Lankidetza horren esparruan, joan den ekainaren 17an FEVASek irisgarritasun kognitiboari buruzko prestakuntza eman zien kultur arloko profesionalei Bilboko Itsasmuseumean. Saioan pertsona guztientzako kultura inklusiboagoa eta irisgarriagoa eraikitzeko konpromisoa duten hainbat erakundetako 28 pertsonak hartu zuten parte.
Jardunaldiak inklusio kulturala lortzeko erronka handienetako batean jarri zuen arreta: pertsona guztiak sartu, gozatu eta parte hartu ahal izatea, ikus-entzule edo eduki kulturalaren sortzaile gisa.
Prestakuntzan funtsezko alderdiak jorratu ziren, hala nola irisgarritasun kognitiboaren kontzeptua eta testuinguru kulturalean duen aplikazio praktikoa. Azaldu zenez, irisgarritasun horrek ez du soilik Irakurketa Errazeko materialak erabiltzea eskatzen, baita pertsonen orientazioa eta joan-etorriak erraztuko dituzten espazioak diseinatzea ere. Gainera, azpimarratu zen garrantzitsua dela kultur espazioetan lan egiten duten langileek adimen-desgaitasuna, garuneko paralisia eta autismoaren espektroko nahasmenduak dituzten pertsonak artatzeko prestakuntza espezifikoa izatea.
Parte hartu zuten erakundeen artean hauek egon ziren: Itsasmuseuma, Urduñako Hiria Museoa, Euskararen Etxea, Txakolin Museoa, Gernikako Bakearen Museoa, Arriaga Antzokia, Arrantzaleen Museoa, Euskal Herria Museoa, Arkeologia Museoa, Durangoko Arte eta Historia Museoa eta Rekalde Aretoa.
Prestakuntza FEVASen eta kultura irisgarriagoa, askotarikoagoa eta eraldatzaileagoa sustatzeko kultur programatzaileak gizarte erakundeekin konektatzen dituen Gertu Kulturaren arteko lankidetzaren barruan dago. Lankidetza hori adimen-desgaitasuna duten pertsonek kulturaren arloan dituzten beharrak ikusarazteko eta horiei erantzuteko hainbat ekintzatan gauzatu da: behar horiek partekatzeko eta ulertzeko bilera espezifikoak; parte-hartzea BBK aretoan plataforma Bizkaian aurkezteko jardunaldian egindako mahai-inguruan; eta, azkenik, prestakuntza horren garapena.
FEVASek oso modu positiboan baloratu du kultur sektoreak pertsona guztientzako kultura irisgarri eta inklusiborantz aurrera egiteko duen konpromisoa.