Skip links

FEVAS eta EHLABE elkarteek desgaitasun intelektualak dituzten pertsonen enplegu publikoan jarri dute fokua

Atzo, Desgaitasunen Nazioarteko Egunean, FEVAS eta EHLABE elkarteek ehun pertsona inguru elkartu zituzten Gasteizko Europa Jauregian,  “Aurrerapauso bat desgaitasun intelektualak dituzten pertsonen enplegu publikoan” izenburua zuen jardunaldi batean. Bertan, administrazio publikoek hirugarren sektoreko erakundeekin elkarlanean garatutako zenbait jardunbide egoki aurkeztu zituzten.

Inaugurazioan izan ziren, besteak beste, FEVASeko presidente Hugo Baroja, EHLABEko presidente Txema Franco, Enplegu eta Gazteriako sailburuorde Marcos Muro, Funtzio Publikoko sailburuorde Andrés Zearreta eta Arabako Foru Aldundiko Zerbitzu Sozialen diputatu Marian Olabarrieta. Kolektibo horren aukera-berdintasuna sustatzen duten ekimenen garrantzia azpimarratu zuten, eta administrazioaren eta desgaitasunak dituztenen elkarteen arteko lankidetzari balioa eman zioten.

Gerora, honako hauek hartu zuten hitza: Hautaketa Zerbitzuko eta Lanbide Heziketako buru María José Vallejo eta Arriskuen Prebentzio eta Laneko Osasun Zerbitzuko buru Ana Belén Barahona, biak ala biak Bizkaiko Foru Aldundikoak; Gipuzkoako Foru Aldundiko Araubide Juridikoko eta Funtzio Publikoko buru Maite Barruetabeña; eta IVAPeko Gaikuntza eta Hizkuntza Normalkuntza Zerbitzuko Ebaluazio Arloko teknikaria.  Emakume horiek azaldu zuten euren erakundeen zer-nolako prozesuak jarri diren martxan desgaitasun intelektualak dituzten pertsonak funtzio publikoan txertatzeko.

Ukitu pertsonala Unai Serranok eta Jon Lauciricak eman zioten jardunaldiari; biek ala biek Bizkaiko Foru Aldundiaren EPEan plaza atera dute. Horrez gain, Beatriz Parrak (Gaude elkartearen laneko gaikuntza eta enplegu lagunduaren CIVIS programaren arduraduna) eta Silvia Garcíak (Down sindromea eta beste desgaitasun intelektual batzuk dituztenen Euskadiko Fundazioko zuzendari teknikoak) Bizkaiko Foru Aldundiak deitutako EPEan izandako esperientzia partekatu zuten.

Lehen pertsonan emandako lekukotza horien ondoren, Plena Inclusión elkarteko Enplegu arloko arduradun Silvia Muñozek hartu zuen hitza, “Desgaitasun intelektualak dituzten pertsonak funtzio publikoan sar daitezela sustatzeko ikaskuntzak” izeneko hitzaldia emateko; bertan, erreferentziatzat har daitezkeen estatuko beste ekimen batzuk berrikusi zituen.

Ekitaldia Nerea Melgosak itxi zuen, Gasteizko Udaleko Enplegu eta Garapen Ekonomiko Iraunkorreko Saileko zinegotzi delegatuak eta Bizikidetza eta Aniztasuna Saileko zinegotzi delegatuak, EHLABEko koordinatzaile Pablo Moratallarekin batera. Hark nabarmendu zuen benetan bete behar dela desgaitasun intelektualak dituzten pertsonak kontratatzeko % 2ko legezko kuota, eta lankidetzaren garrantzia azpimarratu zuen. Hantxe izan zen Valeria García-Landarte FEVASeko zuzendaria ere; eskerrak eman zizkien bertaratuei, eta gogorarazi zuen FEVASek aldizkari monografiko bat argitaratu duela gai horietan sakontzeko.

 

Artículos relacionados





    Ver Política de privacidad

    Skip to content