Skip links

Adimen-desgaitasuna duten pertsonek eta musikariek eszenatokia partekatu dute Musikazaleak jaialdiaren itxieran

Adimen-desgaitasuna duten pertsonak eta musikariak
elkarrekin aritu dira Musikazaleak-en

Musikazaleak Euskadiko Orkestraren
eta FEVAS Plena Inclusión Euskadiren
proiektua da, adimen-desgaitasuna,
garuneko paralisia eta autismoa
duten pertsonei musika hurbiltzeko.

Aurten, Euskadiko 12 elkartetako
desgaitasuna duten 40 pertsonak
parte hartu dute proiektuan.
Hainbat hilabetez,
pertsona horiek musika-tailerrak egin dituzte
Bilbon, Donostian eta Gasteizen.
Musikarekin, erritmoarekin, soinuekin eta
instrumentu desberdinekin esperimentatu dute.

Proiektua ixteko, hiru emanaldi egin dira:
• Donostia: ekainak 9
Euskadiko Orkestraren egoitza
• Bilbo: ekainak 10
Juan Crisostomo de Arriaga Kontserbatorioa
• Gasteiz: ekainak 11
Federico García Lorca Antzokia

Parte-hartzaileek
musika tailerretan egindako lana erakutsi zuten.
Euskadiko Orkestrako musikariekin eta Musikeneko ikasleekin
partekatu zuten eszenatokia.

Emanaldi horiek emozioz, ilusioz eta alaitasunez beteta egon ziren,
eta ia 500 lagun bertaratu ziren.

Euskadiko Orkestrak eta FEVASek
16 urte baino gehiago daramatzate elkarlanean
adimen- edo garapen-desgaitasuna duten pertsonei
musikarako sarbidea errazteko.
Lankidetza horri esker,
2.000 pertsonak baino gehiagok hartu dute parte
hainbat musika jardueratan.

Euskadiko Orkestrak lagatako argazkiak 

Garazi Irigoienek egindako argazkiak

Ia 500 pertsona bertaratu dira Musikazaleak ekimenaren azken emanaldira. Euskadiko Orkestrak eta FEVAS Plena Inclusión Euskadik bultzatutako ekimen horrek adimen- edo garapen-desgaitasuna duten pertsonei hurbildu die musikaren jarduna, esperientzia sortzaile, parte-hartzaile eta inklusiboaren bidez.

Emanaldiek amaiera eman diote azken hilabeteetan adimen-desgaitasuna, garuneko paralisia eta autismoaren espektroko nahasmenduak dituzten helduak musika sorkuntzaren inguruan bildu dituen proiektu honen bigarren edizioari. Eszenatoki gainean parte-hartzaileek protagonismoa partekatu dute Euskadiko Orkestrako kideekin eta Musikeneko ikasleekin, ikaskuntza eta lan prozesu kolektiboaren emaitza erakusteko.

Emanaldiak ekainaren 9an, 10ean eta 11n egin dira Euskadiko Orkestraren egoitzan, Donostian; Juan Crisostomo de Arriaga Kontserbatorioan, Bilbon; eta Federico García Lorca Antzokian, Gasteizen. Parte hartu dutenen eta bertaratutakoen emozioak, ilusioak eta gogoak markatu dituzte hiru hitzorduak.

Errepertorioan oso pieza ezagunak sartu dira, hala nola “Furra, Furra”, “Color esperanza” edo “Inés, Inesita, Inés”, eta, gainera, Yamel Romero musikari eta tailerren zuzendariak sortutako bi konposizio original: emanaldien hasiera gisa interpretatutako Bienvenidos, eta emanaldi bakoitza itxi duen Gracias por venir.

Musika sorkuntza ikastaroa

Musikazaleak ekimena adimen- edo garapen-desgaitasuna duten pertsonei musika jarduna hurbiltzeko eta kultura irisgarriagoa lortzen laguntzeko sortu zen. Bigarren edizio hau 2025eko urritik 2026ko ekainera bitartean egin da, Donostian, Bilbon eta Gasteizen izandako hileroko tailerren bidez.

Ikasturtean zehar hiru talde egonkorrek egin dute lan, batek lurralde historiko bakoitzean. Jarduerak pertsona bakoitzaren gaitasun, interes eta beharretara egokitu dira, parte hartzeko eta adierazteko modu desberdinak bultzatuz. Soinuen, erritmoen, mugimenduaren eta musika-tresnen bidez, parte-hartzaileek elkarrekin komunikatzeko eta sortzeko modu berriak aztertu dituzte.

Aurtengo edizioan, FEVAS Plena Inclusión Euskadiko 12 erakunde kiderekin, Apnabi-Autismo Bizkaia, Aspace Bizkaia, Aspace Gipuzkoa, Atzegi, Goyeneche Fundazioa, Usoa Fundazioa, Futubide, Gaude, Gautena, Gertuan Fundazioa, Gorabide eta Uliazpi, erlazionatutako 40 helduk hartu dute parte.

Proiektuaren koordinatzailea Mikel Cañada Euskadiko Orkestrako Musika Gelako arduraduna izan da, eta zuzendaria Yamel Romero, musikako prestakuntza sortzailea eta musikoterapia lantzen dituen Musikanaiz Zentroko zuzendaria.

16 urte baino gehiago desgaitasunen bat duten pertsonei musika hurbiltzen

Ekimen horrekin, Euskadiko Orkestrak eta FEVAS Plena Inclusión Euskadik 16 urtetik gorako lankidetza indartzen jarraitzen dute. Lankidetza horri esker, 2.000 pertsona baino gehiagori hurbildu ahal izan zaie musika, kontzertu, entsegu ireki, sormen tailer eta beste proposamen batzuen bidez, adimen- edo garapen-desgaitasuna duten pertsonen irisgarritasuna eta parte-hartze kulturala errazteko.

Musikazaleak ekimenak ONCE Fundazioaren, Musikeneko Bitartekaritza, Kudeaketa eta Musika Hedapeneko Masterraren, Bilboko Juan Crisostomo de Arriaga Kontserbatorioaren eta Gasteizko Antzoki Sarearen laguntza izan du. Gainera, kultur ekipamenduen irisgarritasuna hobetzeko eta gizarte bazterketako arriskuan dauden pertsonen parte hartzea sustatzeko lan egiten duen mugaz gaindiko lankidetzarako Europako ARTIS+ planaren parte izan da.

Azken emanaldiek berriro erakutsi dute musikak oztopoak eraisteko eta pertsona guztiek parte hartzeko, adierazteko eta protagonista izateko espazioak sortzeko duen ahalmena.

Euskadiko Orkestrak lagatako argazkiak 

Garazi Irigoienek egindako argazkiak

 

Artículos relacionados

Ia 500 pertsona bertaratu dira Musikazaleak ekimenaren azken emanaldira. Euskadiko Orkestrak eta FEVAS Plena Inclusión Euskadik bultzatutako ekimen horrek adimen- edo garapen-desgaitasuna duten pertsonei hurbildu die musikaren jarduna, esperientzia sortzaile, parte-hartzaile eta inklusiboaren bidez.

Heba Hagrass desgaitasuna duten pertsonen eskubideei buruzko NBEko errelatore bereziak egin duen “Desgaitasuna duten haurrentzako zainketak eta laguntzak familia barruan eta haien genero-dimentsioak” txostenak, familia askoren errealitatea eta egunerokoan aurre egin beharreko zailtasun nagusiak aztertzen ditu. Dokumentuak gogorarazten du haur

Testu berriak aurreko kodea eguneratzen du, eta erakundeen erabakiak eta jarduna funtsezko bost baliotatik bideratzeko gida eskaintzen du: errespetua, justizia, bizitza betea, integritatea eta elkarrizketa.

Harpidetu zaitez
gure Newsletterrera

Skip to content