Skip links

Neba-arrebek elkarteetan duten parte-hartzea indartzea proposatu dute

FEVAS Plena inclusión Euskadik 3 online bilera antolatu ditu
adimen- edo garapen-desgaitasuna duten pertsonen
neba-arrebekin, eta koinatu-koinatekin.
Bilera horietan 5 elkartetako
18 pertsonak hartu dute parte.

Zure iritzia dokumentu honetan jaso da:

Pertsona horiek hiru gairi buruz hitz egin dute:

1. Elkarteen zeregina
Bileretan parte hartu zuten pertsonek
esan zuten elkarteek laguntza emozionala,
lasaitasuna eta ordezkaritza soziala eskaintzen dituztela.
Hobetzeko proposamenak ere egin zituzten.

Adibidez:
• Neba-arreba eta koinatu-koinata gehiagok parte hartzeko espazioak sortzea.
• Familienganako komunikazioa hobetzea.
• Familia eta lana uztartzen laguntzea.
• Administrazio publikoekin gehiago hitz egitea,
desgaitasuna duten pertsonen eskubideak aldarrikatzeko.

2. Belaunaldien arteko erreleboa
Belaunaldien arteko erreleboa gertatzen da
familiako beste pertsona batzuk, adibidez neba-arrebak,
hasten direnean desgaitasuna duen pertsona zaintzen.

Neba-arrebek esan zuten aldaketa horrek
kezka handia eragin dezakeela.
Batzuetan zaila da desgaitasuna duen
neba-arreba zaintzeko erantzukizuna hartzea.
Horregatik, esan zuten garrantzitsua dela
neba-arreba taldeak sortzea.
Talde horietan euren esperientziei buruz
hitz egin dezakete, eta batak besteari lagundu.

3. Gazteen parte-hartzea elkarteetan
Gizartea asko aldatu da
eta orain pertsonak ez dira hainbeste inplikatzen elkarteetan.
Hori aldatzeko elkarteek
gauza batzuk egin ditzaketela esan zuten.

Adibidez:
• Familia osoak parte har dezakeen jarduerak egitea,
baita seme-alaba txikiek ere.
• Elkarteetan familiei egiten zaien harrera hobetzea.
• Sare sozialak erabiltzea hobeto komunikatzeko.
• Neba-arrebak gizartea sentsibilizatzeko jardueretan
parte hartzera animatzea.

FEVASek uste du neba-arreben eta koinatu-koinaten
parte-hartzea oso garrantzitsua dela.
Haien iritziak eta esperientziak elkarteak hobetzen
eta gizarte hobea eraikitzen laguntzen dute.

FEVASek hiru online saio egin ditu berriki adimen- edo garapen-desgaitasuna duten pertsonen neba-arrebekin eta koinatu-koinatekin, Plena Inclusión Españak sustatutako parte-hartze prozesuaren esparruan. Topaketa horietan bost erakundetako (Apnabi-Autismo Bizkaia, Aspace Gipuzkoa, Atzegi, Gaude eta Gorabide) 18 senidek hartu zuten parte, eta erakundeen eginkizunari, familietan belaunaldien arteko erreleboari eta familia gazteak elkarte-bizitzara erakartzeko moduari buruz hausnartu zuten. Bere ekarpenak FEVASen webgunean eskuragarri dagoen dokumentu batean jaso dira.

Erakundeek familiei eskaintzen dietenari dagokionez, parte-hartzaileek babes emozionala, lasaitasuna eta ordezkaritza soziala nabarmendu zituzten, bereziki baliotsuak diren alderdi gisa. Proposatutako hobekuntza-proposamenen artean hauen beharra azpimarratu zuten:

• Neba-arrebentzat eta koinatu-koinatentzat parte hartzeko gune espezifiko gehiago sortzea.
• Familiekin komunikatzeko bideak indartzea.
• Familia eta lana bateragarri egitea erraztuko duten neurriak sustatzea.
• Erakundeen jasangarritasuna ziurtatzea.
• Administrazio publikoen aurreko eragina bultzatzea.

Belaunaldien arteko erreleboari dagokionez, neba-arrebek adierazi zuten kezkatuta daudela desgaitasunen bat duen senidea zaintzeak dakarren karga emozionalarengatik eta aldaketa pertsonalengatik. Testuinguru horretan, neba-arrebentzako talde espezifikoak sortzea proposatu zuten, bizipenak eta esperientziak partekatzeko, elkarri laguntzeko bide gisa.

Senide gazteak elkarte-mugimendura erakartzeko moduari dagokionez, elkarte askoren lehen urteetako aktibismoak behera egin duela onartu zen, neurri batean elkartegintza bultzatzen ez duten gizarte-aldaketen ondorioz. Joera horri buelta emateko, hau proposatu zuten:

• Familia osoa inplikatzeko jarduerak antolatzea, txikitatik.
• Erakundeetan harrera-prozesuak hobetzea.
• Komunikazio-bide berriak erabiltzea, hala nola sare sozialak eta bideoak.
• Ahal den neurrian, neba-arreben inplikazioa sustatzea hezkuntza- eta osasun-inguruneetako sentsibilizazio-ekintzetan.

FEVAS Plena inclusión Euskadin uste dugu neba-arreben eta koinatu-koinaten parte hartzea funtsezkoa dela gure elkarte mugimendua indartzeko. Beraien ikuspegia funtsezkoa da etorkizuneko erronkei aurre egiteko eta gizarte inklusiboagorantz aurrera egiteko prestatuago egongo diren erakundeak eraikitzeko.

Deskargatu dokumentu osoa: “Neba-arreben begirada”

Artículos relacionados

Gaude elkarteko lau lagunek eta Carlos Ruedak (Apdema), FEVAS Plena inclusión Euskadiko ordezkari gisa Plena inclusiónen desgaitasuna duten pertsonen plataforman, Plena inclusiónek urriaren 3tik 5era Valentzian antolatutako estatu mailako “Con Voz Propia” topaketan hartu dute parte.

Plena inclusiónek egindako ikerketa baten arabera, adimen-desgaitasuna duten hamar pertsonatik seik ez dituzte albisteak ulertzen. Emaitzak “Adimen-desgaitasuna duten pertsonen informaziorako sarbidea: urratutako eskubidea” online mintegian aurkeztu ziren.

Plena inclusión Españak Jardunbide Egokien Estatuko beste topaketa bat egingo du “Prácticas con impacto” lelopean. Hitzordua Sevillan izango da, 2025eko azaroaren 6an eta 7an, eta inklusioarekin konpromisoa duten entitate eta erakundeak bilduko ditu.

Harpidetu zaitez
gure Newsletterrera

Skip to content