Skip links

Gorabideren “Pertsona Irisgarriak”

Gorabide elkarteak Pertsona irisgarriak izeneko programa du.

Pertsona bat errespetuzkoa, adeitsua eta gertukoa denean irisgarria dela esaten dugu.

Baita pazientzia daukanean eta argi azaltzen duenean ere.

 

Jendearen arretarako profesionalak irisgarriagoak izatea

lortu nahi du programa honek.

Urritasunen bat duten pertsonak prestatzaileak dira,

eta jendeari arreta emateko langileei

irisgarriagoak izaten irakasten diete.

 

Dagoeneko, hainbat erakundetan

jendearen arretan aritzen diren 600 profesional baino gehiago trebatu dituzte.

Esaterako, Bizkaiko Foru Aldundiko, Guggenheim Museoko, Metro Bilbaoko, Kutxabankeko

eta Euskalteleko profesionalak.

 

Gorabidek uste du inguruneak eta pertsonak irisgarriak izan behar direla.

“Inklusioa ereiten” epigrafearekin, kide diren erakundeek gauzatutako jardunbide onak bildu ditu FEVASEK, elkarte-mugimenduak eta urritasunen bat duten pertsonek gizarte inklusiboagoaren eraikuntzan izan duten eginkizun erabakigarria nabarmentzeko. Esperientzia eraldatzaile horietako bat Gorabideren “Pertsona Irisgarriak” da. Programa horretan, adimen urritasuna duten pertsonek prestakuntza eskaintzen diete jendearen arretarako zerbitzuetako langileei, jarrera irisgarriak sustatzeko. Juan Cruz Baranda eta Diana Cabezas, programako partaideek, azaldu digute

Gorabiden honela definitu dira pertsona irisgarriak: “Beren ingurunea aldatu nahi dutenak, ulertuak izateko hitz egiten dutenak, besteei parte hartzen uzten dietenak, modu hurbilean eta naturalean azaltzen dutenak, hitzik gabeko ahozko komunikazioaz (irribarreak edo kontaktu bisuala) laguntzen direnak, galdera laburrak eta zuzenak egiten dituztenak, erantzuteko denbora uzten dutenak, bestearen lekuan jartzen dakitenak, eta atseginak, errespetuzkoak, pazienteak, malguak, ausartak eta zintzoak direnak”. Gero eta gehiago diren arren, elkarte honetan horien kopurua biderkatzea bilatzen dute.

Sentsibilizazio eta prestakuntza programa hori Urritasuna duten Pertsonen Eskubideei buruzko NBEren Konbentzioaren 9. artikuluan jasotako irisgarritasunerako eskubidean oinarritzen da. “Pertsona guztiok dugu bulego, ospitale, kultur etxe edo supermerkatuetan sartzeko eta ulertzeko errazagoa den idatzizko edo ahozko informazioa izateko eskubidea, baina pertsonak ere irisgarriagoak izan gaitezke”, dio Juan Cruzek.

Ildo horretan, Dianak jarrerazko hesietan jartzen du fokua. “Ikusezinak dira, baina oso garrantzitsuak, eta horiek gainditzeko, hiru osagai hauek hartu behar ditugu kontuan: kognitiboa, gure bizitzako alderdi ezberdinei buruz ditugun aldez aurreko ideiei buruzkoa; afektiboa, ideia horiekin batera dauden emozioei loturikoa; eta konduktuala, neurri batean emozioak eta ideiek zehazten dutena, era kontzientean edo inkontzientean”. Gaineratu duenez, gai horri buruz Britainia Handian Audenek eta Mc Carthyk egindako txosten bateko datuak txundigarriak dira. Txosten horren arabera, herritarren %67a deseroso sentitzen da adimen urritasunen bat duen pertsona batekin hitz egiteko orduan; %21ek saihestu egin dute haiekin hitz egitea, ez direlako eroso edo seguru sentitzen beraien jokatzeko moduari dagokionez; eta %43 kezkatuta dago, adimen urritasuna duen pertsona batekin hitz egiten dutenean zerbait desegokia egin edo esatearen beldur.

“Horrek guztiak bi frontetan jardun genezakeela ondorioztatu zigun; batetik, gizarteak adimen urritasunari buruz duen informazioa hobetuz, eta, bestetik, eguneroko testuinguruetan bien artean elkarreragiteko aukerak areagotuz”. Beraz, “zenbat eta aukera gehiago izan gure eguneroko bizitzan adimen urritasunen bat duten pertsonekin elkarreragiteko, orduan eta aukera gehiago izango dugu haiekiko jarrera positiboak pizteko. Beraz, zelan jardun edo zelan ikasi landu nahi genuen, eta baita pertsona irisgarriak izateko jarrera jakin batzuk zelan jorratu ere”.

Juan Cruzek azaldu du aldez aurretik pertsona irisgarriak definitzen dituzten ezaugarriei buruz galdetu zutela. 88 pertsonaren –profesionalen, familien, ikasleen eta adimen-urritasuna duten pertsonen artean– erantzunarekin haien ezaugarriak zehaztu zituzten. Oso informazio baliagarria izan zen, eta adimen urritasuna duten pertsonek jendeari arreta emateko langileei ematen dieten prestakuntza diseinatzeko balio izan zien.

BBK-k finantzatutako programa horren bitartez, Gorabidek Bizkaian erreferenteak diren zortzi erakundetako profil desberdinetako ia 600 profesionalen jarrera irisgarriak sustatu ditu, Bizkaiko Foru Aldundia, BetiON zerbitzua, Bilbao Turismo, Itsasmuseum, Guggenheim Museoa, Metro Bilbao, Kutxabank eta Euskaltel, besteak beste.

Ekimen horrek agerian uzten du pertsonak inguruneak bezain garrantzitsuak direla, eta guztiei eskatzen die aldaketa horretan parte hartzeko. Juan Cruzen hitzetan: “Gure bizi-kalitatea hobetzen duten aldaketak interesatzen zaizkigu, eta horiek posible egiten lagundu nahi dugu”.

Artículos relacionados

Begoña Pedrosa, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailburua. Elkarrizketa honetan Hezkuntza Sailburuak azaldu du hezkuntza inklusiboari lotuta zein erronka dituen sailak. Azpimarra nagusia inklusioaren kulturari eustearen eta zabaltzearen garrantzian jarrita dago. Ildo horretan, adierazi du beharrezkoa dela inklusio-ereduari tresnak, laguntzak eta egiturak

Juanjo Muñoz Ros. Plena inclusióneko Irisgarritasun Kognitiboko arduraduna Murtziako Eskualdean. Komunitate horretan aitzindaria den eta inguruneak seinaleztatzen eta materialak ekoizten lan egiten duen irisgarritasun kognitiboko ‘Informazio Irisgarria’ zerbitzua abian jartzea koordinatu du udal eta erakunde publiko eta pribatu askorekin.

Juana M. Hernández Rodríguez. Psikologoa eta hezkuntza-orientatzailea, eskola-jazarpenean aditua. Hainbat argitalpenen egilea da, eta horien artean “Acoso escolar y Trastorno del Espectro Autista. Guía de actuación para profesorado y familias” nabarmentzen da.

Harpidetu zaitez
gure Newsletterrera

Skip to content