Skip links

Ilusioa hurrengo hauteskundeen aurrean

Maiatzaren 26an hauteskundeak daude.

Hauteskunde horiek bereziak dira,

hauteskunde legea aldatu egin delako.

Orain, adimen urritasuna duten pertsonek botoa eman dezakete.

Horregatik, urritasuna duten pertsonak eta elkarteak pozik daude.

 

José Antoniok eta Nataliak hauteskunde hauek nola bizi dituzten kontatu digute.

Orain arte botorik eman ez duten eta adimen urritasuna daukaten pertsonak dira.

Hauteskunde hauetan botoa eman behar dute.

José Antoniok eta Nataliak hauteskundeen aurrean ilusioz daudela diote.

Besteak bezalako herritarrak direla diote

eta eskubide berberak izan behar dituztela.

 

Botoa ematea garrantzitsua dela diote,

nork gobernatuko duen erabakitzeko

eta gauzak hobeto egiteko.

José Antoniok eta Nataliak diote alderdiek gehiago lagundu behar dietela

behar gehien dituzten pertsonei.

Alderdi politikoen programak

erraz ulertu behar direla ere esaten dute.

Euskadin, adimen urritasuna duten pertsona asko ilusioz beteta daude maiatzaren 26ari begira. Egun horretan, ala gura badute, Europar Legebiltzarrerako, Udaletarako eta Lurralde Historikoetako Batzar Nagusietarako hauteskundeetan botoa eman ahal izango dute. Hori da, adibidez, Jose Antonio Amorínen eta Natalia Orteren kasua. Joan den azaroan Senatuan Hauteskunde Araubide Orokorraren Lege Organikoaren erreforma onetsi ondoren, dagoeneko ez dute horri buruzko mugarik. Nataliak adierazi duenez, “oso pozik nago pertsona guztiek botoa eman ahal izango dutelako”, eta José Antoniok, “egun horren zain nago, ilusioz, eskubide berberak ditugun herritarrak garelako” esan du.

Pertsona horien boto eskubidea, Espainiako Estatuak Urritasuna duten Pertsonen Eskubideei buruzko NBEren Konbentzioa (29. artikulua) berretsi zuenetik adimen urritasuna duten pertsonen erakundeok erreibindikatu dugun eskaria da. Plena inclusión elkarte mugimendu osoak bultzatutako “Mi Voto Cuenta” kanpaina, besteak beste, ezinbestekoa izan da adimen urritasuna duten pertsonak kontzientziatzeko eta politikoengan eragina izateko, eskubide hori gauzatu ahal izatea legez aitortzeko.

Hori lortzeko bere hondar alea jarri zuen erakunde bat Fundación Tutelar Usoa izenekoa izan zen. 2015ean adimen urritasuna duten pertsonek osatutako lan taldea eratu zuen, AEFT (Asociación Española de Fundaciones Tutelares) izenekoarekin lankidetzan aritzeko, ahalmen juridikoa aldatzeko prozesua ulergarri egiteko proiektua aurrera eramateko. Taldeak beste kontzeptu juridiko batzuk ulertzeko biltzen jarraitu zuen eta, behin baino gehiagotan, boto eskubidea berreskuratzeko lan zailari ekin gura ziotenei laguntza eman zien. Zorionez, Fundazioaren babespean aritu diren Jose Antoniok eta Nataliak gestio horiek ez dituzte egin beharko; ez dute eskari bat aurkeztu beharko epaitegian, euren ahalmen juridikoa aldatzeko, ezta euren ahalmena egiaztatuko duten txosten medikoak eta juridikoak eskatu ere. Gainerako pertsonek bezala, egin beharko duten gauza bakarra, euren hautets-mahaira joatea eta aukeratutako kandidatura barruan duen gutun-azala bertan sartzea izango da.

Pertsona horientzat garrantzitsua da bizitza politikoan parte hartzea. “Botoa eman behar da, Gobernuan nor egongo den erabakitzeko eta gauzak hobeto egin daitezen”, adierazi du Jose Antoniok. Dagoeneko, pentsatuta du hautestontzian sartu behar duen paperaren kolorea. Natalia ere joango da botoa ematera, baina aurretik alternatiba politiko bakoitzak eskaintzen duena ezagutu nahi du, “aurretik, alderdi bakoitzak egin behar duenari buruzko informazioa jaso nahi dut”.

Xehetasun horiek ezagutzeko, biek ere irakurketa errazeko hauteskunde programak eskatzen dituzte. “Irudi gehiagorekin, ulertzeko errazak eta hizki handiekin”, esan du Jose Antoniok. Bere iritziz, garrantzitsua da, baita ere, hautets-mahaiak dauden tokiek irisgarritasun kognitiboaren irizpideak jarraitzea.

Puntu horiez aparte, biek ere argi dute zein alderdiri emango dioten euren konfiantza. Jose Antoniok “gizartearekin gehien inplikatzen denari eta behar gehien dituzten pertsonei gehien laguntzen dienari, alokairu sozialak jaitsi eta herritarrei laguntzeko prest dagoenari” eta, gehitu duenez, “alderdiek euren programetan esaten dutena betetzea” nahiko luke.

Hurrengo hauteskunde hitzorduaren zain, zerbait argi baldin badute, Nataliaren hitzetan, “alderdiek behar gehien duenari gehiago lagundu behar diotela” da. Ilusioa ez da faltako, azkenean euren herrialdearen etorkizuna erabaki ahal izango duten urritasun intelektualeko pertsona askorentzat historikoa izango den egunean.

Artículos relacionados

Musikazaleak, Euskadiko Orkestrak, FEVAS Plena Inclusión Euskadirekin lankidetzan bultzatu duen eta adimen-desgaitasuna, garuneko paralisia eta autismoaren espektroko nahasmenduak dituzten helduei zuzenduta dagoen musika tailerren proiektua da. Ekimena 2024ko urrian hasi zen, eta zortzi hilabetean gauzatu da Bilbon, Donostian eta Gasteizen.

FEVASek eta adimen- edo garapen-desgaitasunaren arloko Bizkaiko sei erakundek modu aktiboan hartzen dute parte Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatutako “Adiskidetza Digitalari buruzko 2027ko Plana” izenekoan. Ekimen horren helburua kolektibo jakin batzuei, adimen- edo garapen-desgaitasuna duten pertsonei, besteak beste, ingurune digitaletara iristea

Musikazaleak Euskadiko Orkestrak, FEVASekin lankidetzan, sustatutako proiektua da. Musika tailerren bidez desgaitasuna duten pertsonen kulturarako edo garapenerako eskubidea berrestea du helburu

Harpidetu zaitez
gure Newsletterrera

Skip to content