Plena inclusión gure elkarte-mugimenduak modu positiboan baloratzen du Ministroen Kontseiluak Erregelamendua onartu izana; Erregelamendu horrek 2022an onartutako Irisgarritasun Kognitiboaren Legea garatzen du. Erregelamenduak aurrerapauso garrantzitsua dakar pertsona guztiek informazioa, inguruneak eta zerbitzuak ulertzeko eta autonomia handiagoz erabiltzeko duten eskubidea bermatzeko.
Lehen aldiz, Estatu osorako arau-esparru komuna ezarri da, eta irisgarritasun kognitiboko betebeharrak sartu dira hainbat esparrutan: administrazio publikoetan, garraioan, hirigintzan, justizian, kulturan, osasungintzan edo hauteskunde-prozesuetan.
Beste neurri batzuen artean, ulertzen errazagoak diren dokumentuak eta inprimakiak, seinaleztapen ulergarriagoa eta material eta informazio irisgarriak bultzatuko ditu. Hainbat tresna ere aurreikusten ditu: irakurketa erraza, hizkera argia, piktogramak, komunikazio-sistema handigarri eta alternatiboak eta hainbat soluzio teknologiko.
Plena inclusiónen iritziz, arau-garapen hori urrats garrantzitsua da aukera-berdintasunean aurrera egiteko eta adimen- edo garapen-desgaitasuna duten pertsonen eta ulertzeko zailtasunak dituzten beste batzuen eskubideak baliatzeko. Hala ere, ezinbestekoa da aurrerapauso horrekin batera aurrekontu-zuzkidura nahikoa izatea, benetan aplikatuko dela bermatzeko. Halaber, Plena inclusiónen ustez, Erregelamenduak arau teknikoei buruzko aipamenak jaso behar zituen, irisgarritasun kognitiboko metodologien zorroztasuna eta kalitatea bermatzeko.
Irisgarritasun kognitiboa funtsezkoa da beste eskubide batzuk baliatzeko, informazioa eta inguruneak ulertzeak autonomia, erabakiak hartzea eta gizartean parte hartzea errazten baititu. Horregatik, beharrezkoa da haren aplikazio eraginkorrean aurrera egitea, ez bakarrik ulertzeko zailtasunak dituzten pertsonen onurarako, baita herritar guztien onurarako ere.
Informazio gehiago: HEMEN

