Carlos Rueda, Arabako APDEMA elkartekoa eta FEVASeko Gure Ahotsa taldeko kidea aukeratu dute Plena inclusión-eko Adimen edo Garapen Desgaitasuna duten Pertsonen Plataformaren zuzendarikide izateko. Kargua Cristina Paredero madrildarrarekin partekatuko du. Partaidetza-organo hori, adimen edo garapen desgaitasuna duten Estatuko milaka pertsona ordezkatzen dituzten 22 pertsonak osatzen dute. Plataforma joan den irailean aurkeztu zen Toledon, eta bere helburu nagusiak eskubideak aldarrikatzea eta Plena inclusión elkarte-mugimenduaren erabakiak bideratzea dira.
Euskalduna ilusioz beteta dago bere rol berriarekin eta kolektibo osoari ikusgaitasuna ematearekin. “Badakigu zer erantzukizun izango ditugun karguan. Baina, aldi berean, harrotasuna eta pribilegioa da politikariekin eta erakundeekin hitz egin ahal izatea”. Gaineratu duenez, konpromiso osoa hartu nahi du, “gure kezkak entzutea, ikustea eta ulertzea nahi dudalako”.
Hautatu ondoren, Carlosek eskerrak eman dizkie bide horretan laguntzen ari zaizkion pertsona guztiei, bai lankideei, bai APDEMA, FEVAS eta Plena Inclusión taldeetako profesionalei. “Oso harro nago lortzen ari naizen guztiaz”, gaineratu du amaitzeko.
Bere aldetik, FEVASek oso positibotzat jo du izendapen hori, eta Carlosi zorte ona opa dio onartu duen erronka berri horretan.