Skip links

«Elkarlana funtsezkoa da musika-hezkuntza inklusiboagorako»

Ana Belen Garciari elkarrizketa

Ana Belen Garcia organista,
pianista eta kultura-bitartekaria da.
Urnietako Lourdes Iriondo Musika Eskola
eta Donostiako Musika Hamabostaldiko
Organo Zikloa ere
zuzentzen ditu.

Ana Belenek
Master Amaierako Lana egin du
Gautenaren laguntzarekin.
Haren lana
autismoa duten pertsonentzako
proiektu artistiko eta musikal inklusibo batean datza.

Proiektuan Gautenaren aisialdi-talde bateko
7 lagunek parte hartu zuten.

Jarduerak prestatzeko,
lehenengo gauza parte-hartzaileak
eta haien laguntza-beharrak ezagutzea da.
Informazio hori garrantzitsua da
jarduerak eta materialak
pertsona bakoitzaren beharretara egokitzeko.

Espazioa zaintzea ere garrantzitsua da,
eskuragarria, erosoa
eta ulertzeko erraza izan dadin.

Proiektuaren ondorioak

Ondorio nagusietako bat
pertsona bakoitza
ondo ezagutzearen garrantzia da.

Pertsona bakoitzak
gaitasun eta behar desberdinak ditu.
Horregatik, jarduerak eta laguntzak
haien beharretara
egokitu behar dira.

Beste ondorio bat
ohiko kultura-jardueran ekimen inklusibo gehiago
sustatzeko beharra da.

Ana Belenek dio musika-eskolek
eta kontserbatorioek interesa dutela
hezkuntza musikal inklusiboagorantz
aurrera egiteko.
Hori lortzeko,
informazio, prestakuntza eta baliabide gehiago
behar dituzte.

Erakunde publikoen,
elkarteen eta
musika-eskolen arteko elkarlana hobetzea ere
garrantzitsua da.

 

Ana Belen Garcia, organista, pianista, kultura-bitartekaria eta Urnietako Lourdes Iriondo Musika Eskolako eta Donostiako Musika Hamabostaldiko Organo Zikloko zuzendaria.

Interprete eta bitartekari ezagun honek inklusioak musika-hezkuntzan dituen erronkei eta adimen- edo garapen-desgaitasuna duten pertsonen kultura-eskubideak bermatzeko moduari buruzko gogoeta egiten du. Kultura-proiektu inklusiboagoak bultzatzeko garrantzitsutzat jotzen du erakundeen, musika-arloko profesionalen eta elkarteen arteko elkarlana indartzea.

Duela gutxi zure Master Amaierako Lana aurkeztu duzu: «Bitartekaritza artistikoa eta eskubide kulturalak: AENa duten pertsonentzako proiektu artistiko-musikal inklusibo baten diseinua eta ebaluazioa, Donostiako Iesu elizako organoaren bidez». Zein zen haren helburua, eta zertan datza?

MAL honek helburu bikoitza zuen. Batetik, nazioarteko, estatuko eta autonomia-erkidegoko esparruetan desgaitasuna duten pertsonen kultura-eskubideen esparru normatiboa aztertzea, arte-bitartekaritza eskubide-jardunbide gisa oinarritzeko, eta ez laguntza-jardunbide gisa. Bestetik, autismoaren espektroko nahasmendua (AEN) duten pertsonei zuzendutako bitartekaritza artistiko-musikaleko proiektu bat diseinatu, garatu eta ebaluatzea, ardatz gisa Donostiako Iesu elizako organoa erabiliz.

Egoera erreala ezagutzeko eta oinarri sendoa eraikitzeko, Euskal Herriko musika-eskolei eta kontserbatorioei zuzendutako galdetegi bat prestatu nuen.

Informazio horrekin guztiarekin, proiektua Gautenarekin elkarlanean diseinatu nuen. Haien aisialdi-taldeetako bateko zazpi lagunek parte hartu zuten, eta haien beharretara egokitutako proposamena prestatu nuen beraientzat.

Ebaluazioa funtsezko zatia izan zen proiektuan. Saio bakoitzaren ondoren, parte-hartzaileen balorazioa jasotzen genuen, eta nik neuk autoebaluazioa egiten nuen, zein alderdi hobetu edo egokitu behar ziren identifikatzeko. Prozesu horri esker, saio batetik bestera aldaketak sartu eta proposamena etengabe egokitu ahal izan nuen.

Zer egokitzapen egin dituzu parte-hartzea errazteko?

AEN duten pertsonen beharrak ezagutzea funtsezkoa da zer alderdi egokitu behar diren jakiteko. Batez ere aurreikuspena bere oinarrizko zutabeetako bat gisa jotzen duen TEACCH metodologian oinarritu naiz. Hortik abiatuta, aurreikuspen-gidak prestatu nituen eta saio bakoitzerako egitura argia ezarri nuen. Piktogramadun materialak eta baliabide ugari ere prestatu nituen, nahiz eta azkenean partzialki baino ez nituen erabili.

Gainera, arreta berezia jarri nuen espazioaren egokitzapenean, ingurune irisgarria eta lagunkoia izan zedin saiatuz.

Proiektua ebaluatu ondoren, zer ondorio nabarmenduko zenituzke?

Esperientzia AEN duten pertsonen talde jakin batekin gauzatu bada ere, uste dut laguntza-beharrak dituzten beste pertsona batzuetara zabaldu daitekeela. Garrantzitsuena aldez aurretik pertsona bakoitzaren ezaugarriak aztertzea eta parte-hartze erreala bultzatuko duten proposamen pertsonalizatuak diseinatzea da. Ezinbestekoa da parte-hartzaile bakoitza ongi ezagutzea, bere gaitasunak identifikatzea eta indartzea.

Parte-hartzaileek, haien familiek eta laguntzako profesionalek egindako balorazioa oso positiboa izan da. Izan ere, ondorio nagusietako bat horrelako ekimenak bultzatu behar direla eta esperientzia isolatu izateari utzi behar diotela da.

Bestalde, Euskal Herriko musika-eskolei eta kontserbatorioei egindako galdetegiek hausnarketa partekatua erakusten dute. Interes orokorra dago hobetzeko, programak egokitzeko eta laguntza espezifikoak behar dituzten pertsonen beharrei hobeto erantzuteko. Hala ere, informazio gehiago eta profesionalizazio handiagoa behar dela ere adierazi dute.

Zure esperientziatik abiatuta, zer aldaketa behar dira musika-hezkuntza ikasle guztientzat eskuragarria izan dadin?

Hogeita hamar urte daramatzat irakaskuntzan, eta denbora horretan asko ikasi dut irakatsiz. Beti izan ditut gaitasun eta laguntza-behar desberdinak dituzten ikasleak, eta ahal izan dugun ondoen egokitzen joan gara.

Gaur egun baliabide gehiago dago, baita irakasleen aldetik jarrera ona ere, baina erakundeen, elkarteen eta musika-eskolen arteko elkarlana eta lan bateratua indartu behar dira. Administrazioek musika-eskolen eta kontserbatorioen beharrak ezagutu behar dituzte, horiei laguntza eman eta irakasleek irakaskuntza pertsonalizatuagoa eskaintzeko prestakuntza jasotzeko neurriak sustatu behar dituzte.

Gainera, irakasleek profesional espezializatuen aholkularitza behar dute programazioak eta espazioak egokitzeko.

Bestalde, udalek musika-eskoletako eta kontserbatorioetako langile laguntzaileen figura hartu beharko lukete kontuan, ikastetxeetan gertatzen den bezala. Horrela bakarrik bermatu ahal izango dugu edozein pertsonak musika-hezkuntzan sartzeko eta parte hartzeko aukera berdinak izatea.

Espazioak egokitu behar dira, eta lan-antolaketarekin erlazionatutako neurriak ere hartu behar dira, hala nola lanaldiak berrikustea eta ratioak egokitzea. Aniztasuna behar bezala zaintzeko denbora behar da, eta denbora hori izatea funtsezkoa da emaitza onak lortzeko.

Zer erronka ditugu datozen urteei begira?

Lan egiteko gogo handia duten oso profesional onak ditugu, eta gaur egun, gainera, askoz informazio eta baliabide gehiago ditugu, besteak beste FEVAS bezalako erakundeek egiten duten lanari esker.

Gaur egun asko aurreratu daiteke, baina erronka handiena erakundeen eta musika-arloko profesionalen arteko lotura indartzea da oraindik. Elkarlan horrek emaitzak indartzea ahalbidetuko du.

Era berean, argi dago laguntza-beharrak dituzten pertsonek gaur egun presentzia eta parte-hartze handiagoa dutela kultura-arloan. Oraindik asko dago egiteko, baina beste arlo batzuei begiratzen badiegu, hala nola dantzari edo museoei, erreferentzia gisa balio dezaketen eta beste diziplina batzuetara eraman daitezkeen oso esperientzia interesgarriak ikusten ditugu.

Beste alderdi garrantzitsu bat musikaren bidez inklusio-esperientziak partekatzea da, Musikazaleak bezalako ekimenetan gertatzen den bezala. Funtsezkoa da profesionalek eta erakundeek elkarrizketan aritu, esperientziak partekatu, entzun eta elkarrekin hausnartu ahal izango duten topaketa-guneak sortzea. Gune horietatik gero eta kultura inklusiboagoa lortzen laguntzen duten proiektu interesgarriak sor daitezke.

 

Artículos relacionados

Ana Belen Garcia, organista, pianista, kultura-bitartekaria eta Urnietako Lourdes Iriondo Musika Eskolako eta Donostiako Musika Hamabostaldiko Organo Zikloko zuzendaria. Interprete eta bitartekari ezagun honek inklusioak musika-hezkuntzan dituen erronkei eta adimen- edo garapen-desgaitasuna duten pertsonen kultura-eskubideak bermatzeko moduari buruzko gogoeta egiten

Granadako Unibertsitateak egindako azterlan batek etorkizuneko irakasleek hezkuntza inklusiboan izango duten unibertsitate-prestakuntza aztertu du
Plena inclusiónek antolatutako  “Evidencias para transformar el sistema educativo” mintegian, Granadako Unibertsitateko Esperanza Alcain Martínezek eta Alba María Hernández Sánchezek etorkizuneko irakasleek hezkuntza inklusiboan izango duten

Ainhoa Arias, profesora en un aula estable de GAUTENA. Esta asociación gestiona 22 aulas estables en Gipuzkoa. A partir de su experiencia con estudiantes con TEA, esta profesional considera que la tecnología es una herramienta clave para avanzar hacia una

Harpidetu zaitez
gure Newsletterrera

Skip to content