Skip links

FEVASek, Konbentzioaren 20 urteak direla-eta EDEKAk antolatutako jardunaldian hartu du parte

FEVASek EDEKAk antolatutako
jardunaldi batean hartu zuen parte Gasteizen.

Jardunaldiaren Gaia Desgaitasuna duten Pertsonen Eskubideei buruzko
Konbentzioaren 20 urteak izan ziren.

Konbentzioa Desgaitasuna duten pertsonen
eskubideak aitortzen dituen nazioarteko akordioa da.

Jardunaldian
urte hauetan lortutako aurrerapenez
eta oraindik hobetu behar diren gaiez hitz egin zen.

3 gai nagusi landu ziren:

• Bizimodu independentea.
• Justiziarako sarbidea eta legearen aurreko berdintasuna.
• Irisgarritasun unibertsala.

FEVASek irisgarritasunari buruzko blokean hartu zuen parte.

Lucía Soria FEVASeko teknikariak azaldu zuen
irisgarritasuna beharrezkoa dela
pertsonek euren eskubideak baliatu ahal izateko.

Esan zuen, halaber, azkarrago egin behar dela aurrera,
irisgarritasuna arlo guztietan landu behar dela
eta desgaitasuna duten pertsonak beti kontuan hartu behar direla.

FEVASek hainbat galdera egin zizkion
Pablo García Eusko Jaurlaritzako
Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitektura zuzendari
eta ISEK-Irisgarritasuna Sustatzeko Euskal Kontseiluko
ordezkariari.

Pablok azaldu zuen 20 urte hauetan Euskadin irisgarritasuna hobetu egin dela.
Lehen, arreta handiagoa jartzen zitzaion
irisgarritasun fisikoari.

Orain, irisgarritasun unibertsala lantzen da gehiago.
Irisgarritasun unibertsalak pertsona guztien
behar desberdinak hartzen ditu kontuan.

Esan zuen, halaber, garrantzitsua dela
Administrazioko profesionalak prestatzea
irisgarritasuna hobetzen jarraitzeko.

Jardunaldian gogorarazi zen oraindik lana egin behar dela
desgaitasuna duten pertsonen eskubideak
haien eguneroko bizitzan benetan bete daitezen.

 

FEVASek Gasteizen EDEKAk antolatutako “Desgaitasuna duten Pertsonen Eskubideei buruzko Konbentzioaren 20 urte: eskubideak aitortzetik benetan baliatzera” jardunaldian parte hartu zuen atzo. Konbentzioak gaur arte ekarri duenaren balantzea egiteko eta egindako aurrerapenei eta oraindik egin gabe dauden erronkei buruz hausnartzeko topaketa izan zen.

Jardunaldia Bego Izara EDEKAko presidentearen eta Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburuaren hitzaldiekin hasi zen. Irekiera horren ondoren, esparru-mahaia egin zen Gregorio Saravia Giza Eskubideetarako eta Desgaitasunaren NBEren Hitzarmenerako CERMIko ordezkariarekin eta Mikel Mancisidor Arartekoarekin. Mahaiak Konbentzioaren benetako aplikazioaren inguruko lorpen eta erronka nagusiak kokatzeko aukera eman zuen.

Ondoren, jardunaldia hiru eremutan egituratu zen: bizimodu independentea (19. art.), justiziarako sarbidea eta legearen aurreko aitorpen berdina (12. eta 13. art.) eta irisgarritasun unibertsala (9. art.).

FEVASek eskubideak baliatzeko baldintza den irisgarritasunari eskainitako azken bloke horretan hartu zuen parte. Lucía Soria FEVASeko teknikariak aurkeztu zuen gaia, eta, garapen handia izan den arren, azkarrago, zeharka eta desgaitasuna duten pertsonak beti kontuan hartuta egin behar dela aurrera nabarmendu zuen.

FEVASek irisgarritasunaren arloko egoerari eta betetzeko dauden puntuei buruzko hainbat galdera egin zizkion Pablo García Astrain Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitektura zuzendari eta ISEK – Irisgarritasuna Sustatzeko Euskal Kontseiluko ordezkariari. Erantzunetan, García Astrainek Euskadin izandako aurrerapena errepasatu zuen, eta 20 urte hauetan batez ere irisgarritasun fisikoan oinarritutako ikuspegitik kontzepzio zabalagora, irisgarritasun unibertsalera, igaro dela adierazi zuen. Aurrean dituzten erronken artean, administrazioko profesionalen prestakuntza aurrera egiten jarraitzeko gakoetako bat dela nabarmendu zuen.

Jardunaldian agerian geratu zen Konbentzioak erabat indarrean dagoen esparrua izaten jarraitzen duela, eta, bi hamarkada hauetan aurrerapen handi eta esanguratsuak egin diren arren, oraindik bide luzea dagoela egiteko aitortzen dituen eskubideak praktikan eta desgaitasunen bat duten pertsonen eguneroko bizitzan gauza daitezen.

Artículos relacionados

FEVASek Gasteizen EDEKAk antolatutako “Desgaitasuna duten Pertsonen Eskubideei buruzko Konbentzioaren 20 urte: eskubideak aitortzetik benetan baliatzera” jardunaldian parte hartu zuen atzo. Konbentzioak gaur arte ekarri duenaren balantzea egiteko eta egindako aurrerapenei eta oraindik egin gabe dauden erronkei buruz hausnartzeko topaketa

FEVASetik kanpaina hau babesten dugu. Kanpainak aurreiritziei buruz gogoeta egitera gonbidatzen du, eta adimen- edo garapen-desgaitasuna duten pertsonek entzunak izateko eta euren erabakiak hartzeko duten eskubidea aldarrikatzen du.

Plena inclusión gure elkarte-mugimenduak modu positiboan baloratzen du Ministroen Kontseiluak Erregelamendua onartu izana; Erregelamendu horrek 2022an onartutako Irisgarritasun Kognitiboaren Legea garatzen du. Erregelamenduak aurrerapauso garrantzitsua dakar pertsona guztiek informazioa, inguruneak eta zerbitzuak ulertzeko eta autonomia handiagoz erabiltzeko duten eskubidea bermatzeko.

Harpidetu zaitez
gure Newsletterrera

Skip to content