Skip links

Gizartea ikasgeletatik eraldatzea, gure elkarte-mugimenduaren konpromisoa

Gizartea ikasgeletatik eraldatu

Eskolak ezagutzak ikasteko balio du.
Halaber, bizikidetza, errespetua,
berdintasuna eta justizia
bezalako balioak irakatsi behar ditu.
Horrela, hezkuntzak gizarte hobea
egiten laguntzen du.

FEVAS elkarte-mugimendu osoak
eskola eta gizartea inklusiboagoak
izan daitezen egiten du lan.
Hori lortzeko,
jarduerak antolatzen ditu
ikasleentzat, familientzat, irakasleentzat eta
hezkuntza-komunitateko beste pertsona batzuentzat.

Helburua da pertsona guztiek
desgaitasuna duten pertsonak
hobeto ezagutzea
eta haien eskubideak errespetatzea.

Prestakuntza- eta sentsibilizazio-jarduerak

Elkarte bakoitzak bere jarduerak antolatzen ditu.
Elkarte batzuek hitzaldiak ematen dituzte
ikastetxeetan eta institutuetan.
Beste batzuek irakasleentzako
ikastaroak ematen dituzte.
Ikasleentzako eta irakasleentzako
materialak ere prestatzen dituzte.

Jarduera askotan desgaitasuna duten pertsonek
parte hartzen dute.
Euren esperientziak kontatzen dituzte.
Horrela, ikasleek eta irakasleek
hobeto ezagutzen dute haien errealitatea.

Eskola eta gizarte inklusiboak

FEVAS eta elkarteak
egunero ari dira lanean
eskola eta gizarte
inklusiboagoak lortzeko.
Eskola inklusibo batek
ikasle guztiek eskubide eta aukera berberak dituztela
bermatu behar du.

 

«Hezkuntzak ez du mundua aldatzen; mundua aldatuko duten pertsonak aldatzen ditu», zioen Paulo Freire pedagogo brasildarrak. Gure elkarte-mugimendua ere zeregin horren parte da, ikasgelak ezagutzak eskuratzeko eta, aldi berean, elkarrekin bizitzeko, aniztasuna aitortzeko eta pertsonei bizitza osoan lagunduko dieten balioak ereiteko espazioak baitira.

Uste sendo horretatik abiatuta, FEVASentzat eta hura osatzen duten erakundeentzat, arlo horretako prestakuntza eta sentsibilizazioa lan-ildo estrategikoa dira. Hainbat ekimenen bidez, eskolatik hasita gizarte inklusiboagorantz aurrera egiten laguntzen dugu. Hezkuntza-komunitateari –ikasleak, familiak, irakasleak, espezialistak eta beste eragile batzuk– zuzendutako ekintzak gauzatzen ditugu, helburu berarekin: adimen-desgaitasuna, garuneko paralisia eta autismoaren espektroko nahasmenduak dituzten pertsonei begirada positiboa ematea.

Ekintza horiekin, eraldaketa soziala bultzatzen duten jarrera, balio eta jardunbide hezitzaile inklusiboak bultzatzen ditugu. Horrela, Desgaitasuna duten Pertsonen Eskubideei buruzko Nazio Batuen Konbentzioarekin bat etortzeaz gain, hori egia bihurtzen ere laguntzen dugu, bereziki kontzientzia hartzeari buruzko 8. artikuluari eta hezkuntza inklusiborako eskubidea aitortzen duen 24. artikuluari dagokienez.

Gizartea eraldatzen duten ekimenak

Prestakuntza eta sentsibilizazioa era askotakoak dira: ikasleentzako hitzaldiak ikastetxeetan, irakasleentzako prestakuntza espezializatua, jardunaldi teknikoak, materialen prestakuntza, tailerrak…

Erakundeek gauzatutako esperientzia horietako gehienek balio handiko elementu bat partekatzen dute: desgaitasuna duten pertsonen parte-hartze zuzena. Lehen pertsonan egindako testigantzek, esperientziek eta ekarpenek saioak aberasten dituzte, estereotipoak apurtzen dituzte eta ikasleei eta irakasleei askotan ezagutzen ez dituzten errealitateetara hurbiltzeko aukera ematen diete.

  • Apdemak adimen desgaitasunari buruzko informazio eta sentsibilizazio hitzaldiak egiten ditu, Bigarren Hezkuntzako ikasleentzat, batez ere. Ekintza horiek, besteak beste, Gasteiztxo programaren bidez gauzatzen dira, Gasteizko Udalarekin eta Mastallerrekin lankidetzan. Gainera, erakundeak saioak ematen ditu Lanbide Heziketako ikastetxeetan, ikasleei adimen desgaitasuna duten pertsonen ikuspegi errealistagoa emanez.
  • Atzegik NIZU = programa garatzen du, GUREAKekin lankidetzan, 11 eta 12 urte bitarteko Gipuzkoako ikasleei zuzenduta. Ekimenak adimen-desgaitasunari buruzko hasierako hitzaldi bat eta eskualdeko GUREAKen tailerrera bisita bat uztartzen ditu. Bertan, ikasleek bertatik bertara ikus dezakete desgaitasuna duten pertsonek lan profesionalak, baliotsuak eta gizartearentzat beharrezkoak egiten dituztela.
  • Gorabidek Eraldaketa Sozialeko, Goratu, Oztopoak hautsiz eta Pertsona Irisgarriak bezalako ekimenak biltzen dituen programa bultzatzen du. Ikastetxeetan, adimen-desgaitasuna duten pertsonek parte hartzen dute lehen pertsonako prestatzaile eta erreferente gisa. Testigantzen, dinamika parte hartzaileen, material irisgarrien eta elkarrizketarako espazioen bidez, begirada inklusiboa eta eskubideetan oinarritua sustatzen dute.
  • APNABI-Autismo Bizkaiak jardunbide onak sustatzeko eta ikasle autistenganako begiradak eraldatzeko ekintzak gauzatzen ditu ikastetxeetan eta hezkuntza-komunitatearekin. Alde batetik, autismoari buruzko prestakuntza eta sentsibilizazioa eskaintzen die hezkuntzako profesionalei: irakasleak, klaustroak, etapako taldeak, orientazio taldeak, irakasle ez diren langileak, etab. Bestetik, hezkuntzako etapa guztietako ikasleei zuzendutako tailerrak ematen ditu, aniztasunaz kontzientziatzeko.
  • Gautenak ere irakasleei eta hezkuntza-arloko profesionalei zuzendutako prestakuntza-ekintzak gauzatzen ditu. Horien artean, Kristau Eskolako zentroetako profesional taldeentzako saioak antolatzen ditu. Era berean, urteroko Hitzaldi Zikloetan, gutxienez jardunaldi bat eskaintzen zaio autismoari, eskolari eta inklusioari buruz hausnartzeari, ikaskuntzarako eta sentsibilizazio partekaturako espazioak sortuz.
  • Aspace Bizkaiak Hezkuntza Bereziko ikastetxeetako ateak irekitzen dizkie ikastetxe arruntetako ikasleei, garun-paralisia duten ikasleak eta haien eguneroko errealitatea ezagutu ditzaten. Beste ikastetxe batzuetan ere parte hartzen du sentsibilizazio-jardueretan, hala nola Bilboko Eskolapioen Ikastetxeko Inklusioaren Astean, eta prestakuntza ematen die EHUko Hezkuntza Graduko ikasleei, lehen pertsonako testigantzak txertatuz.
  • Aspace Gipuzkoak sentsibilizazio ekintzak garatzen ditu ikastetxeetan, garun paralisia duten pertsonen errealitatea ezagutarazteko eta komunitatean inklusioa bultzatzeko. Bere ekimenetan, eduki teorikoak eta saskigintzako tailer praktikoak konbinatzen ditu. Horietan, garuneko paralisia duten pertsonek saskiak ehuntzen irakasten diete ikasleei. Bereziki nabarmentzekoa da tailer horiek Urretxuko eta Zumarragako Lehen Hezkuntzako ikastetxeen curriculumean sartu izana.

FEVAS Plena inclusión Euskadik, bere aldetik ere, hezkuntza komunitateari zuzendutako baliabideak eta ekintzak bultzatzen ditu, hala nola IN aldizkaria, sentsibilizazio jardunaldiak, gida ilustratuen Egin bat erronkarekin bilduma eta irisgarritasun kognitiboari eta irakurketa errazari buruzko hainbat prestakuntza.

Inklusioa ereiten dugu

Eskola inklusiboak, aniztasunaren balioa aitortuko duten eta ikasle guztien eskubideak bermatuko dituzten inklusioarekin erlazionatutako politikak, jardunbideak eta kultura indartzea eskatzen du. Helburu horretan aurrera egitea da gure elkarte-mugimenduaren konpromisoa. Ikasgeletatik, lehen pertsonako testigantzekin eta hezkuntza komunitatearekin partekatutako lanetik, inklusioa ereiten jarraitzen dugu. Izan ere, gaur egun sentsibilizatzea gizarte hobea eraikitzen laguntzea da.

Artículos relacionados

«Hezkuntzak ez du mundua aldatzen; mundua aldatuko duten pertsonak aldatzen ditu», zioen Paulo Freire pedagogo brasildarrak. Gure elkarte-mugimendua ere zeregin horren parte da, ikasgelak ezagutzak eskuratzeko eta, aldi berean, elkarrekin bizitzeko, aniztasuna aitortzeko eta pertsonei bizitza osoan lagunduko dieten balioak

Plena inclusiónek adimen- eta garapen-desgaitasuna duten pertsonek Lanbide Heziketan sartzeko eta bertan irauteko aurkitzen dituzten oztopoak aztertzeko ikerketa egin du. Ikerketak irakasleen prestakuntza-beharrak ere jorratzen ditu, eta LH inklusiboagoa eta enpleguarekin lotuagoa izateko bidean aurrera egiteko gomendioak proposatzen ditu.

FEVASek Euskadiko Eskola Segregazioaren Aurkako Ituna-Eskola Bikaina Denontzat ekimenean parte hartzea ikasle guztien presentzia, parte-hartzea eta ikaskuntza bermatzeko gai izango den eskola benetan inklusiborantz aurrera egiteko dugun konpromisoaren barruan dago. Itun honen helburua hezkuntza-sistema ekitate eta inklusio handiagorantz orientatzea da,

Harpidetu zaitez
gure Newsletterrera

Skip to content