2009az geroztik, bi erakundeek adimen-desgaitasuna, garun-paralisia eta autismoa duten pertsonei musika hurbiltzeko aliantza finkatu dute, kultur esparruan sar daitezen bultzatzeko.
FEVAS eta Euskadiko Orkestra duela 15 urte hasi ziren elkarlanean, adimen- edo garapen-desgaitasuna duten pertsonen inklusioa eta kulturarako eskubidea sustatzeko. Harrezkero, Mikel Cañadaren (Euskadiko Orkestraren Hezkuntza Sailaren koordinatzailea) bultzadari esker eraikitzen joan den proiektu horretan, adimen- edo garapen-desgaitasuna duten 1.500 pertsona inguruk hartu dute parte.
Urtero programatzen diren jardueren artean, Orkestraren abonu-kontzertuetara eta entseguetara eta musika-tailer espezifikoetara joatea nabarmentzen da. Aurten, lankidetza hori sei tailerretan gauzatu da: maiatzaren 29an bi tailer Bilbon (Juan Crisostomo Arriaga kontserbatorioa); maiatzaren 30ean bi tailer Gasteizen (Jesus Guridi kontserbatorioa); eta maiatzaren 31n bi tailer Donostian (Euskadiko Orkestraren egoitza). Jarduera horrek eragin zuzena izan du musikaz gozatzeko eta hainbat instrumenturekin esperimentatzeko aukera izan duten adimen- edo garapen-desgaitasuna duten ehun pertsonengan. Oraingoan, Musikeneko Bitartekaritza, Kudeaketa eta Hedapen Kulturaleko Masterreko ikasleak ere inplikatu dira ekimenean.
FEVASek modu positiboan baloratzen du beste proiektu berritzaile batzuen ernamuina izan den esperientzia horren gaitasun eraldatzailea. Adibidez, 2017an Plena Inclusión Españak eta Orkestra Sinfonikoen Espainiako Elkarteak garatutako “Soinuen Mosaikoa”, eta 2017an Musikeneko Bitartekaritza, Kudeaketa eta Hedapen Musikaleko Masterreko ikasleek garatutako “Teknologia Musikal Irisgarria”. Azken horrek adimen- edo garapen-desgaitasuna duten pertsonek musikara iristeko dituzten oztopoak identifikatu zituen, bai eta Teknologia Irisgarriak horiek murrizten zenbateraino lagun dezakeen ere.