FEVASek Euskadiko Eskola Segregazioaren Aurkako Ituna-Eskola Bikaina Denontzat ekimenean parte hartzea ikasle guztien presentzia, parte-hartzea eta ikaskuntza bermatzeko gai izango den eskola benetan inklusiborantz aurrera egiteko dugun konpromisoaren barruan dago.
Itun honen helburua hezkuntza-sistema ekitate eta inklusio handiagorantz orientatzea da, kolektibo jakin batzuetan eragin berezia duten segregazio-egoerak prebenituz eta jorratuz. Kolektibo horien artean desgaitasuna duten ikasleak daude, eta haien errealitatea eta beharrak presente egon behar dira hezkuntza-politiken diseinuan eta garapenean.
Ikuspegi horretatik, FEVASek funtsezkotzat jo zuen prozesu honetan modu aktiboan parte hartzea, gure ikuspegia eta esperientzia mahai gainean jarriz. Gure ekarpena adimen-desgaitasuna, autismoaren espektroko nahasmenduak eta garuneko paralisia duten ikasleen eta haien familien eguneroko errealitatearen ezagutzatik abiatzen da, eta hezkuntza inklusiboa baldintza berdinetan bermatu beharreko eskubide gisa aitortzen duen eskubideen ikuspegian oinarritzen da. Ikuspegi horretatik, FEVASek familien eta ikasleen beraien begirada ekartzen du, oraindik dauden oztopoak identifikatzeko eta beharrezko eraldaketak bultzatzeko, hezkuntza-kulturek, -politikek eta -jarduerek modu koherente eta koordinatuan hezkuntza inklusiboagoranzko bidean aurrera egin dezaten.
Lehen urrats gisa, prozesua Euskadiko eskola-segregazioaren egoerari buruzko diagnostikoaren aurkezpenetik abiatu zen. Azterketa horri esker, segregazioan eragina duten faktoreak hobeto ezagutu eta hobetu beharreko eremuak identifikatu ahal izan dira.
2025eko irailean hasitako lan-prozesuak proiektu zehatzak abian jartzera eboluzionatu du pixkanaka. Fase horretan, FEVASek hartutako konpromisoak benetako aldaketa eragingarri bihur daitezen laguntzeko borondatearekin hartu du parte. Parte-hartze hori, irakasleen hasierako prestakuntzan eta tokiko akordioen bultzadan oinarritzen diren bi ekimenetan zehaztu da, hurrenez hurren. Apnabi-Autismo Bizkaiako eta Gautenako bi pertsona daude haietan inplikatuta.
Gure helburua proposamen praktiko eta aplikagarrietan eragitea da, pertsona guztientzat eta, bereziki, desgaitasuna duten ikasleentzat eskola inklusiboa bultzatzen jarraitzeko. Ikasle bakoitzari pertsona gisa garatzeko, bere bizi-proiektua eraikitzeko eta bere eskubideak oso-osorik baldintza berdinetan gauzatzeko behar dituen laguntzak, aukerak eta baldintzak eskaintzen dizkion eskola.

