua, adimen urritasuna duten pertsonentzat, horien artean laguntza behar handiak dituztenentzat, komunitatean etxebizitza pilotatzeak garatzea zen. Foroan etxebizitza alorrari buruzko hainbat esperientzia aurkeztu ziren, horien artean Gautenarena. Arregik elkarrizketa honetan zehazten du eredu hori.

Une honetan, zenbat etxebizitza kudeatzen ditu Gautenak?

6 etxebizitzatan banatutako 78 plaza dira. Bakoitzean 14 pertsona inguru bizi dira. Kopuru hori murrizteko gure estrategia bi elkarbizitza taldetan banatzea da eta, horrela, alojamendu bakoitza, zazpi pertsona bizi diren bi etxebizitzek osatzen dute. Etxebizitza horietako bizitza proiektuei laguntzeko 79 profesional ditugu.

Zein zutabetan oinarritzen da zuen etxebizitza eredua?

Ardatz nagusietakoa eskubideen esparrua da, 97. urtean, TEA duten pertsonengan espezializatuta dagoen Ipar Carolinako TECH Etxebizitza Programako arduradunekin izandako harremanaren ondorioz sortutakoa. Ikusi genuen beraien lanaren oinarria, beraiekin bizi ziren pertsonen giza eskubideen balorazioa egitea zela, eta eredu hori gure errealitatera, gure etxebizitzetara eta gure kulturara egokitu genuen. Estatu Batuetako programak 18 eskubide aurreikusten zituen, eta guk oinarrizko 12 eskubidetara egokitu genituen. Errespetatu beharreko eskubideak dira, eta horien artean daude partaidetza komunitatean, komunikazioa, aukeraketa, aisia, pribatutasuna, errespetua, giza harremanak, osasuna… Eskubideen oinarri horrek pertsonei ematen dizkiegun bizitza baldintzak berrikusteko eta laguntzak proiektatzeko eta programatzeko balio digu.

Baztertu ezineko beste zutabe bat Urritasunaren gizarte eredutik diseinatutako aurrerapausoen aplikazio efektiboa da: bizitza kalitatearen konstruktua, laguntzen paradigma, PCP izenekoa eta laguntza konduktual positiboa. Bi ardatzak, eskubideak eta gizarte eredua, 2015ean Gipuzkoako Foru Aldundiak, beste erakunde batzuekin elkarlanean, egituratu zuen etxebizitza ereduaren oinarrietan ere badaude.

Ainguraketa horietatik pertsona bakoitzaren ametsak, interesak eta beharrak ikusten ditugu, eta modu erabat pertsonalizatuan egiten dugu lan. Behar gehien dituzten pertsonek ere modu aktiboan parte har dezaten ahalegintzen gara, beraien bizitza erabatekoa izan dadin eta gauzak egiteko aukerak izan ditzaten.

Zein da laguntza handia behar duten pertsonekin duzuen esperientzia? Eredu horrek funtzionatzen al du?

Zalantzarik gabe. Funtsezko elementuetako bat gure programazioa aktiboa, partaidetzan oinarritua eta edukiz betea izatea da. Ziurrenez, horrek portaera arazoak murrizteko balioko du. Sarri askotan, arazo horiek asperturik egoteak eta aktibitate faltak eragiten dituzte. Pertsonen interesetan eta partaidetzan oinarrituta egiten dugu plangintza, eta analisi egokian oinarritzen zarenean, bizitza kalitatea hobetzeko eta aukera gehiago eskaintzeko aukera duzu.

 Zer ikasi duzue lehen etxebizitza ireki zenutenetik?

Familia babesik gabe geratzen ziren adinekoei zuzendutako gure lehenbiziko etxebizitza inauguratu genuen 1989tik, beste pertsona soslai bati zuzendurik azkena ireki dugun 2017ra, asko ikasi dugu, malguak izaten, batez ere. Batzuetan, lehentasunak eta plangintzak ezartzeko balio diguten buruko ereduak eta eskemak ditugu, baina elkarbizitza hasi eta dena zorrotz aztertzen duzunean, hori guztia ez dela nahikoa ikusten duzu. Ezinbestekoa da etengabe aldatzen eta egokitzen aritzea, une bakoitzeko beharrei erantzuteko, pertsonen beharrak eta interesak aldatu ahala eboluzionatuz joan behar dugu. Pertsona desberdinen arteko elkarbizitzak malguak izaten eta burua irekita edukitzen erakusten digu, une oro berriztatzen eta pertsonengana hobeto moldatzeko moduan pentsatzen. Gure etxebizitza bakoitzak egitura desberdina du, esku hartzeko jarduerak desberdinak dira, eta hori aberasgarria da, gure egokitzapen gaitasuna erakusten baitu.

Beraz, elkarteek dugun erronketako bat malgutasunarena da. Pertsona bakoitzaren beharrak ongi ebaluatzeko gaitasuna izan behar dugu, eta pertsona horien beharrei erantzuteko behar adinako malgutasuna.

Erronka horrez gain, zein beste erronka ditu Gautenak hurrengo urteei begira?

Gizarte osoak duen erronka nagusietakoa: zahartzea. Zahartze aktiboaren parametroetan oinarriturik ari gara lanean. Aurreko ideiara itzuli behar dugu, adinak planteatzen dituen behar espezifikoetara egokitzeko gai izan behar dugu: osasuna, laguntza batzuen garrantzia, programa motak… Gure bigarren erronka komunitate barruko eredu inklusiboetan aurrera jarraitzea da, eskaintzen duguna pertsona bakoitzarentzat egokiena den ala ez pentsatu behar dugu eten gabe. Hirugarren tokian teknologia aipatuko nuke, ikusi nola lagun dezakeen laguntzak eskaintzeko eta bizitza kalitatea hobetzeko orduan.

Amaitzeko, garrantzitsua da behar gehien dituzten pertsonen partaidetzan eta autodeterminazioan sakontzea. Beraiei dagokien guztiari buruz galdetzeko kultura zabaltzea eta beraien bizitzako alderdi garrantzitsu guztietan partaidetza hori ahalik eta aberasgarriena izateko formulak bilatzea. Zailtasun gehien dituzten pertsonak ezin dira kanpoan geratu. Egia da jadanik lantzen ditugula alderdi horiek, baina behin eta berriro ekin behar da. Partaidetza zuzena ezinezkoa den kasuetan, pertsonaren ikuspegi pertsonala esaten dioguna sortzen dugu. Familiaren eta beste pertsona garrantzitsu batzuen laguntzarekin, beraien bizitza ikuspegia jasotzen dugu, haurtzarotik, beraien interesak, joerak… biltzen ditugu, eta informazio horrekin guztiarekin, erabakiak hartzeko orduan orientatzen gaituen ikuspegi pertsonal hori eraikitzen dugu. Pertsonaren ezagutza hori da gure abal etikoa; etikak harremanetarako esparrua ezartzen du, beste pertsonengana zein baliotan oinarrituta hurbildu behar garen definitzen du, zeintzuk diren jokoaren arauak, zein arautan oinarritzen garen… TEA duten pertsonei eta beraien familiei argi utzi behar zaizkien puntu garrantzitsuak dira.

Artículos relacionados





    Ver Política de privacidad

    Skip to content