Hori da Edekak (Desgaitasuna duten Pertsonen Ordezkarien Euskal Koordinakundea) Bilboko Bizkaia Aretoan atzo antolatu zuen “Adimen Artifizialaren Erronkak desgaitasuna duten pertsonen eskubideen babesean” jardunaldiaren ondorioetako bat. Gainera, nabarmendu zen beharrezkoa dela desgaitasuna duten pertsonak (ia biztanleriaren % 10a) kanpoan uzten ez dituzten teknologia erabilerrazak, etikoak eta inklusiboak garatzea.
Inaugurazio ekitaldian, Aitor Bedialauneta Edekako presidenteak azpimarratu zuenez, “desgaitasuna duten pertsonek protagonista eta parte aktiboa izan behar dute Adimen Artifizialean oinarritutako soluzioen garapenean”. Bestalde, Juan Ibarreche Bilboko Udaleko Gizarte Politiketako zinegotziak nabarmendu zuen teknologia eta gizatasuna eskutik joan behar direla. Amaia Antxustegi Bizkaiko Gizarte Ekintzako diputatuak AAren balioan jarri zuen arreta, eta zehaztu zuen modu inklusiboan eta erabilerrazean garatu behar dela, oztopo gehigarri bat izan ez dadin. Nerea Melgosa Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburuak eman zion amaiera alderdi instituzionalari, AAren potentziala nabarmenduz eta dakartzan zenbait erronka errepasatuz: etikoak, sozialak, datuen babesari buruzkoak, erabilerraztasunekoak, segurtasunekoak eta abar. Azpimarratu zuenez, “AAk desgaitasunak dituzten pertsonak babesteko arau-garapen argiak” eskatzen ditu.
Ondoren, “Adimen Artifizialaren eragina desgaitasuna duten pertsonen eskubideetan” izeneko esparru-txostena egin zen ONCE Fundazioko Virginia Carcedoren eskutik. AAn desgaitasunen bat duten pertsonen eskubideak bermatzeko hainbat proposamen zehaztu zituen, besteak beste: lege-zatiketa gainditzea; algoritmoak eta datu-bilketa arautzea desgaitasuna duten pertsonak sartzeko; modu integralean kudeatzea, erabilerraztasunean arreta jarrita; eta teknologia eskuratzeko laguntza ekonomikoa ematea.
Ekitaldia Adriana Martínezek (APTES) moderatutako mahai-inguruarekin amaitu zen. Bertan, Virginia Carcedok, Alberto José Fernándezek (Eusko Jaurlaritza), Iñaki Bartolomék (Ideable Solutions) eta Hannot Rodríguezek (EHU) hartu zuten parte, eta kontuan hartu beharreko hainbat gai azaleratu ziren: araudi argiaren erregulazioa; enpresa teknologikoek ikuspegi inklusiboa har dezaten pizgarriak sustatzea; erronka etikoak eta legalak; Hirugarren Sektoreak ondo egituratutako datuekin lan egiteko duen beharra, etab.
Jardunaldiak agerian utzi zuen Adimen Artifizialak teknologia gainditzen duela eta eraiki nahi dugun mundu eta gizarte motari buruzko eztabaida sakonagoa dakarrela.
Eusko Jaurlaritzak utzitako argazkia