FEVASek antolatu eta joan den abenduaren 2an, larunbatean, Bilboko Euskaduna Jauregian egin zen “Nahi dugun hezkuntza” izeneko familien topaketan, adimen-desgaitasuna, garun-paralisia edo autismoaren espektroko nahasmenduak dituzten ikasleen gurasoek hezkuntza-sisteman hobetu beharreko hainbat gai nabarmendu zituzten, besteak beste, familien eta hezkuntzako profesionalen arteko koordinazioa eta lankidetza. Josean Idotea FEVASeko presidenteak eta Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak inauguratutako ekitaldi horrek Apnabi-Autismo Bizkaiako, Aspace Bizkaiako, Aspace Gipuzkoako, Gautenako eta Gorabideko ia 40 senide elkartu zituen, Euskal Hezkuntza Sistemaren oztopoei buruz hausnartzeko eta hobetzeko aukerak identifikatzeko.
Topaketaren hasieran, FEVASeko presidenteak gogorarazi zuen “elkarte-mugimenduaren erronketako bat adimen- edo garapen-desgaitasuna duten pertsonen hezkuntza- eta gizarte-inklusioa dela, eta horrek lana eta konpromisoa eskatzen diela eragile guztiei”. Ildo horretan, Hezkuntza sailburuak esan zuen bere egiten duela FEVASen xedea, eta eskola inklusiboa funtsezkoa dela “pertsona guztiek euren bizi-proiektuak garatu ahal izango dituzten gizarte inklusiboa lortzeko”.
Bestalde, familiak hitz egiten hasi aurretik, Valeria Garcia-Landarte FEVASeko zuzendari-gerenteak, eta Eguzkiñe Etxabe Apnabi-Autismo Bizkaiaren Aldamiz ikastetxeko zuzendari eta FEVASeko Hezkuntza Arloko koordinatzaileak, egungo hezkuntza-testuingurua ulertzeko garrantzitsuak diren zenbait alderdi errepasatu zituzten: eskubideen esparrua, sisteman izandako aurrerapenak, lege- eta gizarte-aldaketak, etab.
Sarrera horren ondoren, familiek lau lantalde osatu zituzten (Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Bigarren Hezkuntza eta helduaroa), bi gaitan sakontzeko helburuarekin: alde batetik, adimen-desgaitasuna, garun-paralisia eta autismoaren espektroko nahasmenduak dituzten ikasleen inklusioa eta ikasketa eragozten dituzten oztopoak edo zailtasunak identifikatzea, eta, bestetik, hezkuntza-sistema hobetzen lagun dezaketen elementuak adieraztea.
Topaketa horren ondorioen artean, familiek ideia hauek azpimarratu dituzte: koordinazioa eta komunikazioa; haien parte hartzea hezkuntza-prozesuan; ikasleek komunitatearekin duten elkarreragina; plangintza eta jarraipena; profesionalen eta ikasleen sentsibilizazioa eta prestakuntza; irisgarritasun unibertsala; eta lan-mundura sartu arteko ibilbideen jarraipena.
FEVASek arlo horretan eman beharreko urratsak bideratzeko eta eragin politikoa eta soziala izateko balioko duen dokumentu batean bilduko ditu ekarpen guztiak.