Skip links

“Erabateko Kalitate Ereduak aurrera begirako ideiak ordenatzen eta erakundea hiru ardatzetan egituratzen lagundu digu”

Donostiako Goyeneche Fundazioak
Erabateko Kalitate Egiaztapena lortu du
Bikaintasun mailan.
Plena inclusiónek ematen du akreditazio hori.

Elena Laguardia Fundazioko zuzendariak
azaldu duenez, Erabateko Kalitatearen Ereduak
ideiak hobeto ordenatzen eta
etorkizunean pentsatzen lagundu die.

Erakundeak hiru ardatz nagusitan
antolatzen du bere lana:
etikan, bizi kalitatean eta kudeaketan.

2016az geroztik, Fundazioak
Bizi Kalitatearen Ereduarekin egiten du lan.
Pertsonarengan Oinarritutako Plangintza aplikatzeko
eta plan pertsonalekin erlazionatzeko
programa informatiko bat diseinatu du.

Azken urteotan Fundazioak
asko landu du etika.
Hori bultzatzeaz arduratzen den
pertsona bat du,
eta etika oso presente dago
Fundazioak egiten duen guztian.

Parte-hartzean ere
asko aurreratu du Fundazioak.
Asteroko batzarrak,
bozeramaileen batzordeak,
talde eragile bat
eta elkarrizketarako beste gune batzuk dituzte.

Gainera, Fundazioak
desgaitasuna duten pertsonek
komunitatean parte hartzea sustatzen du.

Etorkizunean, Goyeneche Fundazioak
are gehiago hobetu nahi ditu
erakundearen konfiantza
eta gardentasuna.

Desgaitasuna duten pertsonen
eta profesionalen parte-hartzea ere
handitu nahi du.

Eraldaketa soziala ere sustatu nahi dute.

Helburua desgaitasuna duten pertsonak
komunitatean barneratuago egotea da.

ELKARRIZKETA|Elena Laguardia,  Goyeneche Fundazioko zuzendaria

FEVASeko kide diren erakundeak Erabateko Kalitate Eredua ezartzearen aldeko apustu sendoa egiten ari dira. Bide horretan, Goyeneche Fundazioak Plena inclusión Konfederazioak emandako Erabateko Kalitate Egiaztapena lortu berri du Bikaintasun mailan. Elena Laguardiaren ustez, eredu horretan aurrera egiteak etorkizunerako ideiak ordenatzea eta bertako antolaketa etika, bizi kalitatea eta kudeaketa ardatzen inguruan egituratzea ekarri du. Elkarrizketa honetan, erakundearen eraldaketa nagusiak eta datozen urteak markatuko dituzten erronkak errepasatu ditu.

Zer aldatu da Goyeneche Fundazioan Erabateko Kalitate Eredua ezartzen hasi zenetik Bikaintasun maila lortu arte?

2016an Hedapenaren akreditazioa lortu genuen. Ordutik, sistema hori funtsezko laguntza bihurtu da etorkizunari begira ideiak ordenatzeko. Ardatz bakoitzean –etika, bizi kalitatea eta kudeaketa– hausnarketa egiteko aukera eman digu, eta epe laburrean ez ezik, epe luzeagoan zer jorratu behar dugun ere pentsatzeko aukera eman digu, erakunde gisa aurrera norantz egin nahi dugun definituz. Orain dena hiru ardatz horien inguruan egituratzen da, eta horietan zentratzen gara.

Ebaluazioaren ondorioz, ibilbide-orria markatuta eta barneratuta geratzen da. Helburuak ezartzen dira eta, horietatik abiatuta, kudeaketa-planak egiten dira, hiru dimentsio horiekin lerrokatuta.

Erabateko Kalitate Eredua hiru ardatzetan oinarritzen da: bizi kalitatea, etika eta kudeaketa. Nola islatzen dira ardatz horiek erakundearen eguneroko lanean?

Une honetan, gure erakundea hiru ardatz nagusien inguruan dago egituratuta. Etika eta bizi kalitatea zeharkakoak dira, bai zerbitzuetan parte hartzen duten pertsonentzat, bai profesionalentzat.

2016an, bizi kalitatean jarri genuen arreta, eta Pertsonarengan Oinarritutako Plangintzako tresnak jaso eta Plan Pertsonaletara konektatzen dituen programa informatiko bat garatu genuen. Bestalde, Goyeneche Fundazioaren zerbitzuek pertsonen bizi kalitatean duten eragina ebaluatzeko beste aplikazio bat diseinatu dugu. Emaitza pertsonalak neurtzen ditu CQL metodologiari jarraituz. Tresna hori, aldi berean, Plan Pertsonalekin konektatzen da. Dena da pertsonentzat irisgarria eta interkonektatuta dago.

Azken urteotan, etikaren ardatzak pisu handiagoa hartu du, eta haren hedapena bultzatzeaz arduratzen den pertsona bat dugu. Etika gauza guztietan txertatu dugu: Plan Pertsonaletan, zerbitzuen funtzionamenduan, eztabaidetan, etab. Pertsonen parte-hartzean ere asko aurreratu dugu.

Nola sustatzen da haien parte-hartzea?

Jardueren asteko programaren barruan lau jarduera sartu ditugu: ikastetxe bakoitzeko asteroko batzarrak; “Inklusio mapa”, inguruneko aukerak aztertzeko; Plan Pertsonalen jarraipena partekatzeko, pertsonak nahi duen guztietan, taldean egiten dugun “Nire plana” jarduera; eta “Nire bizi kalitatea”. Espazio horietako hausnarketa partekatutik plan pertsonaletan sar daitezkeen ekintza ugari sortzen dira, taldekoak zein indibidualak.

Nola lagundu du Erabateko Kalitatearen Ereduak desgaitasuna duten pertsonak komunitatean hobeto txertatzen?

Urrats garrantzitsu bat eman dugu: kontua ez da soilik espazioetan presente egotea, laguntzea baizik. Ikuspegi hori Pertsonarengan Oinarritutako Plangintza tresnan txertatuta daukagu, eta bertan parte hartze komunitarioarekin erlazionatutako zenbait fase lantzen ditugu: lehenik eta behin, pertsona bertan badago, gero parte hartzen badu, ondoren harremanetan jartzen bada eta, azkenik, laguntzen badu. Pertsona bakoitza zein puntutan dagoen baloratzen da eta pertsonek aurrera egiteko ekintzak proposatzen dira.

Gainera, partaidetza komunitario indibidualizatuagoa nahiago duten pertsonei zuzendutako Auzoan proiektu pilotua dugu. Kasu horietan, banan-banako akonpainamendua hasten da. Esperientzia hori oso ondo ari da funtzionatzen.

Zer eginkizun izan dute talde profesionalak, familiek eta desgaitasuna duten pertsonek erakundea bikaintasunera eraman duen ebaluazio- eta hobekuntza-prozesuan?

Haien parte-hartzea eta konpromisoa funtsezkoak izan dira. Pertsonei dagokienez, haien ekarpenak jasotzeko eta baterako sorkuntzan aurrera egiteko hainbat gune ditugu: zentro bakoitzeko ordezkari batek parte hartzen duen bozeramaileen batzordea; demokratikoki aukeratutako lau pertsonaz osatutako talde eragilea; eta, gainera, batzarrak. Foro honetan eztabaida etiko txikiak lantzen hasi gara.

Bozeramaileen batzordeak batzarretako ideiak jasotzen ditu eta talde eragileari helaraz diezazkioke. Talde eragileak urtero lantzeko hiru gai aukeratzen ditu. Guztiak bere erritmoa darama, irakurketa errazera egokituta eta bideo formatuan dauden baliabideak, aktak eta abar egiten baitira.

Familiek zeregin garrantzitsua dute Plan Pertsonalaren urteko berrikuspenean. Pertsonak berak dinamizatutako bilerak egiten dira, senideak edo beste pertsona esanguratsu batzuk gonbidatuz. Bere konpromisoa izatea garrantzitsua da Planeko ekintza batzuetarako, betiere gauzatu ahal izan daitezen oreka errealista bilatuz. Gainera, Goyeneche Fundazioaren bizitzan duten parte-hartzea birdefinitzen ari gara, eguneroko jardueretan modu naturalagoan, hurbilagoan eta borondatezkoagoan inplikatzea sustatzeko.

Bikaintasuna lortu ondoren, zeintzuk dira Goyeneche Fundazioaren hurrengo erronkak?

Aurten, ardatz nagusietako bat tratua da, etikari lotuta. Gai horretan oinarritutako hobekuntza-jardunaldi bat antolatuko dugu, eta haren hedapena indartuko dugu, profesionalek eta pertsonek elkarrekin lan eginez, inpaktu handiagoa lortzeko. Tratuari lotuta, komunikazioa ere landuko dugu: kanpoan nola komunikatzen dugun, eskubide digitalak, proiektatzen dugun irudia, etab.

Bestalde, iaztik antolaketaren kultura eraldatzeko prozesuan murgilduta gaude, kudeaketa ardatzaren barruan. Modu berezian ari gara bultzatzen desgaitasuna duten pertsonen eta profesionalen konfiantza, gardentasuna eta parte-hartzea, haien iritzia funtsezkoa baita gure kudeaketa orokorreko plana eta zentro bakoitzarena egiteko. Erakundearen kohesioa ere indartu nahi dugu. Alderdi horietako asko ukiezinak dira, baina inpaktu handikoak.

Azkenik, beste erronka garrantzitsu bat eraldaketa soziala eta dimentsio komunitarioa dira. Aurrera egiten jarraitu nahi dugu, zerbitzuetan parte hartzen duten pertsonek zer egiten duten, nor diren eta zer behar duten jakinarazi diezaieten eragileei.

 

Artículos relacionados

Goyeneche Fundazioak Plenainclusión-en Erabateko Kalitate Egiaztapena-Bikaintasun Maila lortu du. Elkarrizketa honetan azaltzen dute ereduak nola lagundu dien beren ideiak ordenatzen eta beren lana etikaren, bizi kalitatearen eta kudeaketaren ardatzetan antolatzen.

Kasuak eguneko arreta zentro batean gazte bat bat-batean hil izanari lotutako erronka etikoei eta bere inguruko pertsonengan sortzen duen inpaktuari heltzen die. Edukia, hausnarketa eta deliberazio etikoa errazten duten hainbat ataletan dago antolatuta, kasuaren deskribapen zehatza, arazo etiko nagusien identifikazioa,

EDEKAk, Desgaitasuna duten Pertsonen Ordezkarien Euskal Koordinakundeak, “Adimen Artifizial Inklusiboa: eskubideak eta aukerak desgaitasuna duten pertsonentzat” udako ikastaroaren edukiak eta ondorioak jasotzen dituen dokumentua argitaratu du bere webgunean. Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko Sailak antolatu du ikastaroa, EDEKArekin

Harpidetu zaitez
gure Newsletterrera

Skip to content