Skip links

“Elkarteok gizarteari irekita egin behar dugu lan”

Mitxel Lakunza, Atzegiko (adimen desgaitasuna duten pertsonen aldeko Gipuzkoako elkartea) zuzendaria

Atzegik 2020an hasi zuen hausnarketa estrategikoaren emaitza aurkeztu berri du, bere 60. urteurrenaren ospakizunen barruan. Prozesu horretan 326 pertsonak hartu dute parte, eta bereziki baliotsua izan da datozen 10 urteetarako lehentasun estrategikoak zehazteko eta ingurunean nola kokatu argiago ikusteko. Puntu horretan, Lakunzak adierazi duenez, “erakundeok gizarteari gero eta irekiago lan egiten jarraitu behar dugu, desgaitasunetik atera behar gara eta hirugarren sektorearekin eta beste eragile batzuekin harremana areagotu behar dugu”.

Atzegi Estatuko elkarte aitzindarietako bat izan zen. Zein izan dira sorreratik izan dituen mugarririk garrantzitsuenak?

Gure 50. urteurrenaren ospakizunean, familiak elkartzearen garrantzia eta ordura arte lortutakoa azpimarratu genituen. Gogorarazi behar da garai hartan seme-alabak etxean “ezkutatuta” zeudela eta ia ez zutela kalera irteteko eskubiderik. Familien batasun horrek errealitate bati ikusgaitasuna ematea eta eskubideen artean tokia hartzea lortu zuen: hasiera batean hezkuntzan, eta gero beste alor batzuetan, hala nola lanean, etxebizitzan, aisialdian edo partaidetzan.

Duela gutxi aurkeztu duzue hausnarketa-prozesuaren emaitza. Zer nabarmenduko zenuke?

60 urte 2020an bete genituen arren, 2019ko abenduan hasi ginen. Oso prozesu parte-hartzailea izan da, ia bi urte eman ditugu lanean, eta 326 pertsona inplikatu ditugu. Horiekin, azken 10 urteetan gertatu den garrantzitsuenari buruz pentsatu eta gure erronka nagusiak identifikatu ditugu. Guztia “2030 horizontea. Atzegiren lehentasun estrategikoak eta jarduketa-ildoak” izeneko dokumentuan islatu da. Dokumentu hori joan den abenduan aurkeztu genion Gipuzkoako gizarteari.

Oso esperientzia interesgarria izan da, Atzegiko kideekin, desgaitasun intelektuala duten pertsonekin, familiekin, profesionalekin eta boluntarioekin, lan egiteaz gain, kanpoko ikuspegia txertatzeko ahalegina egin dugulako. Inguruko 25 erakunde, elkarte eta enpresari galdetu diegu, baita hirugarren sektorearekin lotura zuzenik ez duten batzuei ere. Atzegi gizartearen barruan dagoela uste dugu, beraz, gizarteak ere bere iritzia izan dezake guri buruz.

Pertsona horien guztien arabera, zein esparrutan egin da aurrera gehien azken hamarkada honetan?

Lorpenik nabarmenenak enpleguan eta aisialdian izan direla uste dute. Enpleguari dagokionez adierazten dute desgaitasuna duten pertsonak gehiago ikusten direla ingurune arruntetan, eta beraien aukerak zabaldu egin direla; zentro espezifikoak ere dibertsifikatu egin dira, eta lan-ibilbideei buruz hitz egiten dute. Aisialdia ere aldatu egin da, orain talde gehiago eta txikiagoak daude, pertsona bakoitzaren adina eta gustuak kontuan hartzen dira.

Hala ere, bi arlotan geldialdia dagoela adierazten dute: Hezkuntzan eta bizitza independentean. Hezkuntzari dagokionez, Bigarren Hezkuntzan ez dagoela eskaintza pertsonalizaturik azpimarratu dute, adibidez. Bizitza independenteari dagokionez, etxebizitzen eskaintza hobetu behar dela adierazi dute, etxebizitza txikiagoen eredurantz urratsak ematen jarraitu behar dela eta adimen desgaitasuna duten pertsonak beren etxean modu independentean bizi ahal izateko laguntzak hobetu behar direla.

Galdera horiei guztiei erantzun behar diegu gure kudeaketa-planean, proposamen zehatzekin. Gure elkartearen oinarriekin eta kanpoko eragileek esan digutenarekin koherenteak diren 9 horizonte zehaztu ditugu –etxebizitza eta bizitza independentea; hezkuntza; enplegua; aisialdia; eskubideak; behar berriak; familiei laguntzea; gizarte-partaidetza, sentsibilizazioa eta boluntariotza; eta elkarte-mugimendua, talde profesionala eta kudeaketa-eredua–.

Nola ikusten zaituztete kanpoko eragile horiek?

Hirugarren Sektoreari kontsulta egiteaz gain, Kutxabanki, Realari, Basque Culinary Centerri eta abarri galdetu diegu. Guztiek eskertu digute adimen desgaitasuna duten pertsonei ematen diegun ikusgaitasuna, eta begirada aldatu diegu, orain gehiago jabetzen baitira hauek euren erakundeei eta gizarteari ematen dietenaz. Adimen desgaitasuna duten pertsonen artean boluntariotza sustatzen duten “Gure Txanda” bezalako programek asko lagundu dute babesen eta diru-laguntzen hartzaile baino ez garela ezeztatzen.

Oso garrantzitsua da gure ingurunetik ateratzea eta nola ikusten gaituzten jakitea. Batzuetan uste dute gure mundu propioan bizi garela eta ez da horrela, mundu berean bizi gara. Gizartearen parte izan behar dugu alderdi guztietan. Oro har, Atzegiren irudia oso aktiboa da, herritarrak mobilizatzeko gaitasuna du, parte-hartzailea, inklusiboa, inplikaturiko jendearena… Zenbait erakundek, adimen desgaitasunaren eremutik harago aldaketa-eragile izatea, hainbat erakunderen arteko lotura ezartzea eta elkarte-sare osoa biziberritzea iradokitzen ziguten. Oso toki garrantzitsuan jartzen gaituzte eta hori erantzukizun handia da, gizartearen zerbitzura jarri behar gara. Elkarteok gizarteari gero eta irekiago lan egiten jarraitu behar dugu, desgaitasunetik atera, oztopo hori hautsi, eta Hirugarren Sektorearekin eta beste eragile batzuekin harremana areagotu. Horrek aberastu egiten gaitu.

Atzegi aitzindaria izan da, baita, adimen desgaitasuna duten pertsonak Zuzendaritza Batzordean sartzen. Nolakoa da zuen esperientzia?

Gure kasuan, pertsona horrek aurreko ibilbidea zuen, guneko Batzordeetako batean parte hartzen zuelako. Hasieran beste pertsona baten laguntza zuen bilerak prestatzeko, orain ez. Organo horietan parte hartzea garrantzitsua da, haien iritzia baliotsua delako eta norentzat lan egiten dugun pentsatzen laguntzen digulako. Elkarteok urratsak eman behar ditugu ildo horretan, baina ondo egin behar dugu, kontua ez da kopuru edo espediente bat betetzea. Ez da erraza, informazioa izan behar dutelako, gai horiek nola kudeatu jakin behar dutelako, eta hori erantzukizun handia da. Hori guztia argi izan behar da, haien partaidetza benetakoa izan dadin. Tresnak eman behar zaizkie, sartu eta gero, ez dutelako ulertzen edo ez direlako baliagarri sentitzen, amore eman ez dezaten.

 

Artículos relacionados





    Ver Política de privacidad

    Skip to content