Skip links

Gautenaren “Antzerkia gustatzen zaigu”

 “Inklusioa ereiten” epigrafearekin, kide diren erakundeek gauzatutako jardunbide onak bildu ditu FEVASEK, elkarte-mugimenduak eta urritasunen bat duten pertsonek gizarte inklusiboagoaren eraikuntzan izan duten eginkizun erabakigarria nabarmentzeko. Esperientzia eraldatzaile horietako bat, duela gutxi “La Familia” film laburra estreinatu duen Gautenako antzerki tailerra da.

Elkarrizketa: Olatz Lizarralde, Gautenako AteneASP antzerki taldeko zuzendarikidea, eta Simon Ezquiaga, talde horretako kidea.

Gautenako antzerki taldea Familiei Laguntzeko Zerbitzuaren ekimenez sortu zen. “Neska-mutilek ez zuten jarduerarik ostiraletan, eta antolatzea proposatu ziguten. Esperimentu gisa sortu zen eta 10 urte daramatzagu jadanik, eta beste talde bat ere osatu dugu duela 4 urte. Talde horrek oso ondo funtzionatu du, izan ere, garai hartan izena eman zutenen %70ek gaur egun ere jarraitzen dute, beste pertsona batzuk joan eta itzuli egiten dira, eta beste batzuk orain dela gutxi sartu dira, Simon kasu”,  azaldu du Olatzek.

Taldeko zuzendarikideak bere metodologia zehazten du. “Behaketaren eta elkarrekintzaren bitartez egiten dugu lan, pertsona bakoitzari bere lekua emanez, taldea gorputz kolektibo bihurtuz. Denon partaidetza duten ideia-ekaitzak egiten ditugu, eta gidoiak pertsona bakoitzaren ezaugarrien eta motibazioen arabera idazten ditugu, bakoitzak eszenan distira egitea lortuz”.

Proiektu artistiko honetan ez du hainbeste axola obraren emaitzak, baizik eta prozesuak berak. Bizipenak, azaleratzen diren emozioak, beldurrak… “Dolua, enpatia, bakardadea, adiskidetasuna eta bestelako emozioak eta sentimenduak landu ditugu. Entseguetan negar eta barre egin dugu, haserretu egin gara… Pixka bat zoriontsuagoak izatea lortzen badugu helburua beteta dago”, gaineratzen du Olatzek.

Bestalde, Simonek, antzerkiak eboluzionatzen eta hazten lagundu diola aitortu du. “Ahulago hasi nintzen, baina orain paregabea naiz. Neure buruaz seguruago, nahastu gabe, gelditu beharrik gabe, eszenak tirada bakarrean eginez. Taldekideekin, oro har, ondo, asko laguntzen diogu elkarri”. Zehaztu du bere zailtasunik handiena hau dela: “Batzuetan ez dut guztiz ondo egiten irakasleek nahi dutena, baina ahaleginarekin ateratzen zait azkenean; eta lortzen dudanean, nire sentsazioa urrun iritsi naizela da”. Interpretatzeaz gain, duela hilabete batzuk Simonek bere “debuta” egin zuen kantari gisa, Donostiako Antzoki Zaharrean eginiko ekitaldi batean.

Gautenarentzat eta talde horretako kideentzat antzerkia aukera bat da, “begirada aldatzeak mundua aldatzen baitu”, Olatzek dioenez.

 

Artículos relacionados





    Ver Política de privacidad

    Skip to content