Skip links

“Ezinbestekoa da adimen urritasuna duten eta indarkeria matxista jasan duten emakumeek gertatu zaiena ulertzea”

Rebeca Tur, Plena Inclusión Madrideko programa koordinatzailea eta emakume saileko arduraduna.

Joan den ostiralean, ekainaren 14an, Rebeca Turrek, Emakundek, EDEKArekin lankidetzan, antolatutako “Desafíos en la atención a las mujeres con discapacidad víctimas de violencia machista” Jardunaldian hartu zuen parte. Bertan, adimen edo garapen urritasuna duten eta genero indarkeriaren biktima diren emakumeengan prebentzioarekin eta esku-hartzearekin erlazionatutako funtsezko gaiei erantzun zizkien. Ideia nagusien artean, egoera  horietan emakumeek gertatu dena eta bizi izango duten prozesua ulertzearen eta horri buruzko kontzientzia hartzearen garrantzia azpimarratu zuen, sarri askotan jasaten ari diren indarkeria identifikatzeko zailtasunak baitituzte.

Indarkeria matxistaren biktima diren eta adimen urritasuna duten emakumeek oztopo asko dituzte. Horietako bat irisgarritasun kognitiboarekin dago lotuta. Zelan azaltzen da kontzeptu hori?

Bai, horrela da, adimen edo garapen urritasuna duten emakumeek oztopo asko dituzte euren bizitzan, eta indarkeriaren biktima direnean edo izan direnean, are gehiago izaten dituzte. Agian, konplexuenetako bat, euren lekukotzaren sinesgarritasun falta izan daiteke.

Azpimarratu nahiko nuke, inguruneak, teknologia, zerbitzuak edo edukiak ulertzeko errazagoak izatea bilatzen duen heinean, Irisgarritasun Kognitiboak norberaren autonomia pertsonala eta norberaren bizitzari buruzko erabakiak hartzea bultzatzen duela, eta hori ezinbestekoa da adimen edo garapen urritasuna duten emakumeentzat. Ezin dugu ahaztu irisgarritasuna Urritasuna duten Pertsonen Eskubideen Konbentzioan jasotako eskubidea dela.

Indarkeria matxistaren biktima diren eta adimen edo garapen urritasuna duten emakumeen kasuan, beharrezkoa da gertatu dena eta bizi izango duten prozesua ulertzea eta horri buruzko kontzientzia hartzea, sarri askotan jasaten ari diren indarkeria identifikatzeko zailtasunak baitituzte, ez baitute horrela identifikatzen. Horrela, irisgarritasun kognitiboari laguntzeko funtsezko bi alderdiri buruz egin dezakegu berba: alde batetik, informazioa Irakurketa Errazean eskaintzea, baliabideak, laguntzak, protokoloak… hau da, emakumeak behar edo erabiliko duen dokumentazio guztia.

Eta, bestetik, Bideratzaileak, prozesu judizialetan ulermena errazteko prestatuta dauden pertsonak. Hizkuntza bat ulertzen edo menderatzen ez dutenek interprete bat izateko eskubidea duten bezala, euren urritasuna dela eta komunikatzeko edo/eta ulertzeko zailtasunak dituzten pertsonek bideratzaile bat izateko eskubidea dute, Biktimaren Estatutuak jasotzen duen bezala.

Zein rol betetzen du bideratzaileak?

Beste ezer baino lehen, prozesu judizialetan murgilduta dauden eta, gainera, zaurgarritasun handiagoko egoera bizi duten pertsonen interesak, eskubideak eta ongizatea defendatu behar ditu. Oraingo honetan, indarkeria matxistaren biktima diren eta adimen edo garapen urritasuna duten emakumeak. Halaber, emakume horienganako tratua zuzena dela eta eurak parte diren prozesu judizialetan parte har dezaketela bermatuko du.

Alde batetik, bideratzaileak biktima izan den emakume bakoitzak deklaratzeko dituen ahalmenak ezagutzen lagunduko du, eta, bestetik, prozeduraren ulermena emakume bakoitzaren gaitasunetara egokitzen du.

Prozesu judizialen gai nagusiak azaltzeaz ere arduratuko da: zer den prozedura judizial bat, zein pertsona aurkituko dituen epaiketa batean, zer egin behar duen eta zein diren bere eskubideak.

Azkenik, baina ez horregatik garrantzi gutxiagokoa, urritasuna duen emakume bakoitzak ulertzeko eta gertatu zena kontatzeko modu onena zein den azalduko die poliziari, abokatuei, fiskalei eta epaileei.

Laguntzako pertsonaren figura funtsezkoa da indarkerien zirkuluan murgilduta dauden emakumeei laguntzeko orduan. Zein soslai izan behar du pertsona horrek?

Funtsezko gauza bat, adimen edo garapen urritasuna duen emakumeak berak aukeratutako pertsona izatea da, bere erabateko konfiantza izan behar baitu. Oso garrantzitsua da laguntzako pertsonak emakumea eta bere komunikazio mekanismoak ezagutzea. Oso positiboa da elkarren artean konfiantza eta anaitasun harremana egotea. Indarkeria matxistaren biktima izateak eragin zuzena du pertsonaren bizitza kalitatearen hainbat dimentsiotan, ongizate emozionalean batez ere. Horregatik, une horretan, ezagutzen zaituen eta zelan lagundu dakien zure konfiantzazko pertsona batek laguntzea oso garrantzitsua da, ahal den neurrian, beharrezkoak ez diren egonezinak murrizteko, prozesua ahalik eta errazena bilakatuz.

Halaber, komenigarria da laguntzako pertsona horrek genero indarkeriari eta bideratzailearen figurari buruzko ezagutzak izatea edo, bestela, zalantza teknikoak argitzeko sare profesionala izatea. Bere rola bideratzailearen desberdina da. Laguntzako pertsona senidea, tutorea edo zainketaz edo babesaz arduratzen den beste pertsona bat izan daiteke; egoera zaurgarrian dauden pertsonekin tratuan aditua den pertsona (poliziarekin erlazionatuta egongo ez dena) eta, aurrekoen faltan, 18 urtetik gorako edozein pertsona.

Zein ekintza proposatuko zenituzke emakume horien ahalduntzerako?

Ahalduntzeak, oinarrian, hau esan nahi du: “zure bizitzaren agintea zure esku hartzea, zure ekintzen eta erabakien jabe izatea”. Horretarako, gainerako emakumeek edo edozein pertsonak behar duen gauza bera behar dute: eurak parte diren komunitatean eta erakundeetan parte hartzeko benetako aukerak izatea, gauzak egiteko, hanka sartzeko, probatzeko, aukeratzeko… Alor horretako prestakuntza espezifikoa ere beharrezkoa da, indarkeria matxistaren prebentzioari dagokionez, batez ere. Ekintza horien gauzarik garrantzitsuena, emakumeen beharretara egokituta egon behar direla da. Beste alde batetik, ahalduntzeari eta autoestimua hobetzeari asko laguntzen dion zerbait, ohikotasunez aurrera daramatzaten rolen desberdinak diren rolak aurrera eraman ahal izatea da. Hori aukerekin estu lotuta dago. 

Horrela, Plena Inclusión Madriden, proiektu batean ari gara lankidetzan. Bertan, adimen edo garapen urritasuna duten emakumeak eta gizonak genero indarkeriaren prebentzioan prestatzen dira Universidad Nacional de Educación a Distancia (UNED) izenekoan, Madrilgo Erkidegoarekin lankidetzan. Presentziazko-online moduak konbinatzen dituen prestakuntza da, eta prestatzaile izateko ere trebatzen dira. Horrela, ikastaroa amaitzean, gai horri buruzko sentsibilizazio saio ibiltariak ematen dituzte. Ikasle izatetik irakasle izatera dagoen rol aldaketa horrek, euren autoestimua eta ahalduntzea hobetzeko aukera eskaintzen die. Horrez gain, azken bi urteetan, adimen edo garapen urritasuna duten pertsonak sartu dira irakasleen klaustroan, hurrengo promozioetarako. Pertsona horiek ikastaroko ikasleak izan dira.

Artículos relacionados





    Ver Política de privacidad

    Skip to content