Skip links

“Pauso Berriak programan pertsonen aukerak hobetzen jarraitu nahi dugu”

Elkarrizketa Jon Fernandez Arambururi, Atzegik (adimen urritasuna duten pertsonen aldeko Gipuzkoako elkartea) eta Gureakek (urritasuna duten pertsonei zuzendutako lan-aukerak sortzen eta kudeatzen dituen Gipuzkoako enpresa-taldea) Gizarteratze eta Laneratzeko bultzatu duten Pauso Berriak Programaren arduradunari.

Nola definituko zenuke Pauso Berriak?

Pauso Berriak programak adimen eta garapen urritasuna duten eta laguntza-premia handiagoak dituzten pertsonei ingurune arrunteko enpresa eta erakundeetan sartzeko aukera ematen die. Duela 10 urte sortu zen, beren seme-alabentzako lan-merkatu arruntean aukera sorta zabaltzeko beharra ikusi zuten familia batzuen ekimenez. Testuinguru horretan, Atzegik eta Gureak taldeak indarrak batzea erabaki zuten, Pauso Berriak sortzeko. Aldi horretan, 257 pertsona igaro dira programatik, eta, gaur egun, lan-esperientzia aktiboak ditugu 160 enpresa eta erakundetan.

Zein da programa honen eduki zehatza?

Prestakuntza eta enpresetako eta erakundeetako praktikak uztartzen ditu. Lehenik eta behin, bi hilabeteko prestakuntza eskaintzen dugu, pertsonak eta haien gustuak eta gaitasunak ezagutzeko eta zeharkako gaietan oinarrizko gaitasunak eskuratzeko, komunitatearen ezagutzan, diruaren erabileran, garraioaren erabileran edo norberaren zaintzan eta higienean, besteak beste. Bigarren fase espezifikoago batean, hiru hilabetez, pertsonak bere lanpostuan benetan behar duenaren ikasketan jartzen dugu arreta. Une honetan, pertsonek bi prestakuntza-aukera dituzte: bata, bulego-ingurune batean egingo den administrazio-lan baterako, eta, bestea, egoitzetan, supermerkatuetan, ikastetxeetan, kiroldegietan, hoteletan edo jatetxeetan, besteak beste, egin daitezkeen askotariko zerbitzuetarako.

Ondoren, praktikak egiten dira enpresetan urtebetez. Programa pertsona bakoitzarentzat “neurrira” egindako praktikak aurkitzeaz arduratzen da, hainbat alderdi kontuan hartuta, besteak beste, beren gaitasunekin bat datozenak eta beren ingurunetik hurbil daudenak. Hori guztia garrantzitsua da beren garapen sozio-laboralerako. Hasiera batean, epea hilabete bat edo bi artekoa izaten da, eta langile berri horiek lanpostuan laguntza eskaintzen duen lan-prestatzailea izaten dute, harik eta zereginak egiteko beharrezko autonomia eta ezagutza lortu arte. Orduan, laguntza naturalaren figurak hartzen du balioa, eta lankide bat izango da pertsonaren erreferentea, eta pixkanaka lan-prestatzailearen figura desagertzen joango da.

Hala ere, gure jarraipena etengabea da, beti egongo da pertsonari laguntzeaz eta enpresarekin nahiz familiarekin harremanetan egoteaz arduratuko den Pauso Berriak taldeko laguntza-teknikari bat. Pertsona da, ordea, Pauso Berriak programaren indarguneetako bat, eta, hain zuzen ere, sarean lan eginez gero, beharrezkoa da bi inguruak konektatzea, sor daitekeen edozein arazo detektatzeko eta neurriak jartzeko. Une oro pertsonaren ongizatean pentsatzen dugu, bere lana egin ahal izan dezan eta benetan ondo egon dadin eta, horrela, garapen pertsonaleko eta sozialeko prozesuan jarraitu ahal dezan.

Praktikaldia amaitutakoan, zer aukera daude?

Lanbidek diruz laguntzen dituen praktika horien ondoren, enpresak bi formula ditu pertsonaren jarduerari jarraipena emateko. Horietako bat Gureak-en zerbitzu okupazionalaren formularen bitartez da: urritasuna duten pertsonen garapen pertsonala bilatzuz Gipuzkoako Foru Aldundiarekin hitzartutako zerbitzua, gizarte- eta lan-arloko gaitasunak praktikan jartzea ahalbidetzen duten benetako produkzio-jardueretan parte hartuz. Eta, Atzegik eta Gureakek hitzarmen bat sinatuta, pertsona horrek enpresan okupazio-zerbitzu hori jasoko duela bermatzen da. Zerbitzu okupazionala ingurune arruntera eraman izana programaren izaera berritzailearen erakusgarri da. Jarraipenerako beste formula bat zuzeneko kontratazioa da, nahiz eta modalitate horretan sartzeko, oro har, denbora luzeagoa behar dugun, programa honetan parte hartzen duten pertsonen profila dela eta.

Bete al dira Pauso Berriak programaren aurreikuspenak?

Ilusio handia sortu zuen proiektu berritzailea zen, baina 10 urte geroago errealitate bat da, helburuak bete ditugu. Une honetan pertsona gehiagoren ilusioak gauzatzen eta aukerak hobetzen jarraitu nahi dugu.

Hamarkada honetan, aldatu al da enpresen begirada?

Zalantzarik gabe, hasieran, programa aurkeztu behar genuenenean, gure ekarpenen aurrean zalantza asko sortzen ziren; orain, ordea, hori aldatu egin da. Pauso Berriak programaren bitartez, presentzia izugarria lortu dugu ostalaritzan, udaletxeetan, egoitzetan, hezkuntzan… Adimen-urritasuna duten pertsonei ikusgaitasun handia eman diegu hainbat testuingurutan, eta, azkenean, hori da lortu nahi duguna. Baina bilakaera hori gizartean ere gertatu da, adimen-urritasuna duten pertsonek gero eta gehiago parte hartzen dute eremu guztietan, eta urrats txiki horiek aurrera egiteko balio izan dute.

Hala eta guztiz ere, oraindik enpresa batzuk uzkur daude, baina barruan gaudenean eta ezagutzen gaituztenean, errazago ikusten dute.

Zer mezu helaraziko zenieke enpresa horiei?

Funtsean, probatu dezatela, beraien planteamenduak desegituratu ditzakegula uste dute, baina gure lana eta sortzen dugun giro ona ikusten dutenean, azkenean konbentzitu egiten dira. Egiaztatuta dago adimen-urritasuna duten pertsonek, ekoizteaz gain, giro positiboa sortzen dutela. Beraz, proba dezatela eta ikus dezatela zer dakarren ezaugarri horiek dituen pertsona bat enpresan izateak.

Zeintzuk dira datozen urteetarako erronkak?

Adimen-urritasuna duten pertsonen aukerak areagotzeko lanean jarraitu nahi dugu, pertsona bakoitzarentzako “neurriko jantzia” aurkitu nahi dugu. Gure erronka beti izan da gizarte hobea eraikitzea, eta pertsonarengan, haren familian eta enpresetan dugun eraginaren bitartez lortzen dugu. Horrela adierazten digute, eta horrek eragina du gizartean. Adimen urritasuna duten pertsonak sentsibilizatzen eta ikusarazten jarraitu nahi dugu, gizarte inklusiboagoa lortzeko. Horixe izango da gure arrakasta eta adimen-urritasuna duten pertsonen eskubideen alde lan egiten dugun erakunde guztiona.

*Foto cedida por Jon Fernández

Artículos relacionados





    Ver Política de privacidad

    Skip to content