Skip links

“Espazio irisgarri batek ikusgai egiten du inklusioaren alde egin den ahalegina”

Juanjo Muñozek ikastetxe irisgarriak nolakoak diren azaldu du.
Ikastetxe irisgarri batek irisgarritasun fisikoa, sentsoriala
eta kognitiboa hartzen ditu kontuan.

Irisgarritasun kognitiboa ulertzeko eskubidea da.
Eskubide horrek ekarriko du pertsona guztiak
inguruan segurtasunez mugitu ahal izatea,
gelan lantzen dena ulertzea
eta errespetuzko tratua jasotzea.

Irisgarritasun kognitiboa kontzeptu zabala da.
Irakurketa errazeko informazioarekin,
komunikazio-sistema handigarri eta alternatiboekin, piktogramekin
eta seinaleztapen egokiarekin garatzen da.
Irisgarritasun kognitiboa pertsona guztientzat da ona.

Juanjok esan du ikastetxe irisgarriak lortzeko
irakasleen, familien eta ikasleen
parte-hartzea behar dela.
Gainera, garrantzitsua da
adimen-desgaitasuna duten pertsonen parte-hartzea.
Pertsona horiek espazioak ebaluatzen dituzte
eta hobetzeko neurriak proposatzen dituzte.

Ikastetxe irisgarri batek abantaila asko ditu.
Leku lagunkoiagoa da, inklusiboagoa,
eta pertsona guztien eskubideak errespetatzen ditu.

Erabilera libreko materialak:

Cómo hacer colegios más fáciles de entender para todas las personas: Manual de accesibilidad cognitiva para colegios de educación infantil y primaria (Plena inclusión Murcia)

Manual de señalización para tu asociación (Plena inclusión Murcia)

 

Juanjo Muñoz Ros

Plena inclusióneko Irisgarritasun Kognitiboko arduraduna Murtziako Eskualdean. Komunitate horretan aitzindaria den eta inguruneak seinaleztatzen eta materialak ekoizten lan egiten duen irisgarritasun kognitiboko ‘Informazio Irisgarria’ zerbitzua abian jartzea koordinatu du udal eta erakunde publiko eta pribatu askorekin.

Ikastetxeetako irisgarritasuna ez da azpiegitura kontua soilik, inklusioaren, ekitatearen eta pertsona guztien ongizatearen aldeko apustua ere bada. Elkarrizketa honetan, Muñozek adierazi du espazio irisgarri batek ikusgai egiten duela inklusioaren alde egin den ahalegina. Etengabe gogorarazten digu guztiok eskubide berberak ditugula eta espazio honen parte garela.

Plena inclusión Murtziak gida bat argitaratu zuen ikastetxeak irisgarriago egiteko. Zer esan nahi du zehazki “irisgarritasun kognitiboak” eskola-testuinguruan? Zergatik da garrantzitsua?

Beste testuinguru batzuetan bezala, irisgarritasun kognitiboak pertsonak ulertzeko duen eskubidea dakar berekin. Hala ere, eskola-ingurunean eskubide horrek are pisu handiagoa du, eskola baita sozializazioaren lehen esparrua. Hasieratik, espazio horrek ikasleen orainean zein etorkizunean eragina izango duten aukerak ireki edo itxi ditzake.

Irisgarritasun kognitiboa funtsezko eskubidea da beste eskubide batzuk lortzeko. Horrek esan nahi du ikasle guztiek euren hezkuntza-testuinguruan familiartasunez eta segurtasunez moldatzeko eskubide bera dutela: espazio fisikoetan, edukietan eta beste pertsona batzuekiko tratuan.

Batzuetan irisgarritasun kognitiboa piktogramen erabilerarekin lotzen da; zer argitu behar da hori baino askoz gehiago dela ulertzeko?

Piktogramak irisgarritasun kognitiboaren parte dira, baina ez guztia. Hori oso ondo azaltzen du irisgarritasun kognitiboa berariaz sartu zen Desgaitasunari buruzko Lege Orokorra erreformatu zuen legediak. Argitu du irisgarritasun kognitiboa kontzeptu zabala dela, eta hainbat tresnaren bidez gauzatzen dela, hala nola irakurketa errazaren, komunikazio sistema handigarri eta alternatiboen (KSHA) eta piktogramen bidez, beste elementu bat bezala.

Piktogramak seinaleztapenean zein komunikazioan erabil daitezke, baina garrantzitsua da ulertzea seinaleztatzea eta piktografiatzea ez direla gauza bera. Espazio askotan –baita ikastetxeetan ere– oraindik asko dago egiteko. Kontua ez da ate edo korridore bakoitzean piktograma bat jartzea, irisgarritasun-katea errespetatuko duen seinaleztapen-sistema koherente bat ezartzea baizik. Elementu bakoitza aurrekoarekin lotuta dago eta sekuentziarekin jarraitu behar du.

Azkenik, oso garrantzitsua da eraikitako inguruneek balioztatuta eta homologatuta dauden piktogramak, unibertsalak deiturikoak, erabiltzea.

Zer alderdi hartu behar ditu kontuan seinaleztapenak ikasle guztiak eskola-eremuan moldatu ahal izateko?

Ikastetxeak ez dira talde espezifiko batean pentsatuta seinaleztatu behar, ikasle guztiak kontuan hartuta baizik. Horregatik, seinaleztapena diseinu unibertsalaren printzipioen arabera arautu behar da. Modu errazean esanda pertsona guztientzat baliozko tresna bakar bat sortzean datza. Ildo horretan, funtsezkoa da seinaleztapenean piktograma unibertsalak erabiltzea, hau da, ikasleek kalean aurki ditzaketen piktograma berberak erabiltzea eskolan.

Hezkuntza-komunitateak seinaleztapen-prozesuan parte hartzea ere funtsezko elementua da: ikasleak, irakasleak eta familiak, ahal den guztietan. Horrek, proiektua komuna izatea ahalbidetzen du. Plena inclusión gure elkarte-mugimenduak, metodologia parte-hartzaile hori sustatzen du: espazioak aldez aurretik ebaluatzen dira, eta gero balioztatu, esku hartu ondoren, benetan irisgarriak direla ziurtatzeko.

Zer eginkizun dute adimen-desgaitasuna duten pertsonek ingurune irisgarrien diseinuan?

Plena inclusiónen, adimen- edo garapen-desgaitasuna duten pertsonen eskutik, haiekin batera, egiten dugu dena. Bereziki hain modu zuzenean eragiten dieten gaietan, ezin ditugu bazterrean utzi.

Lortu dugu, adibidez, irakurketa errazaren kalitate-arauak ulermen-zailtasunak dituzten pertsonen balioztatze-prozesua aitortzea, gure kasuan adimen-desgaitasuna duten pertsonei dagokienez. Plena inclusiónen, parte-hartze hori irakurketa errazaren eremura mugatzeaz gain, irisgarritasun kognitiboaren beste aplikazio batzuetara ere zabaltzea sustatzen dugu, irisgarritasun digitalera edo eraikitako inguruneetara, besteak beste.

Irisgarritasun kognitiboaren aplikazioa gidatzen duten arauak, jarraibide teknikoak eta profesionalak badaude ere, ezin dugu desgaitasuna duten pertsonen parte hartzea ahaztu. Parte-hartze hori, gure kasuan profesionala eta ordaindua dena, gure elkarte-mugimenduak ingurune benetan irisgarriak eraikitzeko ematen duen balio erantsia eta plus bereizgarria da. Irizpide hori ez dago seinaleztapen arauetan jasota, baina ziur gaude azken produktua hobetzen duela.

Nola laguntzen du irisgarritasun kognitiboak eskola kultura inklusiboagoa sortzen?

Eraikin irisgarriek eragin positiboak dituzte ikasleengan, batez ere hezkuntza-premia bereziak dituztenengan, batzuetan, jokabide desafiatzaileak edo nahi ez direnak eragin ditzaketen estresa eta antsietatea murrizten baitituzte. Ingurune irisgarri batek konfiantza handiagoa sortzen du, eta pertsona bakoitza atetik sartzen den lehen unetik, harreratik, autonomoagoa izan dadin aukera ematen du. Eraikin irisgarriaren bidez zentrora iristea errazten badugu, dena errazagoa izango da.

Irisgarritasunak modu askotan eta oso modu positiboan du eragina. Espazio irisgarria egiteak pertsona guztientzat ingurune lagunkoia sortzea esan nahi du, ez kolektibo espezifiko batentzat. Gainera, agerian uzten du inklusiorako egin den ahalegina. Etengabe gogorarazten digu guztiok eskubide berberak ditugula eta espazio honen parte garela.

Erabilera libreko materialak:

Cómo hacer colegios más fáciles de entender para todas las personas: Manual de accesibilidad cognitiva para colegios de educación infantil y primaria (Plena inclusión Murcia)

Manual de señalización para tu asociación (Plena inclusión Murcia)

 

Artículos relacionados

Begoña Pedrosa, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailburua. Elkarrizketa honetan Hezkuntza Sailburuak azaldu du hezkuntza inklusiboari lotuta zein erronka dituen sailak. Azpimarra nagusia inklusioaren kulturari eustearen eta zabaltzearen garrantzian jarrita dago. Ildo horretan, adierazi du beharrezkoa dela inklusio-ereduari tresnak, laguntzak eta egiturak

Juanjo Muñoz Ros. Plena inclusióneko Irisgarritasun Kognitiboko arduraduna Murtziako Eskualdean. Komunitate horretan aitzindaria den eta inguruneak seinaleztatzen eta materialak ekoizten lan egiten duen irisgarritasun kognitiboko ‘Informazio Irisgarria’ zerbitzua abian jartzea koordinatu du udal eta erakunde publiko eta pribatu askorekin.

Juana M. Hernández Rodríguez. Psikologoa eta hezkuntza-orientatzailea, eskola-jazarpenean aditua. Hainbat argitalpenen egilea da, eta horien artean “Acoso escolar y Trastorno del Espectro Autista. Guía de actuación para profesorado y familias” nabarmentzen da.

Harpidetu zaitez
gure Newsletterrera

Skip to content