Naiara Berasategi Sancho. Didaktika eta Eskola Antolakuntza Saila (Euskal Herriko Unibertsitatea). Haren ikerketa-lana gizarte- eta hezkuntza-inklusioan, egoera zaurgarrian dauden kolektiboetan, eta premia bereziak zein hezkuntza-laguntzakoak dituzten ikasleengan zentratzen da. KideON ikerketa-taldeko kide da.
Benetan inklusiboa izango den hezkuntza bermatzeko, eta adimen- edo garapen-desgaitasuna duten pertsonen bizitza heldurako eta enplegurako trantsizio eraginkorra ziurtatzeko, oraindik ere beren horretan dirauten erronkak aztertzen ditu Berasategik. Adituak eredu malguen, laguntza pertsonalizatuen eta hezkuntza-, gizarte- eta lan-sistemen arteko koordinazio handiagoaren alde egiten du.
Zer da KideOn? Nola ari da euskal hezkuntza inklusiboaren eredua hobetzeko lanean?
KideOn Eusko Jaurlaritzako ikerketa-talde finkatua da. 2018an sortu zen, Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleek gizarte- eta hezkuntza-inklusioaren esparruan gauzatutako lana —ikerketaren, berrikuntzaren eta transferentziaren bidez— batzeko eta bultzatzeko asmoz.
Inklusioarekiko eta ekitatearekiko konpromisoak eragile desberdinekin batera lankidetza-proiektu ugaritan parte hartzera eta haiek sustatzera garamatza. Esaterako, curriculum akademikoak eskuragarriago egiteko haien egokitzapenean lan egiten dugu, baita gaixotasun kroniko edo konplexuak dituzten ikasleen prestakuntza-prozesua hobetzen ere, osasun-, hezkuntza- eta gizarte-sareak artikulatzen dituen eredu bateratuagotik abiatuta; hori ikasle guztiengana heda daiteke.
Gaur egun, zein dira adimen- edo garapen-desgaitasuna duten ikasleentzat etengabeko prestakuntzari erantzuteak dakartzan erronka nagusiak, batez ere, hezkuntza-eremutik enplegu-eremurako trantsizio-unean?
Oraindik erronka estruktural ugari daude, eta trantsizio-unea bereziki kritikoa da, askotan nolabaiteko haustura ekartzen baitu antolatutako hezkuntza-laguntzen eta exijenteagoa eta oraindik ez hain inklusiboa den lan-merkatuaren artean. Etapa honetan laguntzak ez dira nahikoak. Eskolatik enplegura igarotzeko laguntza behar da —orientazioa, laneratze-bitartekaritza edo job coaching-a—, baina zerbitzu horiek ez daude beti eskuragarri, edo ez dira beti jarraituak.
Beste erronka bat hezkuntza-sistema eta lan-mundua elkarlotzean dago. Prestakuntza-ibilbide formatibo pertsonalizatu eta malguen eskaintza mugatua da. Etengabeko prestakuntzak erritmo, interes eta gaitasun askotarikoetara egokitu beharko luke, baina praktikan eredu estandarizatuek nagusitzen jarraitzen dute. Horrek desgaitasuna duten pertsonek etapa helduan prestakuntzan jarraitzea edo haien lanbide-profila birbideratzea zailtzen du.
Beste oztopo garrantzitsu bat lan-merkatuan jarrera eta antolaketa arloetako oztopoek irauteari dagokio. Enpresa askok desgaitasuna duten pertsonei buruzko aurreiritziekin jarraitzen dute, eta horrek enplegu inklusiborako aukerak mugatzen ditu. Horri lan-ingurune eskuragarrien eta arrazoizko doikuntzen falta gehitu behar zaio.
Gainera, politiken zatiketarekin eta erakundeen arteko koordinaziorekin erlazionatutako arazo bat dago. Hezkuntza-, gizarte- eta lan-eremuek modu integratu gabean funtzionatu ohi dute, eta horrek zaildu egiten du bizitza heldurako ibilbide koherenteak eraikitzea.
Azkenik, garrantzitsua da nabarmentzea desgaitasuna duten pertsonek euren prestakuntzari eta bizi-proiektuari buruzko erabakiak hartzeko orduan duten parte-hartze urria. Horrek agerian uzten du autodeterminazioa eta autonomia sustatzen jarraitu beharra.
Oro har, erronka nagusia babesean edo oinarrizko prestakuntzan zentratutako ereduetatik bizitza heldura bideratutako eredu inklusibo eta malguetara aurrera egitea da, eredu horietan etengabeko prestakuntzak, laguntza pertsonalizatuek eta sistemen arteko lankidetzak enplegu duin eta iraunkorrerako trantsizio eraginkorra erraztu dezaten.
Irakaskuntza-berrikuntzako proiektuetan duzun esperientziatik abiatuta, zein metodologia eta estrategiak frogatu dute eraginkorrenak direla bizitza osoko hezkuntza-inklusioaren eredua lantzeko?
Garrantzitsua da metodologia inklusiboak garatzen dituen pedagogia inklusibotik abiatzea. Horretarako, funtsezko zutabeetako bat ikasle guztien presentzia eta parte-hartzea bermatzea izango da, pertsona bakoitzaren arrakasta bilatuz. Funtsezkoa da dauden oztopoak identifikatzea eta bazterketa-egoeran dagoen ikasleengan arreta jartzea. Kultura eta politika mailan eta egiten ditugun praktiketan jardun behar da. Inklusioa eskubidea da, ez pribilegioa. Horregatik, pertsona guztiek, bizitzako etapa guztietan, esparru akademiko, sozial eta emozionalean garatzeko aukera izan dezatela bermatu behar da.
Gizarte demokratiko eta osasuntsu batean, hezkuntza inklusiboa da, edo ez da hezkuntza. Horregatik, errespetua, elkartasuna eta elkarren arteko laguntza bezalako balioak sustatzen dituzten testuinguru eta kultura inklusiboak sortu behar dira. Halaber, funtsezkoa da ikuspegi horrekin konprometitutako lidergoak bultzatzea, irakasleak prestatzea eta lan-, hezkuntza- eta gizarte-eremuen arteko koordinazioa hobetzea.
Metodologiei dagokienez, pertsonalizazio-printzipioari erantzun behar diote. Horretarako, garrantzitsua da material multimodalak erabiltzea eta irakaskuntza-ikaskuntza prozesuak ikasleen erritmo, estilo eta hezkuntza-premia desberdinetara egokitzea. Ikerketek diote metodologia aktibo eta kolaboratiboek —proiektuetan oinarritutako ikaskuntzak, zerbitzu-ikaskuntzak, proposamen dialogikoek edo DUAk, esaterako— ikaskuntza inklusiboagoak eraikitzea errazten dutela. Gainera, ikasleen aniztasunarekiko errespetua bermatzen dute.
Nola artikulatu beharko litzateke hezkuntza-sistemaren, hirugarren sektoreko erakundeen eta enpresa-ehunaren arteko lankidetza, desgaitasuna duten ikasleek aukeratutako bizitza independenterako eta bizi-proiektuetarako bideratutako prestakuntza-ibilbideak bermatzeko?
Pertsonan eta haren premietan zentratutako ikuspegitik artikulatu beharko litzateke, kontuan hartuta ez dagoela eredu bakarrik, pertsonak askotarikoak baitira. Horretarako, beharrezkoa da hezkuntza-, gizarte- eta osasun-sistemen artean elkarlotuta dagoen eredura aurrera egitea, hirugarren sektorearen eta enpresa-ehunaren lankidetza ere txertatuz.
Halaber, funtsezkoa da inplikatutako eragile desberdinek parte hartzen duten tokiko mahai edo sare iraunkorrak sortzea. Espazio horiek helburuak definitzeko, ibilbide egokituak sortzeko eta trantsizio-prozesuetan porrotak saihesten dituzten jarraipen-sistemak ezartzeko balio beharko lukete. Hori erantzukizun politikoa eta berme unibertsala izan behar da, pertsona guztiek bizitza duinerako eskubidea izatea bermatuz.
Adimen- edo garapen-desgaitasuna duen ikasle bakoitzak elkarrekin eraikitako bizitza heldurako trantsizio-plan indibiduala izan beharko luke. Prozesu horretan funtsezkoa da ikasle beraren parte-hartzea, haren premia eta motibazioetatik abiatuta.
Zure doktore-tesia Bilboko ikastetxeetako aniztasun linguistiko eta kulturalean zentratu zen. Nola berma daiteke adimen-desgaitasuna duten pertsonek euskara ikastea, gaitasun pertsonal eta laboral gisa?
Hizkuntzen ikaskuntzan, unibertsaltasun, erabilerraztasun eta ikaskuntza multimodal eta esperientzialaren printzipioak aplikatu behar dira. Euskararako sarbidea ekitate eta gizarte arloko parte-hartze kontua ere bada; hori bermatzeak bazterketa bikoitza, desgaitasunagatik eta hizkuntzagatik, saihestea dakar. Horregatik, beharrezkoa da inguru, metodologia eta aukera inklusiboak diseinatzea, euskararen ikaskuntza modu esanguratsuan bermatzeko. Hizkuntza bizitza errealarekin lotzen denean, estrategia erabilerrazekin bermatzen denean eta testuinguru guztietan (hezkuntzan, gizartean, lanean) indartzen denean, oztopo izatetik inklusiorako eta autonomiarako tresna izatera pasatzen da.


