Musika-tailerren proiektua sendotzen ari da, adimen-desgaitasuna, garun-paralisia eta autismoaren espektroko nahasmenduak dituzten pertsonek musikarekin esperimentatzeko, sormena garatzeko eta kulturarako eskubidea baliatzeko gune gisa.
Urriaren hasieran hasi da Musikazaleak proiektuaren hirugarren edizioa, Euskadiko Orkestrak FEVASekin lankidetzan sustatutako ekimena. Aurten FEVASeko 12 erakunde kideetako 45 pertsona ari dira parte hartzen, musikaren bidez sortzeko, adierazteko eta gozatzeko esperientzia partekatuz.
Tailerrak hiru hiritan egingo dira: Donostian, Euskadiko Orkestraren egoitzan; Bilbon, Juan Crisóstomo de Arriaga Kontserbatorioan; eta Gasteizen, Jesús Guridi Kontserbatorioan. Saioak Yamel Romero Musikanaiz zentroko kideak koordinatuko ditu, eta, beste behin ere, Euskadiko Orkestraren, Europako ARTIS+ proiektuaren eta ONCE Fundazioaren babesa izango dute.
Edizio berri hau betiko ilusio berarekin abiatu da, eta soinuak arakatzeko, musika-tresnekin esperimentatzeko eta beste pertsona batzuekin batera euren gaitasun artistikoak garatzeko aukera ematen die partaideei. Musikazaleak ekainean amaituko da, tailerretan egindako lana ikus-entzuleekin partekatzeko hiri bakoitzean emango den musika-erakustaldiarekin.
FEVASetik kulturarako eskubidea gauzatzen laguntzen duten eta musika sortzeko, adierazteko eta hartaz gozatzeko aukerak sortzen dituzten ekimenen alde egiten jarraitzen dugu.

