Skip links

“Adimen-desgaitasuna duten pertsonei aztertu ohi zaien azken gauza ikusmena da”, Antonio C. García Ruiz

Abre sus Ojos elkarteko presidentea elkarrizketatu dugu.
Elkarte horrek adimen-desgaitasuna duten
eta egoera zaurgarrian egon daitezkeen
pertsonen begien osasuna hobetzeko lan egiten du.

Elkarrizketa honetan, Antoniok elkarte hori nola sortu zen eta
“Ven y Verás” proiektuaz hitz egiten du.
Proiektua urtero egiten da hiri batean.
Asteburu batean oftalmologoek, optometristek eta beste espezialista batzuek,
boluntario askorekin batera,
ikusmena eta entzumena aztertzen diete
adimen-desgaitasuna duten pertsonei eta beste kolektibo batzuei.

Iaz “Ven y Verás” Bilbon egin zen.
90 boluntario baino gehiagok hartu zuten parte,
eta 426 pertsona baino gehiagori ikusmena eta entzumena aztertu zieten.
Horietatik 275ek betaurrekoak behar izan zituzten
eta elkarteak oparitu egin zizkien.

Antoniok dio oso garrantzitsua dela ikusmen-azterketak egitea,
eta askotan desgaitasuna duten pertsonei ez dizkietela egiten.
Azterketa horiek egiteko ingurunea egokitu behar dela ere badio.
Adibidez, giro lasaia sortzea eta test errazak erabiltzea.
Gainera, dio garrantzitsua dela profesionalak
desgaitasunen bat duten pertsonak tratatzen trebatuta egotea.

 

Antonio C. García Ruiz, Abre sus Ojos elkarteko presidentea

Abre sus Ojos irabazi-asmorik gabeko elkartea da, eta adimen-desgaitasuna duten pertsonen eta beste kolektibo batzuen autonomia sustatzea du helburu, haien begi-osasuna hobetzen duten ekintzen bidez. Eragin sozialik handiena duen proiektuetako bat “Ven y Verás” da, urtero hiri batean egiten den eta ia ehun boluntario mugiarazten dituen bi eguneko ekitaldia. Bilbon egindako azkenengoan 426 pertsonaren ikusmena eta entzumena aztertu zituzten, eta horietatik 256 FEVAS Plena inclusión Euskadi-ren bitartez iritsi ziren bertara. Elkarrizketa honetan, Garcíak, “Ven eta Verás Bilbao” baloratzeaz gain, adimen-desgaitasuna duten pertsonen begi-osasuna aztertzearen garrantzia eta ingurunea egokitzeko beharra azpimarratu ditu.

 

Zelan sortu zen Abre sus Ojos elkartea eta “Ven y verás” proiektua sortzeko ideia?

1997an “Opening Eyes” programa heldu zen Ameriketako Estatu Batuetatik, Special Olympics-ek antolatutako kirol-ekitaldien barruan. Bertan, optometrista talde bati kirolarien ikusmena graduatzeko aukera proposatu zitzaion. Bi edo hiru urtez jarraitu genuen boluntariotza-proiektu hori egiten, baina konturatu ginen proiektua ez zela hedatzen, beti zenbait kiroletan aritzen ziren pertsona berberei egiten zitzaielako azterketa. Hori dela eta, 1999an Abre sus Ojos sortzea erabaki genuen, jarduteko aukera handitzeko, Special Olympics-ekin elkarlanean jarraitzen dugun arren.

Orduan, elkartearen sortzaileetako batzuk ekimen berriak lantzen hasi ginen. Eta, horrela, 2004an, “Ven y Verás” lehen ekitaldia antolatu genuen Madrilen, ikusmena hobetuz, kalteberatasun-egoeran egon zitezkeen kolektiboen bizi-kalitatea hobetzeko helburuarekin: adimen-desgaitasuna duten pertsonak, gaixotasun mentala dutenak, gizarte-bazterketa jasateko arriskuan daudenak, etab. Eta behar zituzten guztiei betaurrekoak emanez. “Ven y Verás” ekimenak eboluzionatu egin du, hasieran optometristek eta boluntarioek bakarrik parte hartzen genuen, eta denborarekin audioprotesistak, oftalmologoak, terapeuta okupazionalak… batu dira.  Gero eta kide gehiago gara.

2023an, Bilbon egin zen ekitaldia. Zer balorazio egiten duzu?

Oso positiboa. Bi egunetan 426 pertsona aztertu genituen, eta 90 boluntario baino gehiago inplikatu dira: ikusmeneko eta entzumeneko espezialistak, horien artean, boluntario batek programa informatiko espezifikoa diseinatu zuen Abre sus Ojos-erako, zenbait boluntariok lan administratiboa egiten dute, hitzorduak eta zentroekiko kontaktuak kudeatuz. Beste batzuek parte-hartzaileak hartzen dituzte, eta ikusmen- eta entzumen-proba guztiak egiten dituztela zaintzen duen boluntario arduradun bat esleitzen diete: graduazioa, begiaren hondoa, begi barruko presioa, entzumen-kanalaren eta tinpanoaren azterketa, etab. Eta, azkenik, betaurrekoak erakutsi eta parte-hartzaileekin batera aukeratzen dituzten boluntarioak.

Laburbilduz, gure balorazioa oso ona da, hitzordua zuten gehienak bertaratu ziren, ohikoena % 20-25 falta izatea den arren, baina oraingoan ez da hori gertatu. Ziurrenik inoiz baino pertsona gutsiagok huts egin duen aldia izan da. Jende gehien aztertu dugun ekitaldietako bat ere izan da, eta 275 betaurreko entregatu ditugu. Azkenengoak duela gutxi, oso graduazio altuak behar zituztelako eta lenteak modu berezian egin behar zirelako.

Ekimen horiek adimen- edo garapen-desgaitasuna duten pertsonen osasunerako eskubidea azpimarratzen dute. Alde horretatik, zer alderdi hartu behar dira gehien kontuan?

Urte hauetan zehar, adimen-desgaitasuna duten pertsonei aztertu zaien azken gauza ikusmena dela egiaztatu dugu. Askok arazo edo patologia “premiazkoagoak” dituzte, baina ehuneko handiak ikusmen-arazoak ditu. Haien bizi-itxaropena asko luzatu da urte hauetan, eta betaurrekoak erabiltzea eskatzen duten jarduerak egiten dituzte. 40 urtetik gorakoek, edozein pertsonak bezala, presbizia izan ohi dute, eta, beraz, hurbileko ikusmeneko jarduerak asko zailtzen zaizkie. Eta horri ez zaio arreta handirik jartzen. “Ven y Veras” ekitaldietan, egiten ditugun betaurreko gehienak gertutik ikusteko dira. Gainera, graduazio konplikatuen ehunekoa ere nahiko handia da, eta hipermetropia eta maila altuko miopia eta astigmatismoa ere ugariak dira.

Zer egokitzapen egiten dituzue “Ven y Verás” ekimeneko parte-hartzaileen esperientzia positiboa izan dadin?

Abre sus Ojos-entzat funtsezkoa da ingurunea eta testak egokitzea. Giro lasaia eta ludikoa sortzen saiatzen gara, baina hori parte-hartzaile bakoitzaren araberakoa da. Zoritxarrez, optika askotan ez dago test egokiturik, letren edo zenbakien testak baino ez dituzte. Beraz, irakurtzeko edo adierazteko zailtasunak dituen pertsona bat agertzen denean, azterketa zaildu egiten da. Esaten dute ez dutela laguntzen, baina bai, laguntzen dute. Gertatzen dena da ingurunea ez dela beren ikuspegia graduatzeko egokia, edo denbora edo dedikazio gehiago behar dutela.

Guk, zirkuluak, laukiak, etxeak… dituen test sinplea dugu, eta ez dugu pertsonak hitz egiterik behar. Nahikoa da eskuan duen testean adieraztea. Bestalde, gure laguntzaileek azken belaunaldiko aparatuak uzten dizkigute. Ahal izanez gero, eskuz erabiltzekoak izatea eskatzen diegu, ez daitezela mahaietan muntatuta etorri, gurpil-aulkiak erabiltzen dituzten pertsonentzat oztopo izan baitaitezke, ezin dutelako aulkia azpian sartu, edo kokotsa mentoneran jartzea zaila egiten zaielako.

Profesionalek ba al dute adimen- edo garapen-desgaitasuna duten pertsonei arreta emateko prestakuntzarik?

Gure kasuan, bai. Prestakuntza asko jaso dugu eta baita eman ere. Funtsezkoa eta beharrezkoa da, oraindik falta den arren. Ez dut uste utzikeriarengatik edo interes faltarengatik denik, biztanleriaren ehuneko txikia denez, inbertsioak ez duelako konpentsatzen baizik. Osasun publikoan optometristarik ez egotea ere pena da, hori aurrerapen handia izango bailitzateke pertsona horien baloraziorako. Halakorik balego, gauzak hobera aldatuko lirateke, oftalmologoekin, terapeutekin eta gizarte-langileekin batera diziplina anitzak elkartuz lan egingo litzatekeelako.

Abre sus Ojos

Artículos relacionados





    Ver Política de privacidad

    Skip to content