Skip links

“Inklusioaren kulturari eustea eta zabaltzea da erronka”

Hezkuntza-politiketan, nola hartzen dira kontuan
adimen-desgaitasuna, autismoa eta garun-paralisia duten ikasleak?

Gure hezkuntza-sisteman,
ikasleak dira beti garrantzitsuena.
Desgaitasunen bat duten ikasleak ere hor sartzen dira.

17/2023 Hezkuntzako Euskal Legeak
hezkuntza sistema bidezkoagoa,
inklusiboagoa eta kalitatezkoagoa sustatzen du.
Ikasleen aniztasunari
erantzuten dion dekretu bat ere badugu.

Gure helburua da desgaitasuna duten ikasleak
ikasgelako bizitzaren parte izatea,
ikaskuntzan parte hartzea eta aurrera egitea.
Bakoitzaren erritmoa errespetatuz
eta behar dituen laguntzekin.

Zer arautegi berrik ekarri ditu hobekuntzak
desgaitasuna duten ikasleentzat eta familientzat?

Arreta goiztiarra indartzea aurrerapen garrantzitsua da.
Garrantzitsua da ikasleen beharrak laster detektatzea.
Horrela, lehenago lagundu dezakegu
eta laguntza-zerbitzuak hobeto koordinatu ditzakegu.

Jarduera plan pertsonalizatuak ere hobetu dira.
Plan horiek laguntzak antolatzen dituzte,
helburuak jartzen dituzte
eta ikasle bakoitzaren jarraipena egiten laguntzen dute.

Gainera, arau berriek egokitzapenak egiten dituzte ebaluazioan
eta arreta espezifikoa ematen dute etapa-aldaketetan,
ikasleak ondo lagunduta egon daitezen.

Familiak oso garrantzitsuak dira.
Erabakietan parte hartzen dute,
informazioa eskaintzen dute
eta hezkuntza-erantzunaren parte dira.
Familia askok esaten dute entzunak sentitzen direnean,
denak hobeto funtzionatzen duela.

Zer laguntza ematen diete ikastetxeek desgaitasunen bat duten ikasleei?

Laguntzak oso goiz hasten dira
eta eskola-etapa osoan jarraitzen dute.
Askotan, zailtasunak 6 urte bete aurretik antzematen dira,
eta une horretatik aurrera jarduten da.

Hezkuntzaren etapa guztietan
neurriak hartzen dira haur guztien ikaskuntza
eta parte-hartzea errazteko.

Gainera, laguntza pertsonalak daude.
Adibidez, irakasle espezialistak,
fisioterapeutak edo zeinu-hizkuntzako interpreteak.
Profesional horiek ikasleei laguntzen diete,
irakasleekin aritzen dira
eta familiei segurtasuna ematen diete.

Zeintzuk dira Hezkuntza Aniztasun eta Inklusiorako Zuzendaritzaren erronkak?
Erronka bat irakasleen prestakuntza da.
Beste erronka bat hezkuntza-inklusiorako
erreferentziazko zentro bat sortzea da.
Zentro horrek ezagutza handiagoa izateko balioko du.
Zentro horrek FEVAS bezalako erakundeekin,
laguntza zerbitzuekin eta unibertsitateekin egingo du lan.

Garrantzitsua da, baita ere,
profesional espezializatuen gaitasunak eguneratzea.

Laburbilduz, erronka da zentroetan inklusioaren kultura indartzea
eta inklusiorako laguntza eta tresnak ematea.

Nola baloratzen duzu Hezkuntza Sailak FEVASekin duen lankidetza?

FEVASekin bilerak egiten ditugu aldizka,
hainbat gai aztertzeko.
Familiekin eta elkarteekin etengabe hitz egiteak
aukera ematen digu ikasteko,
haien beharrak hobeto ulertzeko
eta inklusioan aurrera egiteko.
Harreman horri esker,
irtenbide partekatuak bila ditzakegu.

Begoña Pedrosa, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailburua

Elkarrizketa honetan Hezkuntza Sailburuak azaldu du hezkuntza inklusiboari lotuta zein erronka dituen sailak. Azpimarra nagusia inklusioaren kulturari eustearen eta zabaltzearen garrantzian jarrita dago. Ildo horretan, adierazi du beharrezkoa dela inklusio-ereduari tresnak, laguntzak eta egiturak eskaintzea, sakontasunean eta egonkortasunean irabazten jarraitu ahal izateko.

Hezkuntza arloko gero eta testuinguru konplexuagoan, nola ari da txertatzen adimen-desgaitasuna, autismoaren espektroko nahasmenduak eta garun-paralisia dituzten ikasleengan oinarritutako ikuspegia hezkuntza-politiketan?

Gure hezkuntza-sisteman, ikasleengan oinarritutako ikuspegia da gure ekintza osoaren ardatz nagusia. Hori da gure politiken oinarria, eta oso nabarmen islatzen da adimen-desgaitasuna, AEN edo garuneko paralisia duten ikasleei buruz hitz egiten dugunean. Ikuspegi hori hezkuntza sistemaren bihotzaren parte da, baita Euskadiko eskola ulertzeko moduaren parte ere.

Hezkuntzaren Euskal Legeak, 17/2023 Legeak, ekitatea, bikaintasuna, inklusioa eta gizarte kohesioa ardatz hartuta bultzatzen du hezkuntza sistemaren eraldaketa. Eusko Jaurlaritzak eta nik neuk, sailburu gisa, prozesu hori gidatzeko eta ikasle guztientzako ongizatea eta hezkuntzako erantzun inklusibo onenak ziurtatzeko konpromisoa hartzen dugu. Horretarako, arauaren garapen bat eta plan estrategikoak ditugu, eta horien artean hezkuntza sistema inklusibo baten esparruan aniztasunari erantzuteko 78/2024 Dekretua nabarmentzen da, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko ikastetxeetako ikasleei zuzendua.

Dekretu horrek oso esparru etiko argian jartzen du aniztasunari eman beharreko erantzuna: giza duintasuna, desberdintasunen aitorpena, pertsona zaurgarrienen babesa eta irisgarritasuneko eta ikaskuntzako oinarrizko baldintzak bermatzeko erantzukizuna. Helburua irisgarritasun unibertsala bermatzen duten kalitatezko hezkuntza-eredu ekitatiboak garatzea da, beren antolaketan, metodologietan eta curriculum-neurrietan egokitzeko gai diren ikastetxeetan, ikasle guztiengana iristeko eta “guztiontzako eskola” kontzeptua errealitate bihurtzeko, hain zuzen.

Ikastetxeetara egiten diren bisitetan ikusten dugu hori guztia nola gorpuzten den egunerokoan: geletako denborak doitzeko ohitura berriak, estimuluak murrizteko espazioak berrantolatzen dituzten ekipoak, zailtasun gehien dituztenengan pentsatuz euren azalpenak emateko modua berrikusten duten irakasleak. Ni bereziki hunkitzen nau ikasleak beren ikaskideei nola laguntzen dieten azaltzen entzuteak; hor ikusten da aldaketa ere badela kulturala. Gure helburua desgaitasuna duten ikasleak ikasgelako bizitzan egotea, ikasgelan parte hartzea eta ikaskuntzan aurrera egitea da, bakoitza bere erritmoan eta beharrezko laguntzekin.

Zer aurrerapen nabarmenduko zenituzke desgaitasunen bat duten ikasleen benetako aitorpenean eragina izan duen duela gutxiko arau-diseinuan? Eta ikasle horien familiekiko harremanean?

Euskadin, aniztasunarekiko arreta ulertzeko moduan benetako aldaketa bultzatzen duen arau-esparrua finkatu dugu. Hezkuntzari buruzko Euskal Legeak erdigunean jartzen ditu ekitatea eta inklusioa, eta aniztasunari erantzuteko dekretu berriak definitzen du nola aplikatu behar diren printzipio horiek eguneroko jardunean. Horrek esan nahi du adimen-desgaitasuna, AEN edo garun-paralisia duten ikasleek –eta laguntza behar duen edozein ikaslek– eskubidea dutela ingurune irisgarrietan eta ahalik eta normalizatuenetan neurri pertsonalizatuak jasotzeko.

Aurrerapen garrantzitsuenetako bat da detekzio eta esku-hartze goiztiarra indartzea. Hain zuzen, inplikatutako zerbitzuak hobeto koordinatzeko eta lehenago jarduteko aukera ematen duena. Jarduketa-plan pertsonalizatuek ere protagonismoa hartu dute. Plan horien bidez laguntzak antolatzen dira, helburuak finkatzen dira eta ikasle bakoitzaren bilakaera jarraitzen laguntzen da. Araudiak, gainera, arreta berezia jartzen du ebaluazioaren egokitzapenean, eta hezkuntzako etapen arteko trantsizioetan ere bai: Haur Hezkuntzatik Lehen Hezkuntzara, Lehen Hezkuntzatik Bigarren Hezkuntzara edo Bigarren Hezkuntzatik beste etapa batzuetarako aldaketetan hobeto laguntzea da helburua.

Familiek funtsezko lekua dute prozesu horretan: erabaki garrantzitsuetan parte hartzen dute, funtsezko informazioa ematen dute eta hezkuntza-erantzunaren eraikuntzaren parte dira. Bilera askotan jakinarazten digute entzunak sentitzen direnean dena hobeto dabilela, eta hori asko baloratzen dugu.

Zer baliabide eta neurri bultzatzen ari dira ikastetxeetan adimen-desgaitasuna, AEN eta garun-paralisia duten ikasleentzako laguntzak bermatzeko?

Laguntza-sarea laster abiatzen da eta eskolatze osoan zehar laguntzen du. 13/2016 Dekretuan jasotako eta hezkuntzaren, osasunaren eta gizarte-zerbitzuen arteko lankidetzan garatutako arreta goiztiarraren ereduak laguntzen du egoera asko sei urte bete aurretik detektatzen. Familiei eta ikastetxeei dagokienez, diagnostiko goiztiar horrek lan doituagoa eta lasaiagoa egiteko aukerak zabaltzen zaizkie.

Hortik aurrera, hezkuntzako etapa guztietan ikaskuntzak eta parte-hartzea errazten dituzten neurriak jartzen dira abian. Ikastetxearen antolaketan, ikasgelaren dinamikan eta curriculumean eragina duten erabakiez ari gara hizketan. Kontua da begirada aldatzea: ikasleak beste modu batera taldekatzea, modu eskuragarriagoan azalpenak ematea, erritmoak doitzea eta irizpide malguagoekin ebaluatzea egoerak hala eskatzen duenean. Neurri horien helburua ikasleen eskolatzea, iraupena eta parte-hartzea ekitate-baldintzetan bermatzea da.

Neurri horiekin batera laguntzak daude, hau da, erabaki horiek praktikan funtzionatzea ahalbidetzen duten baliabide pertsonalak, materialak eta komunitarioak. Ikasgelako eguneroko bizitzako neurri eta laguntza unibertsalak eta espezifikoagoak konbinatzen ditugu. Konplexutasun handiko egoera zehatzetan, ikastetxe espezifikoetan eskolatzeak oso laguntza intentsiboak eta bereziki egokitutako inguruneak eskuratzea errazten du.

Gainera, sare horri eusten dioten profil profesionalak erabakigarriak dira: pedagogia terapeutiko eta entzumen nahiz hizkuntza irakasleak, hezkuntza-laguntzarako espezialistak, langile ibiltariak, fisioterapeutak, terapeuta okupazionalak eta zeinu-hizkuntzako interpreteak, besteak beste. Talde horiek ikasleei laguntzen diete, irakasleak orientatzen dituzte eta familiei segurtasuna transmititzen diete. Profesional horiekin hitz egiten duzunean, oso oinarrizkoa den zerbait gogorarazten dizute: irakasleei ondo lagundu gabe ezinezkoa da ikasleei ondo laguntzea.

Gainera, hezkuntza ikuskaritza, baliabide espezializatuko zentroak eta ospitaleratze egoeretarako, tratamendu luzeetarako edo behar terapeutikoetarako dispositiboak ditugu. Eta ingurune komunitarioko erakundeekin lan egiten dugu, inklusioa ikasgelatik kanpo ere eraikitzen delako.

Une honetan, ikastetxe bakoitzak ezagutu eta erabili behar dituen neurri unibertsal, osagarri eta intentsiboak xehetasun handiagoz deskribatzen dituen arau-garapena borobiltzen ari gara. Helburua da argitasun handiagoa eskaintzea eta erantzunak hobeto oinarrituta egotea. Edozein ikastetxe handik edo txikik, hirikok edo landakok, zein tresna dituen argi eta zehatz jakin dezan nahi dugu.

Zeintzuk dira Hezkuntza Aniztasunerako eta Inklusiorako Zuzendaritzaren erronka nagusiak benetako inklusioa lortzeko?

Hezkuntza Aniztasunerako eta Inklusiorako Zuzendaritza sortu da lan hori guztia antolatzeko, indartzeko eta koherentzia emateko. Erronka nagusia da inklusioa ikastetxeetan erabakiak hartzeko moduaren oinarrian egotea, jarduera puntualetatik harago. Horretarako, laguntza, laneko ildo argiak eta denboran eutsiko dioten egiturak behar dira.

Erronka argienetako bat irakasleen prestakuntza da. Ikastetxeetan batzuetan egoera jakin batzuen aurrean gainezka egin duten konpromiso handiko profesionalak aurkitzen ditugu. Oztopoak identifikatzeko tresnak, euren jardunbidea egokitzeko baliabideak eta zalantzak nahiz ikaskuntzak partekatzeko espazioak behar dituzte. Zuzendaritza prestakuntza- eta laguntza-ekintzak bultzatzen ari da, zeregin hori eramangarriagoa eta eraginkorragoa izan dadin, eta edukiak eskuratzeko eta ikasitakoa adierazteko hainbat modu eskaintzen laguntzen duten Ikaskuntzarako Diseinu Unibertsalaren printzipioak ere txertatzen ditu.

Laneko beste ardatz bat hezkuntza-inklusioa garatzeko zentro espezifiko bat abian jartzea da. Ikastetxe horrek erreferentzia gisa jardungo du ikastetxeentzat, ezagutza sortuko du, egiteko modu berriak probatuko ditu eta dagoeneko martxan daudenak ebaluatzen lagunduko du. FEVAS bezalako erakundeekin, laguntza zerbitzuekin eta hezkuntza komunitateekin harreman estuan egingo du lan. Aldi berean, Zuzendaritzak akordioak bultzatzen ditu unibertsitateekin, irakasleen ikerketa, hasierako prestakuntza eta etengabeko prestakuntza ikastetxeen benetako premiekin hobeto lerrokatzeko.

Era berean, profil espezializatuen –pedagogia terapeutiko, entzumen nahiz hizkuntza irakasleak, orientazio irakasleak, irakasle aholkulariak– gaitasunak eguneratuta edukitzea erronka bat da, funtsezko zeregina baitute aholkularitzan eta irakasle-taldeekiko lankidetzan. Gainera, familiek asko baloratzen dituzten alderdiak zaintzen ditugu, hala nola, konfidentzialtasuna eta ikasleen informazioaren erabilera egokia. Jardunbide onak zabaltzen laguntzen ari gara, eta euskal hezkuntza-sisteman eskola inklusiboak nola eboluzionatzen duen hobeto ezagutzeko aukera emango diguten azterlanak bultzatzen ere bai.

Azken batean, erronka da ikastetxe askotan dagoeneko presente dagoen inklusio-kulturari eustea eta hura zabaltzea, eta tresnak, laguntzak eta egitura ematea, sakontasuna eta egonkortasuna irabaz ditzan. Hori da Zuzendaritzaren zeregina: hezkuntza-sistema bera bere egiten hasi den aldaketari laguntzea, ordenatzea eta bultzada ematea.

FEVASekiko lankidetza funtsezkoa izan da. Zer balio ematen diozu harreman horri?

Hezkuntza Sailak bilera sistematikoak egiten ditu FEVASekin, garatu beharreko gai orokorrak ez ezik, sortzen diren leku bakoitzeko egoerak eta gaiak aztertzeko. Familiekiko eta haien erakundeekiko etengabeko elkarrizketa-eredu horretan ikasten, enpatizatzen eta hobekuntzak eta eraldaketak garatzen ari gara inklusioaren eremuan. Lankidetza hori funtsezkoa da irtenbide adostuak eta kontrastatuak emateko.

 

Artículos relacionados

Begoña Pedrosa, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailburua. Elkarrizketa honetan Hezkuntza Sailburuak azaldu du hezkuntza inklusiboari lotuta zein erronka dituen sailak. Azpimarra nagusia inklusioaren kulturari eustearen eta zabaltzearen garrantzian jarrita dago. Ildo horretan, adierazi du beharrezkoa dela inklusio-ereduari tresnak, laguntzak eta egiturak

Juanjo Muñoz Ros. Plena inclusióneko Irisgarritasun Kognitiboko arduraduna Murtziako Eskualdean. Komunitate horretan aitzindaria den eta inguruneak seinaleztatzen eta materialak ekoizten lan egiten duen irisgarritasun kognitiboko ‘Informazio Irisgarria’ zerbitzua abian jartzea koordinatu du udal eta erakunde publiko eta pribatu askorekin.

Juana M. Hernández Rodríguez. Psikologoa eta hezkuntza-orientatzailea, eskola-jazarpenean aditua. Hainbat argitalpenen egilea da, eta horien artean “Acoso escolar y Trastorno del Espectro Autista. Guía de actuación para profesorado y familias” nabarmentzen da.

Harpidetu zaitez
gure Newsletterrera

Skip to content