Plena inclusiónek egindako ikerketa baten arabera, adimen-desgaitasuna duten hamar pertsonatik seik ez dituzte albisteak ulertzen. Emaitzak “Adimen-desgaitasuna duten pertsonen informaziorako sarbidea: urratutako eskubidea” online mintegian aurkeztu ziren. Ikerketa, adimen-desgaitasuna zuten 300 pertsonak, horietatik 45 Euskadikoak, erantzun zioten inkesta batean oinarritu zen.
Aurkezpenean, Plena inclusiónen komunikazio-taldeko Fermín Núñezek eta Antonio Hinojosak azterlanak ematen dituen datu esanguratsuenetako batzuk nabarmendu zituzten:
• Adimen-desgaitasuna duten 10 pertsonatik 9k informatuta egon nahi dute.
• % 60ak dio ez dituela albisteak ulertzen.
• Informatzeko gogokoen dituzten kanalak telebista eta Internet dira.
• Ulermen faltaren arrazoiak hitz zailen erabilera, hitz egiteko azkartasuna, jarraitzeko zaila den informazioaren ugaritasuna eta irudiak bezalako laguntza bisualen falta dira.
• Gehien interesatzen zaizkien gaiak hiriaren edo auzoaren inguruko informazioa, kultura eta ikuskizunak eta gai sozialak dira.
Inkestan parte hartu zuten pertsonek informaziorako irisgarritasuna hobetzeko hainbat neurri ere proposatu zituzten. Besteak beste, azalpenak hizkera errazagoarekin, astiro hitz egingo duten aurkezleak, albiste laburragoak edo argazki eta bideoetan oinarritutako laburpenak dituztenak, marrazkiak eta piktogramak dituzten edukien elaborazioa, eta informazioa ulertzen lagunduko dieten pertsonak izatea.
Mintegian, gainera, Antonio Fernández kazetari eta Plena Inclusión Andaluciako presidentea, 20 Minutoseko Melisa Tuya eta Servimediako José Manuel González Huesa izan ziren. Guztiek adimen-desgaitasuna duten pertsonek informaziorako duten eskubidea erabiltzeko dituzten zailtasunei buruzko gogoeta egin zuten, eta bat etorri ziren konponbideak bilatzeko premian.
Melisa Tuyak bere hitzaldian azpimarratu zuenez “adimen-desgaitasuna duten pertsonen informaziorako eskubidea urratzen jarraitzen da, irakurketa erraza bermatzeko beharrezkoak diren egokitzapenek talka egiten dutelako egungo kazetaritzaren abiadurarekin eta berehalakotasunarekin”. Adimen artifiziala irisgarritasunean aurrera egiteko tresna baliagarria izan daitekeela gaineratu zuen.
Bestalde, José Manuel Gonzálezek aitortu zuenez, aurrerapenak lortu diren arren, oraindik sentsibilitate eta ezagutza falta daude kazetaritzaren lanbidean. “Desgaitasuna duten pertsonen informaziorako eskubidea sustatu behar da, eta, aldi berean, desinformazioari eta esamesei aurre egin”, adierazi zuen. Ildo beretik, Antonio Fernandezek eskubide hori pertsona guztientzat bermatuko duen Estatu itun handia eskatu zuen.
Ondorio gisa, adituek adierazi zuten beharrezkoa dela kazetariei irisgarritasunari eta desgaitasunari buruzko prestakuntza espezifikoa ematea, eduki horiek etorkizuneko profesionalen unibertsitate-prestakuntzan txertatzea eta kazetaritzari eta desgaitasunari buruzko kongresu espezializatu bat antolatzea.
Azterlan eta mintegi horrekin, Plena inclusión Españak indartu egiten du adimen-desgaitasuna duten pertsonen informaziorako eskubidea erabat bermatuta egongo den kazetaritza irisgarriago eta inklusiboagoarekin duen konpromisoa.