Skip links

Koronabirusaren aurreko ekimenak: Gorabideren esperientzia

Duela bi hilabete, COVID-19ak pentsaezina zen agertokiaren aurrean jarri zituen erakundeak. Harrezkero, eta erronka horri aurre egiteko, FEVASeko kide diren erakundeek erlojuaren kontra egin dute lan, adimen urritasuna duten pertsonei eta haien familiei eman beharreko laguntza ahalik eta gutxien murrizteko. Gorabidek, esaterako, denbora errekorrean bideratu zuen berriro antolaketa eta laguntza-sistema Aisialdiko Zerbitzuetan, Egoitzetan, Etxebizitzetan eta etengabeko harrera, informazioa, orientazioa eta laguntza ematen duen BBK SAIOA GORABIDE izenekoan.  

Zerbitzuak eta laguntzak berrantolatzea

“Aisialdiko Zerbitzuan boluntarioak hasiera-hasieratik inplikatu ziren erabiltzaileekin izan beharreko harremanari eusten, eta duela bi aste dena egituratu genuen programatutako jarduerak Zoom bezalako plataformen bitartez gauzatu ahal izateko eta ordutegiekin jarraitzeko”, adierazi dute elkartetik. Orientazio horren ondorioz, elkarteko boluntarioak, telefono, WhatsApp edo posta elektroniko bitartez, adimen urritasuna duten 600 pertsona baino gehiagorekin jarri ziren harremanetan, aisialdira zuzendutako 19 zentroetan aisialdirako antolatutako aukeretan. Horrela, planifikatutako jardueraren parte bat online berreskuratu ahal izan dute; adibidez, kirol-jardueraren bat egiten dutenek begirale batekin konektatzeko aukera dute kirola egiteko, edo abesbatzan abesten dutenek irakaslearekin entseatzeko aukera dute. Gainera, egoera hori dela eta, ekimen berriak ugaritzen ari dira: pintxo-potea egiteko hitzorduetatik txiste lehiaketetara edo txikienentzako mozorro lehiaketetara. “Beharrezko teknologia ez edukitzeagatik jarduera horiek egin ezin dituzten pertsonak telefono edo bideo bitartez egongo dira mugikorrera konektatuta”, adierazi dute, funtsezkoena pertsona guztiekin konexioren bat edukitzea baita.

BBK SAIOA GORABIDE zerbitzuari dagokionez, alarma egoera ezarri zenetik, lehentasuna arretarekin jarraitzea izan da. “Gizarte-langileak, psikologoak, psikiatrak, haur-gazte espezialistak eta administrariak hasieratik egon dira adimen urritasuna duten pertsonen eta familien eskura, haien eskaerei erantzunez eta jarraipenerako eta laguntzarako ekintza proaktiboak gauzatuz”, Gorabidetik azaldu dutenez. Posta elektroniko bitartez, eta, kasuren batean, bideokonferentzia bitartez indartuta egon den telefono bidezko harremanaren bitartez, gutxienez hamabost egunez behin edo, beharrezkoa izan bada, sarriago jarri dira harremanetan Eguneko Zentroen eta haur-gazte zerbitzuko erabiltzaileen familia guztiekin eta laguntza psikologikoa edo laguntza mediku-psikiatrikoa jasotzen ari zirenekin. Gainera, gizarte-langileak egoera zaurgarrian egon zitezkeen familiekin edo erakundearen zerbitzuren baten zain zeudenekin harremanetan jarri dira. Azken batean, lehen fasean, lehentasunezko intereseko taldeak osatzen dituzten 800 familia baino gehiagori eman diete laguntza eta hurbiltasuna helarazi diete, eta harreman mota hori zuten erakundeko 4.000 familiekin posta elektroniko bidezko komunikazioa indartu dute, zerbitzuaren berri emateko eta larrialdietan zelan jokatu jakiteko.

Oro har, egokitzapen ona aurkitu dute familietan eta adimen urritasuna duten pertsonengan. “Egokitzeko gaitasun handia erakutsi digute berriz ere, baita laguntza gehien behar dutenek ere”, azaldu dute erakundetik.

Balorazio hori guztiz bat dator Gorabidek kudeatzen dituen 11 egoitzetan eta 10 etxebizitzetan hautematen denarekin; izan ere, funtsezko zerbitzutzat hartzen direnez, irekita egon dira. Abagune horretan, erronka “antolakuntza eta laguntza-sistema berriro bideratzea” zen, “kutsadurak prebenitzeko”. Oso gauza konplexua izan da, eta ekintza hauek eragin ditu, besteak beste: lantaldeak indartzea, horiei eskumen berriak ematea eta egoera azaltzea; agintari eskudunen jarraibideak zorrotz aplikatzea; eta komunikazio-fluxu handia ezartzea erabiltzaileen lehen mailako arretako medikuekin eta Epidemiologia Zerbitzuarekin. “Balizko kutsatzeak antzeman ahala, osasun zerbitzuetara jotzen genuen orientazioa eskatzeko eta ezarritako protokoloak aplikatzeko”, zehaztu dute.

Era berean, elkarteak zailtasunak izan ditu Norberaren Babeserako Ekipoak eskuratzeko; horregatik, pandemiaren hasieratik, pertsona bat arduratu da horiek erosteaz, eta zentroetara banatzeko logistika ere diseinatu zen. Euren kontura erosten zituztenei eta Administrazioak eta Osakidetzak gero eta material gehiago bideratzeari esker, langileen eta egoiliarren segurtasun baldintzak bermatu ahal izan dira.

Hedapen eraginkorra eta ikasketak

Hala ere, Gorabidek krisi honen eragina moteldu ahal izan du. “Lan asko eta ondo egin dugu, baina oso zaila izan da”, zehaztu dute. “Zentzu horretan, goraipatzekoa eta eskertzekoa da arreta zuzeneko 350 profesional baino gehiagoren ahalegina eta inplikazioa, adimen urritasuna duten pertsonei laguntzeko lehen lerro isilean jarrera ezin hobearekin lan egiten baitute”, nabarmendu dute. Orain, egoera itxaropentsuagoa da, egindako lan guztiak balio izan duela ikusten dutelako, baina erne jarraitzen dute eta arintze prozesuan hartu beharreko neurriak aztertzen ari dira.

Krisi horretatik, aurrez aurreko arreta telematikoarekin osatzea posible dela ikasi du Gorabidek, Zoom edo Skype aplikazioek lankidetzarako bultzatu duten esparru berriarekin; eta, batez ere, profesionalen, familien eta adimen urritasuna duten pertsonen konpromisoarekin, ulermenarekin eta lankidetzarekin. “Erakunde gisa, gizadiaren azken urteetako historian apartekoa izaten ari den egoera bati aurre egiteko izan dugun gaitasuna oso irakaskuntza indartsua da. Erakundeko pertsona guztiok dena eman dugu aurrera egiteko, eta horrek balio izugarria du, eta gizarte indartsuagoa bilakatzeko betikotu behar dugu”, gaineratu dute.

Gorabidek lagatako argazkia

Artículos relacionados





    Ver Política de privacidad

    Skip to content