Skip links

Desgaitasuna duten pertsonek parte hartzeko gune gehiago, irisgarritasuna eta laguntzak eskatzen dituzte

Desgaitasuna duten pertsonek parte hartzeko aukera gehiago eskatzen dituzte

FEVASeko 7 elkarteko 60 pertsona inguruk
hartu zuten parte jardunaldi honetan:
Eta zuk, non hartzen duzu parte?
Esperientziak eta ideiak partekatu zituzten
euren elkarteetako parte-hartzea hobetzeko.

Valeria García-Landarte FEVASeko zuzendariak
ireki zuen jardunaldia.
Gogorarazi zuen parte hartzea eskubidea dela
eta desgaitasuna duten pertsonek
asko dutela emateko.

Atzegik eta Gorabidek desgaitasuna duten pertsonek
euren elkarteetan zelan hartzen duten parte azaldu zuten.
Ondoren, bertaratutakoek taldeetan hitz egin zuten.

Esan zuten parte hartzea hau dela:
• Ideiak aurkeztea.
• Entzutea eta entzunak izatea.
• Erabakiak hartzea.
• Proposamenak praktikara eramatea.

Hauek dira haien eskaera batzuk
• Informazioa irakurketa errazean.
• Bertaratzeko aukera emango dieten ordutegiak.
• Laguntzak eta akonpainamendua.
• Parte hartzeko aukera gehiago.

Gaude elkarteko Carlos Alonsok
aurkeztu zuen topaketa
eta taldeetako batean parte hartu zuen.
Carlosek uste du jardunaldiak ideiak partekatzeko
eta beste pertsonak ezagutzeko balio izan zuela.
Jende gehiago animatzen du parte hartzera.

FEVASek nahi du desgaitasuna duten pertsonek
erabakiak hartzeko aukera gehiago izatea
euren elkarteetan.

 “Eta zuk, non hartzen duzu parte? Nire elkarteko parte-hartze guneak” jardunaldiak FEVASeko zazpi erakunde kidetako 60 pertsona inguru bildu zituen esperientziak, iritziak eta hobetzeko proposamenak trukatzeko topaketan.

Ia 20 urtez Gorabide, Atzegi, Gaude eta Apdemako autokudetzaileen urteroko topaketak egin ditugu. Denbora horretan, desgaitasuna dutenak protagonismoa hartuz eta euren erakundeetako ordezkaritza- eta parte-hartze gune berrietan sartuz joan dira. Errealitate berri horri erantzuteko, jardunaldi irekiagoari eman diogu bide, eta harekin bat egin dute Aspace Gipuzkoak, Gertuan Fundazioak eta Donostiako Goyeneche Fundazioak.

Ikuspegi horrekin, Valeria García-Landarte FEVASeko zuzendariak ireki zuen jardunaldia, desgaitasuna dutenek elkarteak hobetzeko asko dutela azpimarratuz. Gogorarazi zuen parte hartzea Desgaitasuna duten Pertsonen Eskubideei buruzko NBEren Konbentzioan aitortutako eskubidea dela, eta erakundeek hori irisgarritasunaz eta laguntzez bermatu behar dutela, baita gehien behar dituztenentzat ere.

Ondoren, Atzegik adimen-desgaitasuna duen pertsona batek bere Zuzendaritza Batzordean izandako parte-hartze esperientzia aurkeztu zuen. Gorabidek, bere aldetik, “Gogoetatik ekintzara” azaldu zuen, autokudeaketa-taldeak parte-hartze talde bihurtu zituen prozesua.

Esperientzia horiek “Parte-hartzearen zirkuluei” eman zieten bide. Horietan, bertaratutakoek talde txikietan eztabaidatu zuten. Taldeen iritziz, parte hartzea adieraztea, ideiak ekartzea, entzutea eta entzunak izatea da. Ahotsa eta ordezkaritza izatea eta proposamenak praktikara eramatea ere bada.

Elkarrizketak zailtasunak identifikatzeko ere balio izan zuen; besteak beste, irisgarritasunerako oztopoak, bateraezinak diren ordutegiak eta akonpainamendurik eta laguntzarik ez izatea. Horiek gainditzeko, irakurketa errazeko informazioa, azalpen argiak eta ordutegi egokituak eskatu zituzten, bai eta euren gaitasunen eta eskubideen aitortza handiagoa ere. Entzuteko gune gehiago eta ordezkaritzaren eta parte-hartze politikoaren esparruetan presentzia handiagoa ere eskatu zituzten.

Topaketa dinamizatu zuen Carlos Alonsok (Gaude) uste du jardunaldiak ideiak partekatzeko eta beste pertsonak ezagutzeko balio izan zuela, eta jende gehiago animatzen du topaketa horietan parte hartzera.

FEVASek balorazio positibo hori partekatzen du, eta uste du jardunaldiak desgaitasuna duten pertsonek elkarte-bizitzan izan behar duten lidergoa bultzatzeko konpromisoa indartzen duela.

Artículos relacionados

 “Eta zuk, non hartzen duzu parte? Nire elkarteko parte-hartze guneak” jardunaldiak FEVASeko zazpi erakunde kidetako 60 pertsona inguru bildu zituen esperientziak, iritziak eta hobetzeko proposamenak trukatzeko topaketan.

Desgaitasuna duten Pertsonen Eskubideei buruzko NBEren Konbentzioaren 20. urteurrena dela eta, FEVASek abenduaren 3an jardunaldi bat antolatu du Itsasmuseum-Bilbaon, hezkuntza inklusiborako eskubideari eta horrek praktikan duen aplikazioari buruz hausnartzeko.

«Hezkuntzak ez du mundua aldatzen; mundua aldatuko duten pertsonak aldatzen ditu», zioen Paulo Freire pedagogo brasildarrak. Gure elkarte-mugimendua ere zeregin horren parte da, ikasgelak ezagutzak eskuratzeko eta, aldi berean, elkarrekin bizitzeko, aniztasuna aitortzeko eta pertsonei bizitza osoan lagunduko dieten balioak

Harpidetu zaitez
gure Newsletterrera

Skip to content