Skip links

“Bizi-interpretazioak laguntza-premia handiak dituzten pertsonen eskubideak bermatzen ditu”

Carmen Marquez elkarrizketatu dugu.
Carmenek eta beste pertsona batzuek BATA autismo elkartea sortu zuten.
Plena inclusióneko Etika Batzordeko kide ere bada.
Elkarrizketa honetan bizi-interpretazioaz hitz egiten du

Bizi-interpretazioak laguntza-premia handiak
eta komunikatzeko zailtasun handiak
dituzten pertsonei laguntzen die.

Bizi-interpretazioa
pertsona horiek zer nahi duten ulertzen saiatzen da.
Bere keinuen, begiraden eta emozioen
esanahia ulertzen saiatzen da.
Horrela, euren bizitzari buruzko erabakietan
euren borondatea eta eskubideak
kontuan hartzen direla berma daiteke.

Bizi-interpretazioari esker,
behar asko dituzten pertsonek
gehiago parte hartzen dute komunitatean.
Ongizatea sortzen dieten esperientziak
eskaintzen saiatzen da.

Askotan, desgaitasuna duen pertsona oso ondo ezagutzen duten profesionalek
egiten dute bizi-interpretazioa.
Senideek, boluntarioek eta desgaitasuna duen pertsona oso ondo ezagutzen duten
beste pertsona batzuek ere parte hartzen dute.
Denek taldean egiten dute lan
eta akordioak bilatzen dituzte desgaitasuna duen pertsonarentzat
erabakirik onenak hartzeko.
Horrela, euren nahiak eta eskubideak errespetatzen dituzte.

Bizi-interpretazioa egiten duten pertsonak

Pertsona horiek konfiantzazko harremana sortzen dute
desgaitasuna duen pertsonarekin.
Enpatiaz, errespetuz, sentsibilitatez
eta zintzotasunez jokatu behar dute.
Komunikazioari buruzko ezagutzak ere behar dituzte.
Gainera, informazioa erregistratu
eta interesdunekin partekatu behar dute.

Informazio gehiago:

Guía sobre la interpretación vital (Plena inclusión, 2024)

 

Carmen Márquez bere ibilbidean zehar hainbat funtzio bete dituen Autismo Bata elkartearen sortzaileetako bat da. Gainera, Plena Inclusióneko Zuzendarien Eskolako prestatzailea eta Plena Inclusióneko Etika Batzordeko kidea da.

Bizi-interpretazioaren helburua laguntza-premia handiak dituzten pertsonek euren nahiak eta erabakiak adierazi ahal izatea bermatzea da, euren eskubideak erabat gauzatuz eta komunitatean parte hartuz. Plena Inclusiónen Bizi-interpretazioari buruzko Gida izenekoaren egileetako batek, Carmen Marquezek, jardunbide horren gakoak, bizi-interpretearen rola eta planteatzen dituen erronka etikoak azaldu ditu elkarrizketa honetan.

Zer da bizi-interpretazioa eta zergatik sortu da gai horri buruzko gida bat prestatzeko beharra?

Bizi-interpretazioa pertsonekiko konpromiso etikotik sortzen da. Plena Inclusiónen eta INICOren Todos Somos Todas sareak egin zuen eta datu esanguratsu bat eman zuen azterlanaren ondorioz sortu zen: laguntza behar handiak zituzten pertsonen % 85ak ez zuen komunikatzeko inolako modurik. Haietako askok ez zekiten nola adierazi, eta zailtasun handiak zituzten ulertzeko.

Horregatik da hain garrantzitsua bizi-interpretazioa. Bizi-interpretea, behaketan eta beste pertsona baten interes, esperientzia, harreman eta lehentasunen ezagutza sakonean oinarrituta, pertsona horrek bere ekintzen, aurpegi-adierazpenen, soinuen edo beste adierazpide batzuen bidez komunikatu nahi duena ulertzen saiatzen den pertsona da. Bere zeregina hitzez komunikatu ahal izango balu esango lukeenari ahotsa jartzea da.

Bizi-interpretazioak herritartasun-konpromisoari ere erantzuten dio, pertsonek euren bizi-proiektuak gauzatzea eta gizartean bete-betean parte hartzea ahalbidetzen baitu. Azken batean, pertsonen duintasunarekin eta inor atzean ez uzteko erantzukizunarekin du zerikusia.

Zein dira bizi-interpretazio ona gauzatzeko gakoak?

Funtsezko gakoa pertsonaren eta bere bizitzaren historia ezagutzea da. Prozesuaren barruan, pertsona testuinguru desberdinetan eta bere inguruko pertsonen, berarekin esperientziak partekatu dituzten senideen, lagunen edo profesionalen, bidez ezagutzean datzan Ikerketa deritzogun fasea dago.

Bizi-interpretearen rola hartzen dutenek asko behatu behar dute pertsona hainbat egoeratan, ulertu egin behar dute eta berak ere uler gaitzan lagundu behar dute. Horretarako, garrantzitsua da gure lengoaia bere ulermen mailara egokitzea.

Beste funtsezko alderdi bat komunitatean parte hartzeko bideak irekitzea, ongizatea sortuko duten esperientziak erraztea eta erakundeetatik haratago harremanak ezartzen laguntzea da.

Erronketako bat pertsona baten borondatea haren lekua hartu gabe interpretatzea da. Nola ziurta dezakegu benetan errespetatzen direla haren erabakiak eta bizi proiektua?

Hori da bizi-interpretazioaren erantzukizun handienetakoa. Interpretearen funtzioa pertsonari ahotsa ematen ari zaiola ziurtatzea eta benetan zer nahi duen jakitea da. Horretarako, funtsezkoa da pertsona horretan “adituak” diren pertsonek osatutako taldea izatea: senideak, profesionalak, lagunak, boluntarioak… Horien guztien artean pertsona horrek une bakoitzean esan edo erabaki nahi duena adostea da helburua.

Adostasun horrek alborapenak saihesten eta subjektibotasuna murrizten laguntzen du, askotan gure irizpide edo sinesmenen arabera jokatzen baitugu. Talde bat izateak eta adostasunetik lan egiteak interpretazioa ondo egiten dela ziurtatzen du.

Zer eginkizun du bizi-interpretearen figurak eta zer gaitasun izan behar ditu?

Pertsona askok dagoeneko egiten dituzte bizi-interpretazio lanak, horretaz jabetu barik. Konfiantzazko lotura hori sortzeko funtsezkoak dira, beste bertute batzuen artean, enpatia, sentsibilitatea, zintzotasuna eta pertseberantzia, bizi-interpretearen lan ona errazten baitute.

Gidan irudi hori balioesten dugu, eta, batez ere, garrantzitsua da rol hori hartzen duten pertsonak kontziente izatea interpretazio bat egiten ari direla. Zorroztasunez egiteko beharra ere nabarmentzen da, etikatik eta konpromisotik abiatuta, betiere pertsonak nahi eta erabakitzen duena errespetatuz. Hori ez da beti erraza, batzuetan berarentzat onena dela uste dugunaren aurka joan daitekeelako.

Gainera, funtsezkoa da komunikazioarekin, kudeaketarekin eta erregulazio emozionalarekin erlazionatutako tresnak eta ezagutzak izatea, pertsonaren ezagutza zabaldu ahal izateko. Gidan bere sentsorialtasuna eta arlo emozionalarekin zerikusia duen guztia ezagutzeko tresnak agertzen dira.

Era berean, beharrezkoa da komunikazio tresnak ezagutzea, Komunikazio Sistema Handigarri eta Alternatiboak (KSHA) barne, bai eta pertsonarentzat atseginak diren sentsazioak eta estresa eragiten dioten egoerak identifikatzea ahalbidetuko duten baliabideak ere.

Bizi-interpretazioak informazioa erregistratzea eta sistematizatzea ere eskatzen du, bai eta erakundearen barruan eta harekin harremana duten pertsona guztien artean zabaltzea ere.

Bizi-interpretazioak dimentsio etiko handia du. Zein dira sor daitezkeen dilema nagusiak?

Dilema asko ager daitezke. Kontuan izan behar da bizi-interpretazioak laguntza-premia gehien dituzten pertsonen eskubideak bermatzen dituela, eta zeregin hori paternalismorik eta joera subjektiborik gabe betetzeak zintzotasuna, apaltasuna eta konpromiso etiko sendoa eskatzen ditu.

Gainera, pertsonaren inguruan familiak eta erreferentziazko beste pertsona batzuk daude, eta baliteke erabaki jakin batzuk ez partekatzea edo egokitzat ez jotzea. Horrek egoera konplexuak sor ditzake, eta horiei aurre egin behar zaie.

Horri dagokionez, bizi-interpreteak bitartekaritza-lana ere egiten du. Batzuetan, beharrezkoa da pertsonari ulertzen laguntzea interes edo erabaki batzuk agian ez direla egokiak une jakin batean, edo ondorioak izan ditzaketela berarentzat edo beste pertsona batzuentzat.

Horregatik dira hain garrantzitsuak talde-lana eta adostasunak bilatzea dilema horiei aurre egiteko orduan.

Nondik hasi beharko luke bizi-interpretazioa era sistematikoan txertatu nahi duen erakunde batek?

Erakunde bakoitzak bere testuingurura, egiturara, balioetara eta lan egiteko modura egokitu behar du bizi-interpretazioa. Gidak ez du esaten zer egin, nola egin baizik. Lehen urratsa laguntza-behar handiak dituzten pertsonak identifikatzea litzateke; pertsona horientzat, bizi-interprete bat izateak aldaketa esanguratsua eta benetan behar dutena eragin dezake haien bizitzan.

Egokiena pertsonak berak bere interpretea aukeratu ahal izatea da. Kasu askotan, figura hori berez existitzen da, erakundeko profesional batekin konfiantzazko harreman berezia duelako eta harekin hobeto komunikatzen delako. Hori gertatzen ez denean, beharrezkoa da rol hori nork har dezakeen baloratzea.

Ondoren, bizi-interpreteak adostasun-talde bat sortu beharko luke, pertsonak parte hartzen duen hainbat testuingurutan behaketa osatzeko.

Gainera, garrantzitsua da figura horren funtzioak jasoko dituzten protokoloak edo prozedurak definitzea. Bizi-interpretazioak aldaketak eskatzen ditu erakundearen funtzionamenduan, denbora eman behar baita pertsonarekin egoteko, aukerak eskaintzeko eta une oro berarekin egoteko.

Era berean, komeni da erabiliko diren tresnak eta jarraipena, laguntza eta informazioaren hedapena sistematizatzeko modua protokolizatzea.

Informazio gehiago:

Guía sobre la interpretación vital (Plena inclusión, 2024)

 

Artículos relacionados

Gure Plena inclusión elkarte-mugimenduak “Eta zu non zaude?” kanpaina abiarazi du. Ekimen horrek euren bizitzari eragiten dieten erabakietan parte hartzera, euren erakundeetan inplikatzera eta gizartean gero eta rol aktiboagoa hartzera gonbidatzen ditu adimen- eta garapen-desgaitasuna duten pertsonak.

Irune Martínez de Apellániz, APDEMAko eztabaida taldeko kideak; Rodrigo González autokudeatzaileen programako arduradun eta proiektu teknikariak; eta Adrián Fernández taldeko prestatzaileak, Adimen-desgaitasuna duten Pertsonentzako Espainiako Nik iritzia dut Eztabaida Ligaren seigarren edizioan parte hartzearen esperientzia nola bizi izan duten partekatu

Carmen Marquezi elkarrizketa. Bizi-interpretazioaren helburua laguntza-premia handiak dituzten pertsonek euren nahiak eta erabakiak adierazi ahal izatea bermatzea da, euren eskubideak erabat gauzatuz eta komunitatean parte hartuz.

Harpidetu zaitez
gure Newsletterrera

Skip to content