FEVASek adimen urritasuna duten pertsonen batzordea osatu du
beraien eskubideak bultzatzeko
eta FEVASen eta Plena inclusión Españan
duten partaidetza indartzeko.
FEVASek eta batzorde hori osatzen duten pertsonak
ilusioz beteta daude.
Batzordearen izena
Gure ahotsa, da.
Izen horrekin batzordearen helburua adierazi nahi dute,
urritasuna duten pertsonen
beharren eta nahien bozgorailu izatea.
Asteazken honetan, azaroaren 17an, FEVASek adimen edo garapen urritasuna duten pertsonek parte hartzeko beste ate bat ireki du, Gure ahotsa batzordea sortuz. Batzorde horretako kideak Carlos Rueda eta Elisa Lopez de Briñas (Apdema), Jose Villar (Futubide), Carlos Alonso (Gaude) eta Federico Gil (Gorabide) dira. Espazio hori aurrerapausoa da elkarte mugimendu osoa pertsona horien eskubideen, ahalduntzearen, auto-ordezkaritzaren eta herritartasun osoaren alde egiten ari den bidean. Ekimen honen bitartez, FEVASek aurrera egin nahi du pertsona horiek bere jardueran eta Plena inclusión Españak bultzatutako proiektuetan sartzeko.
Online formatuan egin zen lehenengo bileran, Valeria Garcia-Landarte FEVASeko zuzendariak “erakundeak hasiera honekin duen ilusioa” azpimarratu zuen, eta kideei eskerrak eman zizkien beren inplikazioagatik, denboragatik eta ahaleginagatik. Taldeko kide guztiek bat egiten dute gogo bizi horrekin, Carlos Ruedak adierazten zuen bezala, “nahi duguna defendatzeko, entzuteko, ezagutzeko eta gehiago baloratzeko” baliagarria izango dela uste dutelako.
Batzorde horren helburuak, sortzeko arrazoiak eta funtzionamenduari buruzko beste alderdi batzuk ezagutu ondoren, taldea lehen akordio batekin estreinatu zen: “Gure ahotsa” izena hartzea. Hitz horiek oso ondo laburbiltzen dituzte foro horren esanahia eta sentimendua: adimen edo garapen urritasuna duten pertsonen beharren, kezken eta nahien bozgorailu izatea.