Skip links

EDEKAko erakundeek pandemiak urritasuna duten pertsonengan izan duen eraginari buruzko gogoeta egin dute

EDEKAk online Jardunaldia egin zuen ostiralean

pandemia honetan

urritasuna duten pertsonen eskubideei buruz hitzegiteko.

EDEKA, urritasuna duten pertsonen ordezkarien

euskal koordinakundea da.

 

Pandemia honetan

urritasuna duten pertsonek bizi-kalitatea galdu dute,

eta euren eskubide batzuek atzera egin dute.

Krisi honetan elkarteak oso garrantzitsuak izan dira,

lan asko egin dute urritasuna duten pertsonei laguntzeko.

 

Krisi  honetatik irteteko neurrietan

eurak kontuan hartzea eskatu diete elkarteek gobernuei.

 

Jardunaldiaren amaieran koronabirusaren ondorioz

hil diren pertsona guztiak ekarri dira gogora.

 

Joan den ostiralean, azaroaren 6an, EDEKAren Urteko Jardunaldia izan zen, oraingo honetan online formatura egokituta. “Urritasunen bat duten pertsonen eskubideak pandemia garaian” epigrafearekin, urritasunaren arloan lan egiten duten erakundeek, COVID-19ak kolektibo horretan duen eragin nabarmenari buruzko gogoeta egin zuten. Horrela, inaugurazio ekitaldian, Aitor Bedialauneta EDEKAko presidenteak krisi honek oztopo asko areagotu dituela azpimarratu zuen. Bestalde, Beatriz Ortolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak azaldu zuenez, Eusko Jaurlaritza egoera konplexuaz jabetuta dago, eta bere helburu nagusia inor atzean ez uztea da.

Luis Cayo CERMIko presidenteak “Pandemiak urritasuna duten pertsonen eskubideetan duen eragina” hitzaldiarekin hartu zuen parte; besteak beste, hezkuntzarako, osasunerako, bizitzarako edo enplegurako eskubidea murriztu da. Ondoren, EDEKAko kide diren erakundeetako ordezkariek testuinguru honi buruzko euren begirada eskaini zuten.

Mikel Malcorrak (ELKARTEAN) hasi zuen esku-hartzeen txanda, eta bizitza independentearen eta elkarlaneko gobernantzaren ereduak bultzatu beharrean jarri zuen arreta. Maria Ortizek (FEATECE), bizi-kalitateak atzera egin duela eta lehentasuna garuneko kaltea duten pertsonentzako euskal estrategiari eman behar zaiola esan zuen. Mari Jose Canok (FEDEAFES) azpimarratu zuenez, pandemiak isolamendua eta antsietate eta depresio koadroak areagotu ditu eta, gainera, osasun mentala bigarren mailan geratu da. Ohiko baliabideekin egungo beharrei erantzutea ezinezkoa dela azpimarratu zuen.

Montse Pierolak (FEVAPAS) eta Aitor Bedialaunetak (EUSKALGORRAK) eman zioten jarraipena partaidetza mahaiari, pertsona gorrek egunero dituzten komunikaziorako oztopoak azaltzeko, eta maskara gardenei buruz gehiago ikertzea eskatu zuten. Bego Izarrak (FEVASPACE) azpimarratu zuenez, pandemiak ikusezin bihurtu ditu berriro urritasunen bat duten pertsonak, eta krisi honek arriskuan jar dezake erakundeen iraunkortasuna. Valeria García-Landartek (FEVAS) pandemiak adimen edo garapen urritasuna duten pertsonengan eragin dituen ondorioak errepasatu zituen, eta gobernuek elkarteen sarea berreraikuntza prozesuaren barruan sartu behar dutela berretsi zuen. Partaidetza mahaia Rafael Ledesmarekin (ONCE) amaitu zen. Ledesmak beste hitzaldi batzuetan aipatutako ideia bat indartu zuen, erakundeak pandemia honetan betetzen ari diren lan handia eta talde-lana indartzeko beharra.

Jardunaldiaren amaieran, María José Canok azpimarratu zuenez egungo egoerak agerian utzi du urritasuna duten pertsonen kalteberatasuna, isolamendua eta ikusezintasuna, eta haien eskubideak eta bizi-kalitatea murriztu egin dira. Amaitzeko, oroitzapen berezia eskaini die hildako guztiei eta beraien familiei.

Artículos relacionados

Atzo, Gasteizko Artium Museoan, Sareen Sareak Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialaren Legearen bederatzigarren urteurrena ospatu zuen. FEVASek, sareen sare horretako kide aktibo gisa, Euskal Autonomia Erkidegoko hirugarren sektoreak politika publikoak eraikitzeko funtsezko eragile gisa duen zereginari balioa emateko balio izan zuen

Liburuaren Nazioarteko Eguna. Plena inclusión gure elkarte-mugimenduak #QueSeLeaFácil kanpaina abiarazi du. Sentsibilizazio-ekintza horretan, irakurketa errazaren bidez literaturako klasiko handietako literaturako pertsonaiek kultura irisgarriagoa eta inklusiboagoa eskatzen dute.

Hobetu beharreko alderdien artean kolektibo horri buruzko datu espezifikoen eskasia, arreta sistema integratuen falta eta osasun mentaleko langileak pertsona horien arretan trebatzeko beharra daude.

Harpidetu zaitez
gure Newsletterrera

Skip to content