Amaia Lopetegui Gautenako zuzendariak FEVAS elkarte-mugimenduaren ordezkari gisa hartu du parte Eusko Jaurlaritzak azaroaren 15ean eta 16an Donostiako Tabakaleran antolatutako “Zainketen aldeko Euskal Ituna eraikitzen” kongresuan. Saioetako batean, Lopeteguik eta UNICEF, Sareen Sarea, EAPN Euskadi eta Bizkaiko Adinekoen Kontseilua elkarteetako ordezkariek, Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialak zainketen arloan egiten duen ekarpen garrantzitsuan sakondu dute.
Bere esku-hartzean, Gautenako zuzendariak FEVAS elkarte-sareak Gizarte Zerbitzuen Sistemari egiten dion ekarpen garrantzitsua azpimarratu du; izan ere, haren lana funtsezkoa izan da Eskubideen eta Bizi Kalitatearen Ereduak sendotzeko eta adimen- edo garapen-desgaitasuna duten pertsonei laguntzak emateko, eta horiek osatzen dituzten elementu bereizgarriak babestearen garrantzia azpimarratu du. Bestalde, adimen- edo garapen-desgaitasuna duten pertsonek eta haien familiek erakundeek eskaintzen dituzten programak, zerbitzuak eta laguntzak diseinatzean eta gauzatzean duten protagonismoan jarri du arreta; berezitasun horrek definitzen du FEVAS elkarte-sarea, eta aintzatetsi eta finkatu egin behar da.
Era berean, Lopeteguik desgaitasunak familien baitan duen eragina nabarmendu du, gehiegizko esfortzu ekonomikoari, zaintzari eta lan-aukeren galerari dagokienez. Errealitate horrek berariazko baliabideak eskatzen ditu, besteak beste, Familiei Laguntzeko Zerbitzuak Zorroan sartzea.
Laburbilduz, zaintza-eredu publiko eta komunitariorako bidean mugarri izatea bilatzen duen kongresu honetan FEVAS Plena Inclusión Euskadik bi gai azpimarratu ditu: alde batetik, familiak, haiek dituzten premiak eta gizartea eraldatzeko duten eginkizuna kontuan izanda, eta, bestetik, lehen aipatutako Ereduekin koherentea izango den eta pertsona bakoitzarengan zentratutako laguntzak eraldatuko dituen sistema jasangarria finkatzen aurrera egiteko beharra.