Iker Ortolatxipi, Aspace Bizkaiako Antolakuntza Garapeneko arduraduna
Aspace Bizkaiako Berdintasun Planaren eta Eusko Jaurlaritzaren Kontzilia Modeloaren barruan sortu da UZTARTZEA, langileen kontziliazioa ordenatu, ebaluatu eta hobetzeko ekimena. Asmo handiko helburua du: kontziliazioaren kudeaketa sistematizatzea, egoeren eta behar pertsonalen aniztasunari erantzunez. Elkarrizketa honetan, Ortolatxipik azaltzen du zelan ari diren datuetan oinarritutako erabakiak hartzea ahalbidetzen duen sistema eraikitzen, kudeaketa aurreratuaren modeloarekin eta Erabateko Kalitatea modeloarekin lerrokatuta.
Zelan sortu da UZTARTZEA eta zertan datza proiektu hori?
Eusko Jaurlaritzaren Kontzilia Modeloa ezagutu genuen, eta ordurako egiten genuena ordenatzeko aukera gisa ikusi genuen. Kontuan izan behar da Aspace Bizkaian hirugarren Berdintasun Planean gaudela eta horri lotutako kontziliazio-neurri asko ditugula.
Bi zentrotan proba pilotu bat eginez hasi ginen, eta gero erakunde osora zabaldu dugu. Lehenik, langileek eskatutako baimenak zelan erregistratzen ziren aztertu genuen, eta ikusi genuen baimenen inguruan interpretazio desberdinak zeudela eta ez zirela modu homogeneoan biltzen. Horregatik, haiek eskatzeko online formularioa egin genuen, gure hitzarmenean jada bildutako baimenen zerrenda zehatzarekin. Horrela, informazioa modu bateratuan irakur dezakegu.
Gure Office 365 kudeaketa-tresnarekin egin dugu, Forms-eko formularioak eta datuak erabiltzeko, iragazteko eta aztertzeko aukera ematen duten Excel liburuak erabiliz.
Infografiak eta laguntza-materiala ere egin ditugu arduradunentzat. Lana erraztu gura izan diegu, teklatuz idatzi behar dutena gutxienera murrizten duten zerrenda zabalgarriak txertatuta.
Zer informazio sistematizatu da eta zelan biltzen da?
Sistemak langile bakoitzaren historikoa ikusteko aukera ematen du: zer baimen hartu dituen eta zenbat geratzen zaion hartzeko. Baimen-orri guztiak informazioa modu anonimizatuan biltzen duen liburu orokor batean integratzen dira. Hura aztertzeko ez zaigu izena interesatzen, generoa, profila, zentroa eta erabilitako baimen-motak baizik.
Ondoren, adin-iragazkia txertatu dugu, eta horrek ikuspegi horretatik kontziliazio-neurriak malgutzeko aukerak ikusteko eta belaunaldi-erreleboa lantzeko bide ematen digu.
Sistemak datuetan oinarritutako erabakiak hartzeko aukera ematen du, eta oso lerrokatuta dago kudeaketa aurreratuaren modeloarekin eta Erabateko Kalitatea modeloarekin. Bizi-kalitatearekin, familiako bizi-kalitatearekin, pertsonen kudeaketarekin eta berriztapenarekin erlazionatuta dago, orain arte ez baikenuen horrela lan egiten, ezta aldagai horiek txertatzen ere. Baliabide gutxirekin esparru askotan eragin dezakegu.
Zer erakusten dute kontziliazio-neurri erabilienei, horiek erabiltzen dituztenei eta kontziliatzeko orduan lanpostuen artean dauden aldeei buruzko datuek?
Oro har, gehien erabiltzen diren neurriak norberaren osasunarekin eta hurbilekoak zaintzearekin eta haiei laguntzearekin erlazionatuta daude; adibidez, ikastetxeko bileretara joatea edo gurasoei edo seme-alabei mediku-kontsultetara laguntzea.
Gainera, aldeak identifikatu ditugu zentroen artean, eta zeintzuk erabiltzen dituzten neurri gehiago. Etorkizunean, informazio hori beste aldagai batzuekin gurutzatu ahal izango dugu –zentro bakoitzeko erabiltzaileen profilarekin, adibidez–, eraginik duen ikusteko. Aztertu gura dugunaren arabera aldagaiak txerta ditzakegu. Orain profil bakoitzak zer neurri erabiltzen duen eta zentroka eta generoka zenbat eskatzen diren jakiteko datuak ditugu.
Lehen bereizita erregistratzen genituen eszedentziak eta lanaldi-murrizketak ere sisteman txertatu dira. Erantzunkidetasunari dagokionez, ikusten dugu emakumeak Aspace Bizkaiako langileen % 88,8 izan arren, lanaldi-murrizketen % 100 eurek eskatzen dituztela. Tresnak kontu horiek ikusgai egiteko aukera ematen du.
Zelan baloratzen dituzte langileek kontziliazio-neurriak eta zer alde daude lan-profilen artean?
Langileek kontziliazio-neurriak zelan hautematen dituzten jakiteko inkesta bat txertatu dugu; gaur egun neurri horiek berdinak dira guztientzat. Ikusi dugu arreta zuzeneko langileak direla gehien erabiltzen dituztenak, eta Aspace Bizkaiako talde handiena ere badirela. Haien balorazioa, ordea, negatiboagoa da. Kudeaketan gabiltzanok hobeto baloratzen dugu kontziliazioa, neurriak gutxiago erabiltzen baditugu ere.
Batez besteko asebetetzea 7,29koa da. Hobetzeko tartea dugu, baina kontuan izan behar dugu langileak inkestetan parte hartzea lortzea kostatzen ari zaigula. Anonimoak direla azaltzen badiegu ere, oraindik beldur apur bat dago eta parte-hartzea txikia da.
Orain Aspace Bizkaiako kontziliazioaren argazki hori izanda, zein dira hurrengo urratsak eta zer hobekuntza planteatzen dituzue?
Otsailean hasi ginen eta, urrira arte –lehen txostena aurkeztu dugunean–, puzzlea osatzen joan gara, sistemak funtzionatzen zuen ala ez egiaztatzeko. Baietz ikusi dugu.
Orain arte informazioa ordenatzeko balio izan digu. Datuak biltzen jarraitu gura dugu, ikuspegi zabalagoa izateko eta 2028rako aurreikusitako laugarren Berdintasun Planera kontziliazioari buruzko oinarri sendoarekin iristeko. Horrek ez du eragozten, arreta ematen diguten gaiak atzematen baditugu, haiek lantzen joatea.
Txostenak zabaltzea ere gura dugu argazki hori osatzeko, sistemak aldagai berriak txertatzeko eta analisian sakontzeko aukera ematen duelako.
Zer erronka planteatzen dituzue langileen kontziliazioan aurrera egiten jarraitzeko?
Egiten ditugun galderetako bat hauxe da: Malgutasuna sistematiza daiteke? Hau da, zelan txerta ditzakegu pertsona bakoitzaren egoerak eta behar desberdinak kontziliazio-sistema honetan? Oro har, elkarteak oso zurrunak gara, eta kontziliazioak justu kontrakoa eskatzen du.
Egiten dugun beste gogoeta bat da espezialistak garela artatzen ditugun pertsonengan zentratutako plangintzan, baina ez dugula laguntzak ematen dituztenekin aplikatzen. Ideia bera da. Uste dut hori egiteak langileen kidetasun-sentimendua, motibazioa eta ongizatea indartuko lituzkeela.
Kontziliazioaren ikuspegitik, oso kontuan izan behar dugun beste gai bat da zelan diseinatzen ditugun gure zerbitzuak Aspace Bizkaiako familien kontziliazioa errazteko. Gizarte gisa ere badugun erronka da.
Azken batean, kontziliazioaren kultura eraikitzen jarraitu behar dugu, bai langileentzat bai familientzat.

