Skip links

“Sareen Sareak, betidanik FEVASen apustua izan den aliantza esparrua irudikatzen du”

Pablo González, Sareen Sareko eta Euskadiko Elkarrizketa Zibilerako Mahaiko presidentea,FEVAS Plena Inclusión Euskadi ordezkatuz.Gorabideko Zuzendari gerentea.

gorabide

Duela denbora gutxi Pablo Gonzálezek, gure Federazioa ordezkatuz, bi foro horietako buru izatea onartu zuen, inguruko eragileekin gauzatu beharreko aliantzak eraikitzen eta indartzen jarraitzeko xedez. Gonzálezek, REAS Euskadiko Gonzalo Rodríguezen lekua hartu du erantzukizun horretan.

FEVAS Plena inclusión Euskadirentzat, zer esan nahi du Sareen Sareko eta Euskadiko Elkarrizketa Zibilerako Mahaiko (EEZM-MDCE) presidentzia bere esku izateak?

Ikuspegi historikotik, FEVAS beti aritu da aliantzak eraikitzeko lanean. Izan ere, berez, adimen urritasuna duten pertsonen alde lan egiten dugun elkarteen aliantza gara. Edekan, urritasuna duten pertsonen ordezkarien euskal koordinakundean, dugun partaidetzak, zabaldu egiten du aliantzaren eremua urritasun orokorraren esparrura. Eta, Sareen Sarean eta Euskadiko Elkarrizketa Zibilerako Mahaian dugun presentziaren bitartez, Euskadiko hirugarren gizarte sozialera zabaltzen da. Sareen Sareak, betidanik FEVASen apustua izan den aliantza esparrua irudikatzen du: ekarpena egiten dugun baina bertatik jaso ere egiten dugun norabide biko laneko formatua, alde guztiak hobetzeko; horregatik, bi erakundeen presidentzia helburu horrekin hartzen dugu gure esku. Horrez gain, goi mailako erantzukizun gisa bizi dugu, eta baita FEVAS osatzen dugun elkarteen ibilbideari egiten zaion nolabaiteko aintzatespen gisa ere. Eta baita, eta hori ere esan behar da, Pedro Fernándezen figurari egiten zaion aintzatespen gisa ere, gaur egun Sareen Sarea den horren sorkuntzan izan zuen konpromisoarengatik.

Sareen Sarea eta EEZM-MDCE ondo bereizitako bi lankidetza eremu dira. Ze helburu du bakoitzak?

Sareen Sareak, helburuak konpartitzen ditugun erakundeen aliantza den heinean, hirugarren sektore soziala erreferentziazko eragile bilakatzeko egin beharreko ekintzak gauzatzen ditu, gizarte arloko politikan eragina edukitzeko, herritarren partaidetza sustatzeko eta hirugarren sektorearen ordezkari izateko. Elkarrizketa Zibilerako Mahaiari dagokionez, kontsultarako eta administrazioarekin hitz egiteko organo gorena da, eta bere xedea, politika publikoen diseinuan eta gauzatzean eragina izango duten akordioak eraikitzea da, gobernantzan oinarrituta. Bi kasuetan, hirugarren sektore soziala egituratzen eta indartzen eta sektore hori osatzen duten erakundeen, plataformen eta sareen arteko lankidetza sustatzen duten erakundeak dira.

Zein izan dira foro horietako bakoitzean lortutako lorpen nagusiak? Eta epe laburreko erronka garrantzitsuenak?

Lorpen aipagarriena Euskadiko Hirugarren sektore sozialaren onespena izan da. Lege horrek hirugarren sektorearen garapena bultzatzen du, gizartearen partaidetza indartzen duen, hirugarren sektoreko erakundeek urte luzez eskatu izan dugun estaldura juridikoa ematen duen eta administrazioekin harremanak izateko modua ezartzen duen estrategiaren bitartez. Baina ezin dugu ahaztu ezinbesteko beste gertakari batzuk ere egon direla, Sareen Sarearen eta Euskadiko Elkarrizketa Zibilerako Mahaiaren sorkuntza bera, besteak beste, horiek gabe legea oso bestelakoa izango litzateke eta. Talde lanean pertsona asko inplikatuta egon diren prozesua izan da, baina ezinbestekoa da aurreko presidenteari, Gonzalo Rodríguez Aguirregoitiari, bere dedikazioa eta izandako lorpenen arrakastarako egin duen zalantzarik gabeko ekarpena aitortzea. Aurrean ditugun erronka nagusien artean, Euskadiko Hirugarren sektore sozialaren Sustapenerako 2017-2020 Estrategia, Hirugarren sektore sozialaren Euskal Behatokiaren sorkuntza, Hirugarren sektore sozialaren Kongresuaren antolakuntza eta gauzatzea edo gizarte zerbitzuen kontzertazioari buruzko lan taldearen eraketa daude, eta baita Sareen Sarearen finkapena eta sarea osatzen dugun erakundeen kohesioa ere.

Euskadiko Hirugarren sektore sozialaren onespena oso gertakari garrantzitsua izan da FEVAS elkarte mugimenduarentzat eta gizarte ekintzaren egitura osoarentzat. Zein puntutan dago horren garapena?

Horrela da, oso gertakari garrantzitsua da. Arrazoi askorengatik. Baina garrantzitsuena, orain arte definitu gabe egon den zerbaitek lortu duen aitorpen juridikoa izan da. Eta, horrez gain, Euskadiko hirugarren sektore sozialaren finkapenari lagunduko dio. Une honetan, erronka hauek azpimarratu behar dira: urritasunaren eremutik datorren elkarrizketa zibilaren printzipioa sektore publiko osora zabaltzea eta finkatzea; gizarte kontzertu erregimena finkatzea eta gizarteratzearen eremu osora zabaltzea; aipatutako Euskadiko Hirugarren sektore sozialaren Sustapenerako Estrategia, hurrengo epealdirako lehentasunak markatuko dituena; eta Hirugarren sektore sozialaren Euskal Behatokiaren eraketa.

Sareen Sarea, Hirugarren Sektorearen balio erantsiari dagokionez, zuriaren gainean beltza jarri nahi duen proiektuan dago murgilduta. Ekimen horren xehetasunik aurreratu dezakezu?

Horrela da, balio erantsia aztertzeaz gain, balio osoa ere aztertzen duen dokumentua ari gara prestatzen. Erakunde batek edo sektore guztiak gizarteari egin diezaiokeen ekarpen osoa ezagutu eta ezagutarazi nahi dugu –hori da balio osoa– eta baita pertsonei eskaintzen zaizkien zerbitzuetan erakundeek ematen duten balioa ere –hori da balio erantsia–, erantzukizun publikoko zerbitzuen kasuan, batez ere, eta gizarteratzearen alorrean, beti ere. Horrez gain, dokumentuak, erakundearen eta orokorrean sektorearen gizarte ekarpenaren dimentsio nagusiak ikusgai bilakatzeko, baloratzeko eta indartzeko adierazle bateria ere izango du. Eta baita, erakunde bakoitzari bere ekintzari buruz gogoeta egiteko aukera emango dioten zenbait irizpide eta prozedura ere, konpartitutako klabeetan oinarrituta, erakunde hori hobetzeko, ikusgai bilakatzeko eta balioan jartzeko, azterketak izaera objektiboa izan dezan eta erakundeentzat eta sektore osoarentzat kontrastatzeko eta hobetu ahal izateko baliagarri izan dadin. Sareen Sareak alderdi horietan laguntza ekintzak bultzatzeko eta bere eta sektorearen ekarpenaren ikusgaitasuna eta aintzatespena handitzeko pistak eman ditzake.

Gizarteak hautematen eta aintzatesten al du Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialaren lana?

Gure sentsazioaren arabera, gizarteak herritarren partaidetzarako eta erantzunerako tresna gisa ikusten gaitu, kohesionatzailea eta lurraldeari lotutakoa. Horrek, partaidetzarako modu garrantzitsuenetakoa bilakatzen gaitu, gizarte aurreratuenen parean. Baina ez da gure iritzi soila, azken urteetan egindako azterlan soziologikoetan ere hautematen da, UPV-EHUren 2016ko Euskobarometroan, Edelman Trusten 2017ko Konfiantzaren Barometroan, CISen 2013ko Barometroan, edo Bizkaiko Hirugarren sektore Sozialaren Behatokiak Bizkaiko biztanleek hirugarren sektoreari buruz duten pertzepzioari buruz egin zuen Azterlanean, besteak beste. Azterlan horietan, mugimendu zibikoek eta GKEek sortzen duten konfiantza azpimarratzen da, beste erakunde eta eragile batzuek eragiten duten mesfidantzaren aurrean. Horrez gain, inkesta horiek “gizarte kontzientzia” aitortzen diete GKEei, eta ondorio gisa, “gizarte aldaketarako lagungarri direla, partaidetza posible egiten dutela eta administrazio publikoek konpontzen ez dituzten arazoak konpontzen dituztela” adierazten dute. Urtez urte agertzen diren emaitzak eta iritzia dira, baina horrek ez gaitu autokonplazentziara eraman behar. Alderantziz, gure xedean oinarrituta lanean jarraitzera eraman behar gaitu, gure kudeaketarako gaitasunean herritarrengandik gertu egongo den formatu sozial, garden eta eraginkorrarekin.

 

Artículos relacionados





    Ver Política de privacidad

    Skip to content