Skip links

FEVASek Familian Oinarritutako Praktiken Eredu Operatiboa aurkeztu du

Joan den ostegunean, FEVASek “Familian Zentratutako Praktiken Eredu Operatiboa: adibideak, esperientziak eta jardunbide egokirako orientazioak” aurkeztu zuen barne jardunaldi batean. Proiektu zabalago baten barruan diseinatutako Eredua da, eta bi urteko lana eskatu du, hauekin elkarlanean: FEVAS, sei erakunde (Apnabi-Autismo Bizkaia, Apdema, Aspace Gipuzkoa, Gaude, Gautena eta Uliazpi) eta Deustuko Unibertsitatea.

Deustuko Unibertsitateko Natxo Martínezek eta Maria Villaescusak Familian Oinarritutako Ikuspegiaren kontzeptualizazioan eta jardunbide egokien identifikazioari buruz egindako lanean sakondu zuten. Jardunbide horiek familien protagonismoan, lankidetzan eta ongizatean laguntzen dutenak dira. Zehaztu zutenez, Eredu Operatibo horrek lau kategoriatan antolatzen eta sailkatzen ditu: Bideratzaileak, harreman- eta antolamendu-baldintzak sortzen dituztenak; Nuklearrak, Pertsonen Bizitzako Planetan familien lidergoarekin eta parte-hartzearekin erlazionatutakoak; Garapenekoak, Plan Pertsonalei erantzuteko eta antolatzeko balio dutenak; eta, azkenik, Parte-hartzaileak, erakundea inplikatzen dutenak.

Hitzaldiaren ondoren, eztabaida interesgarria izan zen, Natalia Marañón (Aspace Gipuzkoa), Ana Acarregui eta Tatiana Urien (Gaude) eta Josune Martínez (Uliazpi) protagonista zirela. Profesional eta senide horiek hasiera-hasieratik inplikatu dira ekimen horretan, eta ondo ezagutzen dute ekimenaren xehetasuna.

Tatiana Urienek nabarmendu zuen Familian Oinarritutako Ikuspegiak “jarreratik asko duela” eta esparru teorikotik abiatuta praktikak katalogatzeko egindako ahalegina azpimarratu zuen. Gainera, gaineratu zuenez, azken urteotan, “adimen-desgaitasuna duten pertsonen bizi-proiektuetara bideratu gara, eta beharbada ahaztu egin ditugu familiak”. Bere ustez, doikuntzak egiteko unea iritsi da, batzuk zein besteak kontuan hartuta.

Natalia Marañonek, bere aldetik, lan honen izaera praktikoa azpimarratu zuen, “erakundeen egunerokotasunari aplika dakiokeelako”, baita horretan parte hartzeak ekarri duen ikaskuntza-prozesua ere. “Entzun eta beste batzuengandik ikasi dugu, eta beste aukera batzuk ere badaudela ikusi dugu”. Era berean, profesionalen eta familien arteko hurbiltasuna benetakoa dela, eta komunikazioa gero eta horizontalagoa eta arinagoa dela iruditzen zaiola adierazi zuen.

Horri dagokionez, Ana Acarreguik adierazi zuen profesionalen eta familien arteko sintonia eta kidetasun hori ikusten duela, baina zailtasunak erakunde berak edo kanpoko erakundeek sor ditzaketela, eta hori hobetu egin behar dela. Edozelan ere, itxaropentsu dago. “Harreman hori positiboa da, garatzen eta mugitzen ari da”. Are gehiago, ziurtatu zuen Eredu Operatibo hori familiari zuzendutako jardunbidea dela, “familiei galdetu eta parte hartzeko aukera eman digulako”.

Josune Martinezek familien eta profesionalen rolak erakundeetan izan duen bilakaera azpimarratu zuen. “Familiak bezero gatibuak bezalakoak ziren, eta ahalduntzen joan dira. Orain erabakiak hartzen dituzte, informazio gehiago dute eta zorrotzagoak dira. Profesionalak jada ez gara garai bateko aditu orojakile haiek, toleranteagoak gara, entzun egiten dugu, familiengandik ikasten dugu eta laguntza ematen diegu”.

Etorkizunari dagokionez, adierazi dute garrantzitsua dela ikuspegi horretan prestakuntza ematea, aldaketa garrantzitsuak eragin ditzaketen ekintza txikiak abiatzea, eta guztiak norabide berean ibiltzea.

FEVASen ustez, familia-oinarriko elkarte-mugimendu gisa, Familian Oinarritutako Ikuspegia apustu estrategikoa da datozen urteetarako, eta aurrerantzean ere esparru horretara bideratuko du bere ahalegina. Une honetan proiektu honen emaitzak idazten ari dira eta 2022an zehar webgunearen eta sare sozial korporatiboen bidez zabalduko dira.

Artículos relacionados





    Ver Política de privacidad

    Skip to content