Skip links

Unibertsitatea hezkuntza inklusiboaren erronkaren aurrean

Granadako Unibertsitatearen azterlana

Granadako Unibertsitatearen azterlan batek
unibertsitateak etorkizuneko irakasleak
nola prestatzen dituen aztertu du.
Helburua hezkuntza inklusiboan
prestakuntza ona jasotzen duten
ala ez jakitea da.
Horretarako, azterlanak hauek aztertu ditu:

• Ikasketa-planak.
Ikasketa planak azaltzen du
zer ikasiko duzun unibertsitatean
titulu bat lortzeko.
Dauden irakasgai edo modulu guztiak
eta prestakuntzaren iraupena adierazten ditu.

• Irakaskuntza-gidak.
Gida horiek irakasgai bakoitza
nolakoa den azaltzen dute.

• Hezkuntza inklusiboari buruzko legeak.

Ikertzaileek ia 40 unibertsitatetako
dokumentuak aztertu zituzten.

Berrikuspena egin ondoren,
azterlanak erakusten du
egungo prestakuntzak
ez dituela behar bezala prestatzen
etorkizuneko irakasleak
hezkuntza inklusiboa eskaintzeko.

Hezkuntza-legeak

Legeek hezkuntza inklusiborako
eskubidea aitortzen dute.
Baina ez dute asko azaltzen
praktikara nola eraman.

Adibidez, gutxi hitz egiten dute
irisgarritasun unibertsalaz
eta Ikaskuntzarako Diseinu Unibertsalaz.
Ikaskuntzarako Diseinu Unibertsala
pertsona guztien beharrak
kontuan hartzen dituen
irakasteko modu bat da,
guztiek ikasi eta parte hartu ahal izan dezaten.

Zer gertatzen da unibertsitatean?

Ikasketa planek eta irakaskuntza gidek
garrantzi handia ematen diete
gai administratiboei
eta irakasgaien antolaketari.
Baina ikasgelan irakasteko
orientabide gutxi ematen dituzte.

Hezkuntza hitza ere
asko erabiltzen dute.
Baina hezkuntza inklusiboa egiteko moduari buruzko
adibide praktiko gutxi ematen dituzte.
Orain hezkuntza inklusiboari buruzko
ikerketa asko dago,
eta ez da ikasketa planetan jasotzen.
Horren ondorioz,
baliteke etorkizuneko irakasleak,
ikasleen aniztasunari
nola erantzun jakin gabe
iristea ikastetxeetara.

Zer falta da unibertsitatean?

Azterlanak dio gai batzuk
oso gutxi agertzen direla.
Adibidez:
• Irisgarritasuna.
• Ikaskuntza kooperatiboa.
• Metodologia aktiboak.
• Ikaskuntzarako Diseinu Unibertsala.
Gai horiek
dokumentu ofizialetan agertzen ez badira,
ez dago bermatuta
unibertsitateko ikasle guztiek
ikasiko dituztenik.

Gainera, desgaitasuna
eredu tradizionaletik
ikusten da oraindik ere.
Horrek esan nahi du
gehiago zentratzen dela desgaitasunean
pertsonarengan baino.
Azterlanak desgaitasunaren gizarte-ereduari
garrantzi handiagoa ematea proposatzen du.
Eredu horrek azaltzen du
oztopo asko gizartean daudela,
eta ez pertsonengan.

Hobetzeko ideia batzuk

Azterlanak hobetzeko ideia batzuk proposatzen ditu:
• Unibertsitateko ikasleei
hezkuntza inklusiboari buruzko
prestakuntza espezifikoagoa ematea.

• Unibertsitateko irakasleek hezkuntza inklusiboan
duten prestakuntza hobetzea.

• Ikasketa-planak eta
irakaskuntza-gidak aldatzea.

• Inklusioari, irisgarritasunari eta aniztasunarekiko arretari buruzko
gai gehiago sartzea.
• Ikastetxeekin eta gizarte-erakundeekin
lan gehiago egitea.

Laburbilduz

Unibertsitateak hobeto prestatu behar ditu
etorkizuneko irakasleak
hezkuntza inklusiboan
Garrantzitsua da
etorkizuneko irakasleek
prestakuntza ona izatea
ikasle guztien
eskubideak ziurtatzeko.

 

Granadako Unibertsitateak egindako azterlan batek etorkizuneko irakasleek hezkuntza inklusiboan izango duten unibertsitate-prestakuntza aztertu du

Plena inclusiónek antolatutako  “Evidencias para transformar el sistema educativo” mintegian, Granadako Unibertsitateko Esperanza Alcain Martínezek eta Alba María Hernández Sánchezek etorkizuneko irakasleek hezkuntza inklusiboan izango duten unibertsitateko prestakuntzari buruzko azterlan bat aurkeztu zuten. Lanak Haur Hezkuntzako Gradurako, Lehen Hezkuntzako Gradurako eta Irakasleen Prestakuntzako Masterrerako ikasketa-planetan eta irakaskuntza-gidetan eskainitako prestakuntza aztertzen du. Hezkuntza inklusiboaren arloko legeria ere aztertzen du, ikasketa horiek etorkizuneko irakasleak hezkuntza inklusiboa bermatzeko zenbateraino prestatzen dituzten egiaztatzeko.

Azterlana ikasketa planen, irakaskuntza giden eta legediaren analisi dokumental zabalean oinarritzen da. Guztira, Haur Hezkuntzako Gradua duten 40 unibertsitateren, Lehen Hezkuntzako Gradua duten 39ren eta Irakasleen Prestakuntzako Masterra duten 38ren dokumentuak aztertu ziren. Gainera, Haur Hezkuntzako Graduko 177 irakaskuntza-gida, Lehen Hezkuntzako Graduko 212 eta Masterreko 44 aztertu ziren.

Legeriari dagokionez, hezkuntzarako eskubidea Konstituzioan onartuta dago, eta Desgaitasuna duten Pertsonen Eskubideei buruzko NBEren Konbentzioak indartu egiten du. Hala ere, egileek adierazi dute arau-sakabanaketa handia dagoela hezkuntzako, unibertsitateko, estatuko, autonomiako eta nazioarteko legeriaren artean. Araudiak lege-oinarri garrantzitsua eskaintzen du eta inklusioaz hitz egiten du, baina zehaztasun pedagogiko eskasa erakusten du. Nekez agertzen da Ikaskuntzarako Diseinu Unibertsala edo irisgarritasun unibertsala bezalako kontzeptuei buruzko erreferentzia espliziturik.

Ikertzaileen iritziz, beharrezkoa da graduak eta graduondoak arautzen dituzten arauek argi eta garbi jasotzea inklusioa, desgaitasuna edo irisgarritasun unibertsala. Hezkuntzarako eskubidea araututa dago, baina ez da behar bezala zehazten zertan datzan hezkuntza inklusiborako eskubidea, oinarrizko eskubidea izan eta behar diren mekanismo guztiekin bermatu behar den arren.

Ikasketa-planen eta irakaskuntza-giden azterketa

Ikasketa-planen eta irakaskuntza-giden azterketak antzeko errealitatea erakusten du. Lehenengo ondorioa da garrantzi handia ematen diola egitura akademikoari eta administratiboari, eta ez dagoela oso bideratuta funtzionaltasunera eta irakaskuntza jardunbidera.

Bigarren ondorioa da “hezkuntza” bezalako hitzen presentzia masifikatuta dagoela eta erretorika instituzionalaren karga handia hautematen dela, baina aplikazio zehatz gutxi. Ebidentzia zientifikoak ia ez dira ageri ikasketa-planetan. Horrek kezka handia sortzen du: etorkizuneko irakasleek azaleko prestakuntza jasotzen badute, baliteke ikastetxera iristen direnean eredu argirik eta aniztasunari erantzuteko metodologia egokirik ez izatea.

Hezkuntza inklusiboa ezin da ekimen pertsonalen edo “maisu bakoitzak bere liburutxoa du” ezagunaren mende egon. Aniztasunari eman behar zaion erantzunak profesionalizazio-kontua izan behar du.

Beste ondorio garrantzitsu bat da printzipio pedagogikoak agertu, agertzen direla, baina askotan inklusiotik deskonektatuta. Metodologia aktiboak, ikaskuntza kooperatiboa edo Ikaskuntzarako Diseinu Unibertsala ez dira behar beste integratzen ikasle guztientzat pentsatutako hezkuntza-erantzunaren parte gisa. Irakasleek ustezko “normaltasun” batean pentsatuz diseinatzen ikasten badute, eredu tradizionala erreproduzitzen jarraituko dute.

Horren aurrean, hezkuntza inklusiboak hasieratik diseinatzea proposatzen du, ikasle guztiak bertan egon, parte hartu eta ikasi ahal izateko.

Laugarrenik, azterlanak erakusten du irakaskuntza-plan eta -gidetan ia ez direla agertzen irisgarritasuna, ikaskuntza kooperatiboa edo inklusioari lotutako metodologia aktiboak bezalako kontzeptuak. Ez agertze horrek ez du esan nahi nahitaez unibertsitateko irakasle batzuek eduki horiek euren eskoletan lantzen ez dituztenik. Baina dokumentu ofizialetan jasota ez badaude, ez dago prestakuntza hori eskaintzen duen bermerik.

Azken ondorioa da aniztasunarekiko hurbilketa partzial eta tradizionala dagoela, desgaitasunaren gizarte-eredurik gabe.

Egileek adierazi dute beharrezkoa dela “ispiluaren aurrean jartzea”, errealitate hori ezagutzea, eraldatzeko. Eta errealitatea da, ikerketaren arabera, egungo prestakuntza generikoa, eskasa, zatikatua eta eguneratugabea dela. Ez da zehazten DUAn dauden motibazio, ordezkaritza, ekintza eta adierazpen modu ugariak bermatzen dituen kultura edo jardunbiderik.

Irakasle berriak ikasgeletara iristen direnean, erabaki garrantzitsuak hartu behar dituzte, eta funtsezkoa da erabaki horiek printzipio inklusiboetan oinarrituko direla bermatuko duen prestakuntza izatea. Ikerketaren arabera, hori ez da behar bezala bermatzen egungo ikasketa-planetan eta irakaskuntza-gidetan.

Unibertsitatearen etorkizunerako jarduketa-ildoak

Lehenik eta behin, zeharkako espezializaziotik abiatutako prestakuntza proposatzen da, bai eta unibertsitateko irakasleen irakaskuntza-jardunari eta hezkuntza-esperientziari balioa emateko beharra ere.

Unibertsitateko irakasleak prestatzeko beharra ere nabarmentzen da. Etorkizuneko irakasleek prestakuntza egokia jaso dezaten, unibertsitatean irakasten dutenek hezkuntza inklusiboan ezagutza, esperientzia eta tresna eguneratuak izan behar dituzte.

Bigarrenik, irakaskuntza-gidak eta ikasketa-planak eraldatzea planteatzen da, sakonagoak eta argiagoak izan daitezen. Unibertsitateko ikasleek inklusioaren, irisgarritasunaren eta aniztasunari erantzutearen arloan urrats asko emanda irten beharko lukete unibertsitatetik.

Azkenik, ikertzaileek gogorarazi dute unibertsitatea ezin dela ikastetxeetatik eta gizarte erakundeetatik bereizita egon. Unibertsitatearen, eskolen eta hirugarren sektoreko erakundeen arteko lankidetza funtsezkoa da hasierako prestakuntza ikasgelen errealitatearekin eta ikasle guztien eskubideekin lotzeko.

Etorkizuneko irakasleen prestakuntza funtsezko pieza da hezkuntza-sistema eraldatzeko. Eta prestakuntza hori eskubideetan, ebidentzietan eta ikasle guztiekiko konpromisoan oinarritu behar da.

Mintegia (Plena inclusión)

https://www.youtube.com/watch?v=Yz1kILf-bFk

 

Artículos relacionados

Ana Belen Garcia, organista, pianista, kultura-bitartekaria eta Urnietako Lourdes Iriondo Musika Eskolako eta Donostiako Musika Hamabostaldiko Organo Zikloko zuzendaria. Interprete eta bitartekari ezagun honek inklusioak musika-hezkuntzan dituen erronkei eta adimen- edo garapen-desgaitasuna duten pertsonen kultura-eskubideak bermatzeko moduari buruzko gogoeta egiten

Granadako Unibertsitateak egindako azterlan batek etorkizuneko irakasleek hezkuntza inklusiboan izango duten unibertsitate-prestakuntza aztertu du
Plena inclusiónek antolatutako  “Evidencias para transformar el sistema educativo” mintegian, Granadako Unibertsitateko Esperanza Alcain Martínezek eta Alba María Hernández Sánchezek etorkizuneko irakasleek hezkuntza inklusiboan izango duten

Ainhoa Arias, profesora en un aula estable de GAUTENA. Esta asociación gestiona 22 aulas estables en Gipuzkoa. A partir de su experiencia con estudiantes con TEA, esta profesional considera que la tecnología es una herramienta clave para avanzar hacia una

Harpidetu zaitez
gure Newsletterrera

Skip to content